Maialen Arteaga
Bouba Doiuf senegaldarra Bizkaiko kaleko saltzaileen elkarteko kidea da. Elkarteak Bmolo Moye Dole du izena, eta kale saltzaileen eskubideak bermatzea eta bizi baldintzak hobetzea du helburu. 2017an sortu zuten, eta, ordutik, hainbat kide igaro dira bertatik. Horietako batzuen egoera asko egonkortu da Euskal Herrian, baina elkarteak erronka berberei zein berriei aurre egiten die, egunez egun. Bizkaiko 60 lagun inguruk osatzen dute orain Bmolo Moye Dole.
Migratzaileek oztopo asko izaten dituzte bizileku berrira egokitzeko, eta horiek areagotu egin dira COVID-19aren krisialdian. Lubakiak oraindik gehiago estutu ditu; krisi ekonomikoa, burokraziarako teknologiaren menpekotasuna, arrazakeria… Orain arte horren identifikagarriak ez ziren arrakalak azaleratu dira. Hala, kaleko saltzaileen egoera ekonomikoari aurre egiteko, erresistentzia kutxa bat jarri dute martxan, SOS Arrazakeria eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeekin batera.”Egunerokoan kalean saltzen dugunarekin bizi gara gu. Baina pandemiako hilabete batzuetan ezin zen kalera irten, eta gu ezin izan gara modu telematikora egokitu. Nola egingo dugu aurrera, bizitzeko kalea behar badugu?”, dio Doiufek, pentsakor.
Hori ikusita, erantzutea erabaki zuten. “Azken urteetan asko kaskartu da egoera, eta erresistentzia kutxa bat abiatzea pentsatu genuen, kolektiboko jende zaurgarrienari laguntza eskaintzeko”. Ez da egitasmo hau abiarazi duten lehenengo aldia. Beharrizan jakinen bat ase behar izan dutenean ere martxan jarri dute; adibidez, kideren batek lana galdu izan duenean. Doiufek aitortu du oraingoz ez dutela arrakasta handirik: “Hasieran indar handia zuen kutxak; orain hustu egin da”. Indartu egin nahi dute. Hala ere, Inor ez da ilegala proiektuaren produktuak saltzen jarraitzen dute. “Dirua kaleko saltzaileei eta komunitate senegaldarrei ematen diegu, horietako asko oso txarto daude eta”. Baina beharrizan horiek ez dira bukatu pandemia arintzean; kide arrazializatuek “momentu oro” laguntza eskatzen jarraitzen dutela kontatu du.
Laguntzak hamaika aurpegi
Dena ez da auzi ekonomikoa; laguntzak hamaika aurpegi ditu, eta gaitasun ekonomikorik ez dutenek ere badute eskua luzatzerik. “Antolatzen ditugun jardueretarako, adibidez, laguntza handia behar izaten dugu: jarduera didaktikoak, laguntza informatikoak… Gainera, elkartearen web orrialdea sortu nahi dugu, eta jakintza arlo hori guztia menderatzen dutenen laguntza asko eskertzen dugu”, esan du Doiufek.
Elkartea sendotze aldera, web orrialdea, denda fisiko bat eta komunitate migratuen arteko koordinakunde bat sortu nahi dute. Prozesu horretan ere hainbat oztopo aurkitu dutela azaldu du: “Ideia aspaldikoa da, baina asko ari zaigu kostatzen. Prozesu burokratikoa oso luzea da, eta gure egoera irregularrak ez du batere laguntzen”. Oztopo horiei pandemiaren faktorea gehitu zaio. “Egoera blokeatu du, eta horrek arazo asko are larriago bilakatu ditu”. Auzi nagusi horietako bat erraz identifikatu du Doiufek: “Arrazismoa”. Itxialdian hainbat erasok oihartzuna izan bazuen ere, eguneroko kontua direla esan du: “Poliziak geroz eta botere handiagoa duela iruditzen zait, eta, hori horrela izanik, zaurgarrienen kontra jotzen du beti. Kaleko saltzaileoi gauzak zailtzen dizkigute, etengabe”.
Eraso fisikoak ez eze, askotan “mespretxuz”begiratzen dietela esan du: “Etorkinok beti daukagu atzean begira ari zaigun begiren bat”. Poliziak uste duenaren kontrara, eurek asmo argi bat dutela nabarmendu du Doiufek: “Hemen bagaude, gure bizi baldintzak hobetu nahi ditugulako da, ez beste ezertarako. Kalean bagaude, bizirik iraun nahi dugulako da, eta Poliziak ez digu irauten uzten”.