Peru Azpillaga Diez
2020ko abenduaren 31n ateak itxi zituen Durangoko Plateruena kafe antzokiak. Egoera ekonomikoak eta osasun larrialdiak bultzatuta, proiektua sustatzen zuten kideak proiektua bertan behera uztera eta kooperatiba desegitera behartuta ikusi zuten beren burua. Hala ere, helburu argi batekin eman zioten amaiera 2004an abiatutako proiektuari: kultura oinarri izango duen egitasmo berri bat martxan jartzea. Lan horretan buru-belarri ibili dira, besteak beste, Iban Etxebarria (Markina-Xemein, 1986) eta Ihintza Orbegozo (Bergara, Gipuzkoa, 1987) kafe antzokiko langile ohiak. Plateruena eta gero zer? izeneko dinamika martxan jarri, eta, herriko hainbat eragile eta norbanakorekin batera ateratako ondorioen bidez, txosten bat aurkeztu dute Durangoko Plateruena antzokiari beste bizitza bat emateko: Plateruena: lantegi eta erakusleiho.
Zergatik erabaki zen Plateruena kafe antzokia zarratzea?
IHINTZA ORBEGOZO: Kontsumo ohituren aldaketa bat eman da herrian, eta ez ginen horretara moldatu. Aurrera ateratzen saiatu gara, baina, osasun larrialdia etorri zenean, ikusi genuen ezinezkoa izango zela egoerari buelta ematea.
Kooperatiba desegin zenuten, baina hasieratik adieraziz proiektu berri bat martxan jartzeko asmoa zenutela.
ORBEGOZO: Zenbakiak begiratuta, ezinezkoa zen egoera mantentzea. Bazkideok batzar bat egin genuen, eta kooperatiba desegitea erabaki genuen. Hala ere, hasieratik adierazi genuen asmoa proiektu berri bat martxan jartzea izango zela. Geroztik hori diseinatzeko lanean ibili gara, baina eraikina udalarena dela, eta, beraz, ez dago soilik gure esku.
Zein izan da proiektu berria abiatzeko oinarri izan duzuen hausnarketa nagusia?
IBON ETXEBARRIA: Plateruenak bi parte izan ditu: ostalaritza eta kulturgintza. Azken urteetako jardunaren ostean, ondorioztatu dugu ostalaritzarena agian ez dela hain beharrezkoa, Durangon, oro har, taberna asko daudelako. Kulturaren arloan, ostera, gabezia eta hutsune asko daudela deritzogu; batez ere, fisikoak. Kontrara, sormen aldetik potentzial handia duen herria dela uste genuen, eta egin dugun prozesuak arrazoia eman digu. Diziplina ezberdinetan oso gauza interesgarriak egiten dabilen jendea dago, gaztea batez ere, eta, horregatik, proiektua horretara bideratzea erabaki dugu: zerbitzu publiko komunitario bat eskaini nahi dugu, eta herrian sorkuntza ardatz izango duen mugimendu bat sortu.
Nolakoa izan da prozesu hori?
ETXEBARRIA: Urrian, kafe antzokiaren bueltan ibilitako langile eta norbanako batzuk batzen hasi ginen, gure artean eztabaidak izan eta gerora herriarekin batera egin nahi genuen prozesu parte hartzailearen oinarriak finkatzeko. Uste genuen oso garrantzitsua dela ahalik eta herritar gehien proiektuaren parte sentitzea, ekarpenak egitea eta proiektu hau denon artean marratzea. 22 elkarterekin eta kulturgintza arloko 34 norbanakorekin batu gara, eta lau lan saio zabal egin ditugu. Orotara, 80 lagun baino gehiagok hartu dute parte.
Ekarpen horiekin txosten bat aurkeztu duzue.
ORBEGOZO: Bai. Kultur arlotik abiatu ginen; orain, hezkuntza zentroekin ari gara, eta alderdi politikoekin ere bildu nahiko genuke. Orain arte bizitakoa oso positiboa eta eraikitzailea izan da; jendea egoerari buelta emateko gogotsu dago, eta dinamikarekin bat egin du guztiz.
Zer Plateruena marraztu duzue proiektu berri horretan?
ORBEGOZO: Aldaketa nagusia ostalaritza bigarren mailan uztea izango da. Kafe antzoki izateari utzi, eta kulturgune bilakatuko litzateke. Orain arte egindako programazio kulturala mantendu, baina lehen taberna eta jatetxe modura erabiltzen zen une horiek kulturara eta sormenera bideratuz: tailerrak, entseguak, ikastaroak…; herriko kultur eragile eta norbanakoei zabalik egotea.
ETXEBARRIA: Bi termino erabili ditugu: erakusleiho eta lantegi. Orain arte erakusleiho funtzioa izan du: artistak etortzen ziren, eta beren lanak aurkezten zituzten. Guk hori mantendu nahi dugu, kalitatezko programazio batekin. Horri, ordea, lantegi izaera gehitu nahi diogu: prozesu artistiko baten emaitza aurkezteaz gain, prozesu guztia hasieratik hemen garatzeko aukera eskaini. Horretarako, asteko egunetan lantegi izatea nahi dugu, herriak eskura izango duen sorkuntzarako gune bat.
Kultura bere osotasunean lantzeko toki bat izango da, beraz.
ETXEBARRIA: Eta jendea kulturaren arlora erakartzeko gaitasuna duena. Kultura, ordea, era zabalean ulertuta, ez disko edo liburu bat bezala. Artisten eta hartzaileen arteko dikotomia horrekin ere apurtu nahi dugu, marra hori lausotu; bide amateurrak eta profesionalak uztartzea, ahalik eta era naturalenean, eta sorkuntzari lotutako mugimendu bat eraikitzea, era kolektiboan.
Euskarak zer-nolako presentzia izango du?
ETXEBARRIA: Hor ere aldaketa batzuk egitea da asmoa. Orain arte, euskaldunen etxea izan da Plateruena, eta guk proiektuari euskaraz funtzionatzeko helburua ezarri nahi diogu. Hau da, euskaraz ulertzen ez duen edo ikasteko gogoa duen pertsona bat ere kultur dinamiken bidez erakarri nahi dugu, modu natural batean hurbildu eta euskalduntzeko tresnak jarriz bere eskura.
ORBEGOZO: Euskaraz ez dakiena ez dadila deseroso sentitu. Parte hartu ahal izateko baliabideak jarriko ditugu, berak ulertu ahal izateko eta guneak euskaraz funtzionatzen duela bermatzeko. Hori ere erronka txiki bat da: Plateruenak euskaraz funtzionatuko duela bermatzea, eta, era berean, mundu guztiak parte hartzeko aukera izatea.
Udalarekin zer harreman izan duzue orain arte?
ETXEBARRIA: Hasieratik egon gara harremanetan. Haiek ere prozesu parte hartzaile bat egin dute gunearen erabilera zehazteko, eta, egia esan, pozik gaude, haien diagnostikoaren ondorioak gurearen oso antzekoak izan direlako. Orain ikusi beharko da eraikinarekin zer egiten duten; hori jada ez dago gure esku.
Zergatik ikusi duzue proiektu bat aurkezteko beharra?
ORBEGOZO: Etxe hori ezagutzen dugu, eta, hutsik geratuko zela ikusita, larritasun puntu bat ere sortu zitzaigun. Azkenean oso erraza da enpresa handi bat etorri eta Plateruena beste edozer bihurtzea. Ekimena hartu behar genuela uste genuen, ahalik eta ikuspuntu gehien batu, herriko beharretara egokitzen den proiektu bat proposatzeko.