Aitziber Laskibar Lizarribar
Aurrera doaz Urdulizko ospitalea egiteko lanak. Aurreikuspenen arabera, ekainean abiatuko ditu lehen zerbitzuak erizaindegi berriak, eta datorren urteko martxoan espero da martxa betean egotea. Argitu gabeko galderak, halere, asko dira oraindik, eta ez dago argi arazo nagusia nola konponduko den: bertara nola iritsi.
Horixe da Uribe Ospitalea Plataformaren kezka nagusia. Herri askotako herritarrentzako azpiegitura izanik, ezinbestekotzat du garraio publikoaren alde egitea; Bizkaibusen zerbitzua areagotu eta moldatzea oinarrizkoa dela dio. Eta, borroka luze baten ondoren, argi izpi bat ikusi du: EAJk, orain arte erantzun zehatzik eman gabe egon eta gero, pauso bat eman berri du: Uribe Kosta, Mungialdea eta Txorierriko alkate jeltzaleek Bizkaibus zerbitzua indartzeko eskatu diote Bizkaiko Aldundiari. Plataformak luzaro egin dituen eskaeretako bat bere egin dute jeltzaleek, eta berebiziko garrantzia du horrek, protestarien ustez. Izan ere, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k plataformaren aldarriak babestu eta defendatu dituzten arren, aldundia gobernatzen duen alderdiaren keinuak balio praktikoa izan dezake.
Aurreko ostegunean egin zuen eskaera publikoa EAJk. Urratsa ikusarazi zuen hedabideei oharra bidalita. Erandio, Barrika, Mungia, Gorliz eta Gamiz-Fikako alkateak Vecinte Reyes Bizkaiko Garraio diputatuarekin bildu zirela jakinarazi zuen: “Alkateek foru arduradunari adierazi diote Bizkaibus linea batzuk aldarazteko beharra ikusten dutela, Urdulizko ospitalea irekitzen den unetik aurrera, Uribe Kostako, Mungialdeko eta Txorierriko herritarrek ospitalearekin lotura izan dezaten”. Plataformak egindako eskaera bere egin zuen, hitzez hitz, kasik: “Ezinbesteko jotzen dugu ospitalea garraio publikoarekin konektatzea”.
Hartarako, alkate batzuek ospitalerako linea zuzena eskatu dute; beste batzuek, metroarekiko lotura hobetzea, eta, besteek, maiztasuna areagotu eta ibilbide edo geltokiak moldatzea.
Diputatuaren agerraldia
Handik egun gutxira iritsi da diputatuaren pausoa iragartzen duen ekintza: Batzar Nagusietako garraio batzordean agerraldia egingo du Reyesek, Urdulizko ospitaleari lotutako asmoen berri emateko. “Diputatuak azaldu du aztertu egin behar dela Urdulizen aurten zabalduko den ospitaleak garraio publikoari dagokionez eragingo duen egoera, ospitalearen eraginpeko eremuko biztanleak haraino joan daitezela errazteko”, dio aldundiak bidalitako oharrak. Eskaera astelehenean egin zuen Reyesek, eta hurrengo garraio batzordean egin lezake agerraldia.
Itziar Iratzagorria Uribe Ospitalea Plataformako kideak begi onez hartu du ordezkari jeltzaleen pausoa: “Zer edo zer lortu dugu”. Hala ere, agintariek proposatuko dutena aztertu beharko dela zehaztu du, eta, edozein kasutan, Bizkaibus zerbitzua areagotzeaz gain beste neurri batzuk ere hartu behar direla.
Urdulizi ez ezik, Arrietari, Gamizi, Fruizi, Bakiori, Mungiari, Gatikari, Jataberi, Lemoizi, Laukizi, Meñakari, Plentziari, Gorlizi, Barrikari, Sopelari, Berangori eta Getxori eragingo die ospitale berriak. Herri horietako guztietako gaixoak hartuko ditu erietxeak, eta horrek nabarmen eragingo dio mugikortasunari. Herri horietako milaka auto ibiliko dira Urdulizerako joan-etorrian.
Horrek errepideak egokitzea eskatzen duela ohartarazi du plataformak. “Ez dute sarbideei buruzko azterketarik egin, eta sarbide egokiak behar dira”, adierazi du Iratzagorriak. “Ospitalerako dagoen errepidea Urdulizera sartzeko dagoen sarbide normala da, baina horrek ez ditu beharrezko baldintzak betetzen”. Plataformako kideak azaldu duenez, ospitalerako sarrerek bazterbide zabalagoak eta zoru lodiagoa behar ditu, legez, eta ez du sakangunerik izan behar, besteak beste. “Gauza horiek ez dira kontuan hartu”, kexu da Iratzagorria.
Aparkalekuak ere kezkatua du plataforma. Dagoeneko zaila da Urdulizen aparkatzea, eta, ospitalea zabaltzen denean, milaka auto gehiago izango dira egunero. Arazoari aurre nola egin erabakitzeko herritarren iritzia galdetzeko eskatu du Iratzagorriak.
Ospitale aurrean hiru solairuko parking bat aurreikusita dagoela azaldu du. Urdulizko Udalak eta Osakidetzak akordioa egin zutela, eta parkingaren gastu guztiak Urdulizko Udala ordaintzekotan geratu zela. Izugarria iruditu zaio hori plataformari: “Ezin da onartu”. Parkinga egiteko zortzi milioi euroren aurrekontua iragarrita dago. Eta Urdulizko Udalak bost milioiko aurrekontua izaten du urte osorako. Tratua onartuz gero udala zor handian sartuko litzatekeela abisu eman du. Zerbitzua inguru handi batentzat izango denez, gastua guztien artean ordaindu behar litzatekeela dio. Arazo horiei guztiei aurre egiteko, eragileen arteko elkarlana eta koordinazioa eskatu ditu.