Ibai Maruri Bilbao
Hedaduraz Bizkaiko udalerririk handiena da Karrantza, inguru natural aberatsekoa, eta eta abeltzaintza sektore indartsua du. “Gehienentzat Karrantza lehen sektoreari lotutako harana da, baina duela urte batzuk industria arloko fabrika garrantzitsua izan zuen: Dolomitas. Hori ezagutzeko aukera eskaintzen dugu”, adierazi du Iraide Ahedo Dolomitas Fabrika Zaharraren Museoko teknikariak. 2015ean ireki zuten, Karrantzaren beste ikuspegi hori ez ahazteko.
“Dolomia adreilu erregogorrak egiteko erabiltzen den mineral bat da”, azaldu du Ahedok. Besteak beste, Bizkaiko Labe Garaietako eta siderurgiako labe erraldoiak egiteko erabili izan da adreilu erregogorra. Horregatik, fabrika hau ezinbestekoa izan da Bizkaiko industrializazio prozesuan. Karrantzako Ranero haitzean dago dolimia minerala, eta 1956an Pozalaguako kobazuloaren ondoan dagoen Donosa harrobia ustiatzen hasi ziren hura eskuratzeko. Haitzetik herrira aireko tranbia baten bidez jaisten zuten minerala. Ranerotik Ambasaguas auzora, hiru kilometroko bidea osatzen zuen tranbiak, 27 dorreri esker. Bizkaian funtzionatzeari utzi dion azken aireko tranbia izan zen. 1976an zarratu zuten. Ordura arte, 24 orduz jaisten zuen dolomia. 2002an, fabrika hondatuta zegoela eta, eraisten hasi ziren.
Ambasaguasen zegoen deskarga lekua baino ez zuten utzi zutik, eta han dago gaur egun museoa. “Tranbiaren polea bidezko mekanismo guztia ikus daiteke hemen”. Baina ez hori bakarrik: dolomia mineralaren nondik norakoak, fabrikan zelan lan egiten zuten, Karrantzaren iragan industriala eta abarrak azaltzen dituzten panelak daude. Ikus-entzunezko baten bidez, argazki zaharrak erakusten dituzte, eta langile ohien testigantzak ere ezagutu daitezke. Horrez gainera, fabrikako silo izandakoetan multimediari esker historian atzera egin daitekeela esan du Ahedok: “Barrura sartzen zarenean, harrobian lanean gaudela irudikatu dezakegu, edo fabrikan bertan gabiltzala beharrean”. Ikusgarria da baliabide honek bisitariari eskaintzen dion errealismoa. Hala ere, gaur-gaurkoz, pandemiagatik ezin da siloetara sartu: txikiak dira, eta barruan distantziak gordetzea ezinezkoa da.
Airetik lurpera
Harrobiaren historiari lotuta dago Pozalaguako kobazuloa ere. “Dinamita leherketa baten ondorioz, agerian geratu zen kobazulorako sarbidea”, kontatu du. 1957ko abenduaren 28an izan zen. Leherketak kalte egin zien barruan ezkutuan zeuden estalaktita eta estalagmitei. Are gehiago harrobiak ustiatzen jarraitu zuten ondorengo hogei urteetan izandako eztandek. Hain zuzen ere, horregatik agindu zuen Karrantzako Udalak fabrika ixtea. “Herriaren ekonomiarentzat kolpe latza izan zen”. Baina, harrezkero, Karrantzako harribitxietako bat da: estalaktita eszentriko gehien dituen kobazuloa da mundu osoan. Handik metro gutxira dago Torca de Carlista izeneko haitzuloa ere: Europako lurpeko gelarik handiena du, eta munduko hirugarrena.
Pazalaguakoaren kanpoko aldean, harrobia izandako lekuan kontzertu eta ikuskizunetarako erabiltzen den aire zabaleko anfiteatroa da gaur egun. Han dago, era berean, Armañongo parke naturaleko parketxea. Azken hori aireko tranbiaren kargagunea izandako eraikinean zabaldu dute, eta parke naturaleko flora eta fauna ezagutzeko interpretazio zentroa da. “Bisitariei hiru lekuak bisitatzea aholkatzen diegu: fabrika-museoa, kobazuloa eta parketxea. Era horretara, Karrantza industrialaren arlo guztiak ikusteko aukera izango dute”. Ahedoren esanetan, egun osorako plana izan daiteke hiru lekuak bisitatzea. Museoko bisita gidatuak ordubete irauten du; kobazulokoak, 45 minutu. Hala ere, sarrerak aparte eskuratu behar izaten dira. Astegunetan, taldeek gutxienez sei lagunekoak izan behar dute.
Eskolen bisitak ere izaten dituzte. Unitate didaktiko bat erabiltzen dute horretarako. Kasu horietan, taldeak bitan banatzen dituzte: umeen erdiek Pozalagua ikusten duten bitartean, beste erdiek fabrika museoa bisitatzen dute.