I. Maruri Bilbao
Dolu perinatalari buruzko argazki erakusketa bat atondu du Nerea Garaizar argazkilari eta Esku Hutsik elkarteko kideak (Getxo, 1975). Getxon egon da ikusgai urrian. Beste herri batzuetara zabaltzea gura lukete. Argazkilaritza perinatala eta familiakoa dira haren espezialitatea. “Nire bizi historiak eroan ninduen argazkilaritza hori aukeratzera. Ama izan nintzenean, ez nuen topatu identifikatuta sentiarazten ninduen argazkirik egiten zuen argazkilaririk. Ez nuen gura poserik eta gehiegizko atrezzorik”. Ama izan eta urte batzuetara ohartu zen alaben argazki asko zituela, baina bera haiekin agertzen zenik gutxi. “Erabaki nuen nik eduki nahi nituzkeen argazki horiek egingo nizkiela beste ama batzuei. Gura dut urte batzuk barru familiek argazki horiek ikusten dituztenean identifikatuta sentitzea ikusten duten horretan, gogoratu dezatela egiaz zelakoak ziren garai hartan”. Uneak argazkilaritza estudioa du Getxon.
Umeei betidanik egin zaizkie argazkiak. Haurdunaldian argazkiak egitea, ostera, joera berriagoa da. Zergatik gorde nahi du jendeak sasoi hori betirako irudi batean?
Andre guztientzako garai berezia da haurdunaldia. Nahiz eta gutako batzuk ez garen ondo sentitzen etapa horretan, nik uste dut andreok bereziki boteretsu sentitzen garela orduan. Haurdunaldia denbora tarte laburra da; gorputza asko aldatzen da. Aldaketa horien irudiak izatea opari bat da. Urteak igarotakoan, etapa hori nostalgiarekin gogoratzen duzu.
Esku Hutsik elkartekoek dolu perinatalari buruzko argazki erakusketa antolatu duzue. Zer erakutsi duzue? Zer adierazi gura izan duzu hamabi argazki horiekin?
Oroimen argazkiek osatzen dute erakusketa. Dolua egiten ari diren familien argazkiak dira, jada ez dauden haurtxoen oroitzapenekin. Gainera, zenbait amaren testigantzak jasota daude. Baita ama baten eta jaio berri den umetxoaren argazkia ere. Transmititu gura izan dugu ume horiek existitu zirela, existitzen direla eta existituko direla. Errealitateak ume horiez hitz egin nahi ez duen arren —umeez eta heriotzaz hitz egitea zaila delako—, senitartekoek maite dituzte, gogoratzen dituzte, eta presente dituzte egunero.
Zelan laguntzen du argazkilaritzak mota horretako dolua egiten?
Familientzat oso garrantzitsua da halako argazkiak izatea. Haien oroitzapenak dira; haien historia. Aita hiltzen denean, inori ez zaio bururatzen haren gauza guztiak erretzea; kontrakoa: haren mukizapiak, argazkiak eta bestelakoak arretaz eta kontuz gordeko ditugu, harekin bizitako momentuak gogoratzen laguntzen digutelako. Kasu honetan, gauza bera gertatzen da. Berdin dio zure umetxoa zazpi, hogei edo 38 astez egon den zure sabelean. Garai horretaz dituzun oroitzapenak balio handikoak dira zuretzat. Familiek betirako gorde nahi izaten dituzte.
Halako egoera batean, zelako argazkiak egin daitezke? Denbora gutxi bada ere, umetxoa eurekin izan duten familiak daude, eta, agian, argazkiak egin dizkiete. Beste batzuek, ordea, ikusi ere ez zuten egingo.
Zortzi familiatik bakarra irteten da ospitaletik bere haurtxoaren argazkiarekin. Izan daiteke ez egitea aholkatu dietelako, edo ez zaielako bururatu ere egin. Etxera iristen direnean eta ohartzen direnean oroitzapena lausotzen hasten dela, ospitalera itzultzen dira haien umetxoaren argazkirik dagoen galdezka. Sarritan, dagoen bakarra autopsia aurreko argazkia izaten da. Irudi hotzak dira: umetxoa modu latzean agertzen da. Esku Hutsik elkartekook heriotza perinatala artatzeko jokabide onen protokolo bateratua eskatzen ari gara. Besteak beste, eskatzen dugu doluan espezializatutako argazkilari bat familiarekin egon ahal izatea une hartan, umetxoari argazki profesionalak eta zainduak egin ahal izateko, maitasunez. Umetxoarekin igaroko dituzten une bakarrak dira. Gaur egun, argazki horiek beste profesional batzuek egin ohi dituzte, sakelakoarekin. Umetxoari argazkiak egiteko aukerarik ez dagoenean, familiei egiten dizkiegu, umetxoaren oroitzapenekin. Presente izateko modu bat da.
Batzuetan, ekografia izango da umearen irudi bakarra. Hura oroitzeko irudi egokia da?
Bizi den ume baten kasuan, gurasook harrotasunez erakusten ditugu, oraindik barruan dagoen umearen irudia direlako. Umea galdu duen familia batentzat, irudi horrek esanahi bera du. Edozein oroitzapen da balio handikoa: haurdunaldi testa, erosi zenion baina erabili ez zuen adur zapia, eta baita ekografia ere.