Natalia Salazar Orbe
Hogei etxegabe hil dira Bizkaian azken hamar urteetan. Kalean, kutxazainen batean edota abandonatutako etxeren batean aurkitu dituzte. Etxegabeei babesa emateko Beste Bi plataformak gogoan izan ditu horiek guztiak, eta hamar urtetako ibilbideari buruzko hausnarketa egin du. Garrantzitsua da gogoraraztea pertsona horiek edozein herritar bezalakoak direla. Hala uste du Joseba Gaya plataformako kideak: “Izena, familia eta bizipen batzuk izan dituzten pertsonak dira. Inportantea da hildakoari izena ipintzea, eta jendeari bere zaletasunak kontatzea. Gainerakoan, kaleko altzari gisa ikusten ditugu”.
Bizkaian mila pertsona inguru bizi dira etxerik gabe; eta hirurehundik gora, Bilbon. Gehienak gizonezkoak dira: %80 baino gehiago. Horrek ez du esan nahi emakumerik ez dagoenik. “Uste dugu emakumeek lehenago eskatzen dutela laguntza”. Bestalde, prostituzioak ezkutatu egiten du, nolabait, emakumeen etxegabetasuna. “Guregana jotzen dutenean, andreok lur jota egoten dira. Oso egoera latzak bizi izan dituzte”.
Gizonezkoen ia erdiak atzerritarrak dira. Oso egoera desberdinetan iristen zaizkie, baina badute ezaugarri komun bat: “Laguntza sarerik ez dute. Bakarrik daude, eta zailtasun handiak dituzte bizitzak dakarrenari aurre egiteko”.
Hamar urtean aldatu da administrazioak etxegabeen aferari heltzeko modua. Baliabide gehiago bideratzen dituzte arazoari konponbidea emate aldera. Baina bistakoa da ez direla nahikoa. Datuek hala adierazten dute: “Oso gutxi murriztu da etxegabeen kopurua”.
Izan ere, laguntzak gehitu arren, horiek eskuratzeko zailtasunak ere areagotu egin dira. “Zulotik ateratzeko behar diren gutxieneko berme horietara iristeko zailtasun handiagoak jarri dituzte. Esaterako, oinarrizko errenta kobratzeko eskatzen dituzten baldintzak eta epeak handiagoak dira”.
Etxegabeek osasun arloan pairatu dituzten murrizketak ere ekarri ditu gogora. “Errolda agiria ez duenak ez du Osakidetzan behar bezala artatua izateko bermerik. Lehen, osasun arreta unibertsala geneukan; orain, ez”.
Etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak ere areagotu egin dira. “Hainbat politika jarri dira martxan. Alde batetik, badirudi legeak diona ondo dagoela. Baina lege horiek dekretu bidez garatzen direnean, barneratzen dituzten zehaztapenek gero eta zailtasun gehiago jartzen dizkiete pertsona guztiei. Eta okerren dauden pertsonentzat are okerragoa da egoera”.
Burokrazia da egoera horretan dauden pertsonek zeharkatu behar duten oztopo handietako bat. “Errenta aitorpena egiteko ez digute inolako oztoporik jartzen; etxera eginda bidaltzen digute sarri. Eta hori ere administrazioak egiten du. Beste gauza batzuetarako gero eta tramite zailagoak jartzen ari dira”.
Arazoa egiturazkoa dena, hor zalantzarik ez du Beste Bi plataformak. Hala, egoerari aurre egiteko, hainbat politika arlo uztartuko dituen estrategia bat behar dela uste du. “Estrategia horrek pertsonak izan behar ditu ardatz. Aukerak bilatu behar ditu pertsonengan eta pertsonentzat. Besteak beste, etxebizitza politika pertsonengan zentratu behar da, ez lobby ekonomikoetan”.
Sinetsita daude duintasunez bizi ahal izateko oinarrizko diru-sarrerak bermatu behar zaizkiela herritar guztiei. Baita pertsona guztiei eman behar zaizkiela ere aukerak. “Administrazioak beste prestakuntza politika batzuk jarri behar ditu martxan, eta enplegurako aukera gehiago garatu, pertsona guztiek aukera izateko”.
Plan berezi bat aldarrikatu dute. Pozik daude etxegabeen afera politikarien agendatan jaso dutelako bederen. “Jakitun dira etxegabeak ez direla desagertzen, eta zerbait egin behar dela egoerarekin, osotasunean”.
Bidea zaila eta luzea izango da. Azkenaldiko politikek aldaketa nabaririk ez dute erakusten, gainera. “Nahiz eta krisi gogor batetik pasatu, eta argi izan gauzak beste era batera egin behar direla, ez da ikusten aldaketa handirik. Martxan jarri diren politika berriak lehengo ildotik doaz”.
Kaleko bizimodu latza
Eguneroko latzari egin behar diote aurre kalean bizi diren pertsonek. Lo egiteko leku lasai baten bila ibiltzen dira asko. Ibilian ematen dituzte egunak beste zenbaitek. Eguneko zentroetara joaten denik ere bada. Eta gehienek jantoki sozialetara jotzen dute bazkaltzera. Leku batean errotzeko zailtasuna da nagusi haiengan. Parte hartzeko espazioak bilatu gura dizkie Beste Bik pertsona horiei, “beraiek ere beren egoeraz jabetu eta ardura har dezaten. Euren ahotsa entzun dadin, eta euren iritziak eman ditzaten”.
Txus, Maria Jose, Mikel, Vanesa, Jontxu,… Beste Bi sortu zenetik gaur egunera kalean hildako hogei etxegabeetako batzuk besterik ez dira. Plataformak lanean jarraituko du zerrenda luze horretan izen gehiago sartu behar ez izateko.