Portu gainetik, arrantzaleei begira

Portu gainetik, arrantzaleei begira

Ibai Maruri Bilbao

Bermeoko portu zaharraren gainetik, Ertzila dorreak Bermeoko arrantzaleen joan-etorri eta ibilerak bertatik bertara ikusi ditu, XV. mende bukaeran eraiki zutenetik gaur arte. Mendeetan ikasi duen hori bisitariari erakusten dio orain. Izan ere, 1948tik Arrantzaleen Museoaren egoitza da. Bertako aretoetan, besteak beste, arrantzaleen bizitzaren eta ohituren deskribapena egiten du, gremio elkarteen inguruko azalpenak ematen ditu, erabili zituzten ontzien bilakaera errepasatzen du, eta urteetan zehar arrantzatzeko eta arraina merkaturatzeko erabili dituzten teknikak erakusten ditu.

Beheko solairuan ikus daiteke Ertzilla familia nortzuk izan ziren. Bermeoko hiribilduaren historia ere kontatzen da, 1236an sortu zenetik aurrera. XV. mendetik XVII. mendera Bizkaiko herri nagusi izan zen, Bizkaiko buru tituluari esker. Itsasoa izan da herriaren ardatza, eta hari lotutako etnografia, sektore ekonomikoa eta enparauak ere ezagutu daitezke.

Lehen solairura bidean, bisitarien arretarik handiena erakartzen duen elementuetako bat dago, museoko gidari Gorka Abaden esanetan: “Urdaibai arraun taldearen lehen traineruetako bat daukagu zintzilik, 1990eko hamarkadakoa”. Hala ere, behin azalpenak jasotzen hasita, interesik handiena lehen solairuak pizten duela azpimarratu du. Erriberako arotzeria, balearen ehiza eta arrantza teknika ezberdinak azaltzen dira han. “Besteak beste, balearen bizarrak ditugu ikusgai. Nik erakusten dizkiet bisitariei, eta galdetzen diet zer diren; inork ez du jakiten”. XVI. mendetik euskal arrantzaleak Ternuara joaten zirela kontatzen die Abadek. Oraindik ere Bizkaiko kostaldean ikus daitezke baleak; itsasertzetik 15-20 itsas miliara pasatzen dira. “Beste kontu bat da kostaldeko herrientzat hain garrantzitsua izan den euskal balea. Hori da gure arrantzaleek arrantzatzen zutena, eta aspaldi desagertu zen Kantauri itsasoan”.

Bermeoko Arrantzaleen Museoa

Askotariko arrantzak

Baleak harrapatzeko erabiltzen zituzten trenak ikus daitezke, berbarako. Baina ez bakarrik horretarako erabilitakoak. Bermeoko arrantzaleek, besteak beste, antxoa, sardina, legatza, bisigua eta hegaluzea ere arrantzatu dituzte. Baina ez beti modu berean. Harrapaketa teknikak aldatuz joan dira urteetan, eta batzuk gaur egunera erabilgarri iritsi dira. Ikus-entzunezko batek azaltzen ditu teknika bakoitzaren nondik norakoak, eta erakusketan bertan daude horretarako erabiltzen ziren tresnak. Abadek esan du arrantzaleek dohaintzan emandakoak direla guztiak, museoko beste asko bezala. Itsasontzi batzuen maketak ere badituzte, izandako bilakaera erakusteko, horiek ere garaian garaiko ezagutzetara egokitu izan baitira.

Bigarren solairuan dago ekitaldietarako erabiltzen den Txile aretoa, ertzillatarrek herrialde horrekin izan duten loturaren omenez: Alonso Ertzillakoak idatzi zuen La Araucana poema epiko ezaguna. Solairu berean dago Bermeon izandako Matxitxakoko guduaren inguruko erakusketa ere. Bide batez, Eusko Gudaontziriari buruzkoak ezagutu daitezke.

Teilatupeko solairua aldi baterako erakusketetarako erabiltzen dute. Une honetan Fede Merinok 1970eko hamarkadan Bermeoko portuan egindako argazkiek erakusketa bat dute. “Zer lan egiten ziren ikusi daiteke”. Ekainera arte egongo da ikusgai.

Bermeoko Arrantzaleen Museoa