Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboko Vista Alegre zezen plaza gain behera doa. Nabarmen azken bi urteetan. 2013ra arte kontu ekonomikoak irabaziekin ixten bazituen ere, hurrengo urtetik aurrera galerak ekarri ditu urteko balantzeak. Abiadura handia hartu du beherakadak, gainera. Aspaldiko sasoi onetatik urrun, ia 75.000 euroren irabaziak izan zituen zezen plazak duela hiru urte. Hurrengo urtean, ia 15.000 euroren galerak; eta, iaz, 153.350 euro ingurukoak.
Joerak atzera bueltarik gabekoa dirudi, eta Vista Alegreko Administrazio Batzordeak alarma piztu du. Azken bi urteetako emaitza txarrak aurreko urteetan pilatutako diruarekin ordaindu diren arren, kutxan gordetakoa amaitzen ari da. Zerbait pentsatu beharra dago.
Erabilera berriak behar ditu plazak. Horretan ados daude guztiak: bai Vista Alegreko Administrazio Batzordeko kideak eta bai udal talde guztietako ordezkariak. Kontuan hartu behar da Vista Alegreren jabetza erdia Bilboko Udalarena dela, eta beste erdia Miserikordiarena. Aldi berean, udalak du Miserikordiaren jabegoaren %50.
Zezenketak bai ala ez
Denak datoz bat zezen plazak zezenketak ez diren jarduerak hartu behar dituela. Baina udal talde batzuek uste dute zezenketak bertan behera uzteko baliatu behar dela momentua, eta beste batzuk ez daude zezenketak kentzeko prest; ez dute gai hori eztabaidaren mahaira eraman ere egin nahi. Jarrera kontrajarriak agerian geratu dira Ricardo Barkala Espazio Publikoaren Erabilerarako zinegotziak udaletxean alderdietako ordezkariei azalpenak emateko egindako batzordean. Vista Alegreko administratzailea ere bada Barkala, eta erakundearen azken bilerari buruzko informazioa emateko egin du agerraldia. Zezen plazaren kudeatzaileak bestelako ekitaldiak egiteko aukera aztertzen ari direla jakinarazi du Barkalak. Hainbat enpresarirekin harremanetan daudela eta plazara zezenketak ez diren beste ekitaldi batzuk eramaten saiatzen ari direla.
Ez dela erraza aitortu du, hala ere. Azpiegituraren beraren egiturak mugak dituela zenbait jarduera erakartzeko. Luis Egiluz PPren ordezkariak gaineratu du beste arrazoi bat: Bilbon eta inguruan badira zezenketak ez diren ekitaldietarako egokiagoak diren lekuak. Euskalduna jauregia, Bilbo Arena, Casilla eta BEC aipatu ditu. Hala ere, Vista Alegren kontzertu, zirku eta azokaren bat egin izan dela gogoratu, eta horietan sakondu behar dela azaldu du; hori dela zezen plazak urtea galerarik gabe amaitzeko modu bakarra. EAJk eta PSEk bezala, erabilera handitu nahi du PPk, baina, betiere, zezenketei eutsita.
EH Bilduk, Udalberrik eta Goazen Bilbaok, berriz, zezenketak kentzearen aldeko apustua egin dute. “Bada garaia aitortzeko zezen plaza ez dela errentagarria”, adierazi du Lander Etxebarria EH Bilduren ordezkariak azpiegituraren norabidea aldatu beharra azalarazteko: “Errentagarria balitz ere, horren aldeko apustua egingo genuke? Animalien tratu txarra oinarri duen jardueraren aldeko apustua egiten jarraituko da?”.
Goazen Bilbaoko Samir Ladhou zentzu berean mintzatu da. “Zezenen sarraski” gisa izendatu ditu zezenketak, eta animalien sufrimendua amaitzeko garaia dela adierazi du. Zezen plaza bestelako jarduera batzuetara soilik bideratzeko eskatu du.
Baita Udalberriko Carmen Muñozek ere, beste zertzelada bat gehituta: “Zentzuzkoena litzateke diru galera amaitzea diru publikoarekin laguntzen diren zezenketak ezabatuta”. Hain zuzen, zezenketak ofizialki diru publikoarekin laguntzen ez diren arren, praktikan hala egiten dela ohartarazi du. Gogoratu du udalak 20.000 euro bideratzen dituela zezenketetarako abonamenduak erostera, eta hori “ezkutuko diru laguntza” dela iruditzen zaio.
Hala ere, Barkalak argi utzi du: “Administrazio batzordearen bide orrian ez da aurreikusten zezenketak kentzea”. Gaur egun bestelako jarduera batzuk ere Vista Alegrera eramaten saiatzen ari direla errepikatu du, eta bi hilabete barru dauden proposamen eta aukeren berri emateko konpromisoa hartu du.
Bestalde, administrazio batzordeak zezen plazaren eragin ekonomikoa aztertzeko ikerketa bat eskatuko duela ere jakinarazi du zinegotzi jeltzaleak. Alde horretatik, Aste Nagusian egiten diren zezenketek ekonomiari on egiten diotela nabarmendu dute zezenketen aldekoek.