N. S. O.
Bermeoko Zubigane tabernan hasieratik argi izan dute Uemaren Bertatik bertara kanpainan parte hartu behar zutela. Era horretako egitasmoek euskara bultzatzen dutela sinetsita dago hango tabernari Esti Aranburu Larruzea (Bermeo, 1972). Mahai gainekoak darabiltzate tabernan.
Bezeroek erreparatzen al diete mahai gainekoei?
Bai, asko. Arrakasta handia izan dute. Abuztuan, kanpotar asko etorri da. Denoi gustatzen zaigu norbere herriko gauzak ikustea: galegoei, galiziera; katalanei, eurena; frantsesei, berdin. Denei eman die arreta euren hizkuntza aurkitzeak euren herritik kanpo.
Hainbat eragile, talde eta norbanakok salatu dute azken urteetan euskarak presentzia galdu duela hizkuntza paisaian. Zuk igarri al duzu?
Gure tabernan asko egiten da euskaraz. Barran nire ahizpa dago, eta euskaraz egiten du, beti. Bezeroek euskaraz egiten digute. Badaukagu mutil bat gazteleraz egiten duena. Hari bai, gazteleraz egiten diote. Kanpotar bati, agian, bai, guk geuk egiten diogu lehenengo berba gazteleraz. Eta, agian, euskaraz jakin arren, gazteleraz egingo digu. Hala ere, musika euskaraz dugu, eta kanpotarrek ere euskaraz egiten digute musika entzunda edo kartelak euskaraz ikusita.
Hizkuntza paisaian euskara agertzeak bultzatzen al du bezeroa lehenengo berba euskaraz egitera?
Bai. Taberna batean sartu eta Benito Lertxundi edo En Tol Sarmiento kantuan ari bada, euskaraz entzuten duzu. Eta kartelak euskaraz badaude, errazagoa da kanpotik datorrenak ere euskarara jotzea. Zuk euskaraz egiten badiozu datorrenari, hark ere hala erantzungo dizu. Guk euskaraz asko egiten dugu, eta bezeroek ere hala egiten dute. Beraz, ondoan dagoenak ere entzungo du. Dena kate bat da.
Beraz, igarri duzue eragina.
Bai. Gainera, kanpotarrek, joatean, eskerrik asko edo mahai gainekotik hartutako esaldiren bat erabili dute.
Jarrera positiborik sumatu duzue zuen bezeroen aldetik hizkuntza paisaian euskara txertatzeagatik?
Bai. Batzuek eskatu digute kartela eramateko. Beste batzuk ez zikintzen saiatu dira, eta gorde egin dute. Beste askok argazkiak atera dizkiete. Beste batzuek, hizkuntza anitzetan dauden esamoldeen hiztegitxoa moztu dute. Nik uste dut gustatu zaiela. Eskerrik asko, agur, gabon, edo egunon bezalako berbaren bat esateko balio izan die. Andaluziar [Espainia] batek esan zigun: “Ahora entiendo” [Orain ulertzen dut]. Karrikako ulertzen zuen eskerrik asko entzutean. Badakite zer den, baina ez zer-nola idazten den. Eta idatzita ikustean, konturatu zen zer-nola esaten den. Niri asko gustatu zait kanpaina hau. Iaz ere egin genuen, eta datorren urtean badago, egingo dugu.
Zergatik erabaki zenuten kanpaina honetan parte hartzea?
Guk udalak eta Uemak antolatzen dituzten kanpaina guztietan parte hartzen dugu. Oso garrantzitsua da. Iaz gehiago kostatu zitzaigun. Ez geunden ohituta bezeroei kartelak ipintzera. Eta sarri ahaztu egiten zitzaigun. Aurtengoa bigarren urtea izan da. Biziago ibili gara, eta ia bezero guztiei jarri diegu.
Uste al duzu Uemarena bezalako kanpainak lagungarriak direla euskara bultzatzeko?
Bai. Duela urte batzuk ahozapiekin egin zuten. Horrek ez zuen izan horrenbeste arrakastarik. Jendeak ez zion begiratzen, baina hau asko gustatu zaie bezeroei. Mahai gainekoa ateratzen diegu, eta itxaroten dauden bitartean irakurri egiten dute apur bat. Nik asko eskertu dut, eta uste dut mahaian eseri direnek ere eskertu dutela.