Natalia Salazar Orbe
Oiolako urtegiko uraren kutsadurak urteetan herritarren artean sortu duen kezkari konponbidea jartzeko urratsak abian dira. Europar Batasuneko Ingurumen Batzordeak eska daitezkeen hainbat diru laguntzaren berri eman die Oiolako Urtegiaren Deskonexiorako Plataformako kideei. Bruselan izan ziren martxoan, Irabazi Barakaldo eta EH Bilduko zinegotziekin batera. Eskumena duten administrazioek ekintza plan bat aurkeztu behar dute finantzazioa lortzeko, eta laguntza horiek eskatu.
Europako bisitatik bueltan ezustekoa aurkitu du plataformak: Barakaldoko Udalak konpromisoa hartu du Oiolako urtegiari behin betiko konponbidea emateko; elkarlanean eta modu koordinatuan lan egin gura du. Horretarako, lan mahai bat eratuko dute. Hala, urteetako oztopoen ondoren, argia ageri da aferan.
2014an utzi zioten, azkenekoz, kontsumorako ura Oiolatik hartzeari. Orduz geroztik, prebentzio neurri gisa, ez dute konektatu berriz ere Barakaldoko ur hornidura sarera. Hala ere, udalean agintean dagoen alderdiaren irizpideez harago, arazoari behin betiko irtenbidea emango dion konponbidea nahi du plataformak. Eta betiko aldarrikapenari eutsi dio Javi Vazquez bertako kideak: “HCH-lindano eta antzeko lehentasunezko substantzia arriskutsuak dituen eremu oro, handik ura hartzeko egoki ez den lekutzat jotzea nahi dugu, substantziok desagerrarazi bitartean”. Substantzia kutsagarri hori dago Oiolako urtegian ere.
Arazoari irtenbidea bilatzeko sortuko den lan mahaiaren lidergoa udalak hartzea nahi dute: “Berak deitu beharko lituzke arlo horretan inplikatuta dauden erakundeak”. Izan ere, administrazioen arteko “izugarrizko koordinazio falta” salatu dute: “Bakoitzak bere interesak salbatu gura ditu, eta aferaren erantzukizuna batak besteari egozten dio. Hori ezin daiteke hala izan. Arazoaren kudeaketak komuna izan behar du”.
Hala, denak batuko dituen mahai bat dute jomuga. Gizarte eragileak ere hartu beharko lituzke lantalde horrek. Eta teknikari independenteak eskatu dituzte. Europak ikerketa proiektuetarako laguntzak ere aurreikusten ditu. “Arazoaren iturburua aurkitu eta kutsadura desagerrarazteko laguntzez gain, bestelakoak ere badaude. Sei finantzaketa iturriri buruz hitz egin digute”.
Europan jabetu dira Barakaldokoa ez eze, arazoa handik gaindikoa dela: “Estatu mailakoa, eta baita Europa mailakoa ere. Eta ezin dakiokeela aurre egin eremu lokaletik soilik”. Hori zuen helburuetako bat Bruselara egindako bidaiak.
Ekintza planaren beharrizana aipatu dute, behin eta berriro. “Plan hidrologikoak ere jasoa izan beharko luke, baina ez da hala”. 2012ra arte nahikoa zen kutsadura parametroak aldizka zaindu eta kontrolatzea. Urte hartan, uraren araudi hitzarmenak ekintza plan baten beharrizana ezarri zuen. “Plan horrek kutsadura edo bestelako arazoak konpontzeko zer eta zein epetan egingo den zehaztu behar du”.
Urteetako aldarrikapena
Urteak daramatzate Oiolatik urik ez hartzeko aldarrikapenarekin. Kutsadura hura arriskutsua zela esan eta esan ibili dira. Eta “alarmistatzat” jo dituzte behin eta berriz. 2008an agertu zen lehenengoz lindanoa etxeetan. “Izugarria izan zen. Alarma piztu zuen. Baina, orduz geroztik, garrantzia kendu diote”.
Besteak beste, Oiolatik iristen zen ura Basatxuko estaziora. Iritsitako lehengaia edateko ur bihurtzeko prozesua gauzatzen da han. Sestao eta Barakaldo hornitzen ditu ur horrek. “Ura Oiolatik hartzeko baimena ematen zuen URAk, gero Basatxun tratatu egiten zelako. Hala ere, Basatxun ez dago HCH, eta beste substantzia arriskutsu batzuk desagerrarazteko tratamendurik. Beraz, era horretako elementurik antzemanez gero, ezinezkoa da urtegia ura hartzeko egokitzat jotzea”.
Urak HCH-lindano kantitaterik txikiena izanik ere, ezinezkoa da segurtasun dosiei buruz hitz egitea. “Gorputzean sartzen da, eta hormona baten gisa jarduten du. Ez da desagertzen. Hesi amniotikoa igarotzen du; fetuari elkartzen zaio, nerbio sistema zentralari erasaten dio. Egunero oso dosi txikiak hartuta, egunen batean dosi horiek guztiek batuta eragina izango dute”.
Kutsadura, herritik harago
Barakaldon, kutsadura mota hori urteetan pairatu dute. “Uraren arazoaz gain, lindanoa bera utzi zigun lantegia ere izan genuen”. Arazoa da substantzia hedatzeko modu ugari daudela. “Aire bidez sakabanatzen da. Arnastu egiten dugu, azalak xurgatu egiten du…”. Eta uretan egonik, beste zeregin batzuetan ere harekin harremana izatea nahitaezkoa da: “Dutxan, arropak garbitzean, janaria prestatzean zein ontziak garbitzean…”. Herriko kaleak ere iturriko urez garbitu eta ureztatzen dira.
Eraginak, gainera, herriaren mugak gainditu ditu. “Ur hornidura sarea by-pass-ez betea dago. Beraz, hau urrunago iritsiko zen. Ur gehiagorekin nahasita, kutsadura parametroa txikiagoa izango da, baina hedatu egin da”.
Oiolara Angela errekatik iristen da ura. Kutsadura gunea erreka horretan badago ere, ura biltzeko arro osoa babesteko beharrizana aldarrikatu dute. “Galdameseraino iristen da. Eremu hori guztia erasaten du kutsadurak”.
Ondorio neurtezinak
Horrez gain, mendian Angela errekako uraren arriskuaz ohartarazten duen oharrik ez dago. “Ezer ez dakienak ura edateko arriskua du. Haragitarako erabiltzen diren behiek ura edaten dute handik, eta kutsatuta dagoen belarra ere jaten dute. Substantziok kate trofikoan sartzen dira, eta eragina areagotu egiten da”.
Ez da errudunak bilatzeko garaia. “Hau guzti hau industrializazio zoroaren eta garapen eroaren herentzia da. Kaka guztia isuri ostean egin dira legeetako asko. Kutsadura sortu dutenek badute erantzukizuna, baina administrazioaren erantzukizuna ez da iraungitzen. Eta arazoa kudeatu, eta konponbidea eman behar dio”. Horixe dute lehentasun bakarra.