Ibai Maruri Bilbao
Martxo bukaeran gainditu zuen Ondarroak hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400 kutsatu izatearen muga. Harrezkero, gorrian dauden herriei dagozkien neurriak daude indarrean bertan. Ia hilabete eta erdi igaro den arren, egoerari buelta eman ezinik daude. Azken egunetan beherako joera dute, baina luze iritzita daudela aitortu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak: “Nekea igartzen da herritarren artean: pandemia hasi zenetik urtebete igaro bada ere, egoera batzuk okerrago daudela dirudi”.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batzardu dira, eta, alkatearen arabera, esan diete ez dakitela agerraldiak non gertatu diren. “Herritarren bitartez jakin dugu bazkari bat eta afari bat egon zirela, eta horrek sortu zela. Gero, ikastetxeetan sartu zen birusa, eta foku gehiago egon dira. Laugarren olatu honetan kutsatzea arinagoa edo errazagoa dela esaten dute. Jende gazteagoa da orain kutsatzen dena”.
Ondarroako Udalak esan dio Osasun Sailari fokuak non dauden jakin nahi dutela. “Ostalaritzan murrizketak ezarri dira, baina gainontzeko arlo guztiek ia normaltasunez funtzionatzen dute. Lantokietan eta ikastetxeetan ere gertatzen dira kutsatzeak, eta hor ere neurriak hartu behar dira. Baina ez badakigu non, ezin dugu ezer egin”.
Bedialauneta kexatu da udalak “apur bat aparte” geratu direlako pandemiaren kudeaketatik. “Osasun Sailak irizpide batzuk bidaltzen dizkigu, eta horiek betetzea da gure zeregin bakarra”. Eurek euren kontura igogailuak eta kiroldegia zarratzeko erabakia hartu dute. Bermeon ere musika eskola, kiroldegia eta umeen jolastokiak zarratu zituzten urte hasieran: hilabete luzea egon ziren 100.000 biztanleko 500eko intzidentzia metatutik jaitsi ezinik —hori zen orduan gorrira sartzeko muga—.
Udalen erabakiak
Iazko abenduaren 31n piztu zen alarma Bermeon. “Helburua argia zen: ostalaritza itxi zen legeak esaten duelako, baina hortik kanpo ere badaude kutsatzeak, ostalaritza ez delako gertatzen diren leku bakarra, eta horregatik hartu genuen jendea elkartzen den beste leku batzuk ixteko erabakia. Betiere Osakidetzarekin kontsulta eginda eta elkarlanean”, gogoratu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak. Orduko oldarraldi hura gaindituta, asteon berriro egin du sartu-irtena eremu gorrian.
Abaroak azpimarratu du berak “etengabeko eta zuzeneko harremana” izan duela Osasun Sailarekin; behar duten informazio guztia jaso dutela esan du. “Hartu ditugun erabaki guztiak haiekin adostu ditugu. Informazio gehigarria beti eskertzen da, baina neurriak hartzeko behar genuen informazioa eduki dugu. Ulertu behar dugu den-dena ezin digutela eman, datuen babeserako legeak bete behar direlako”.
Pandemia hasi zenean hainbat protokolo landu zituztela esan du Abaroak. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak ezarritako irizpideak hartu zituzten oinarri. “Aldian-aldian egoera egokitzen ibili gara gure laneko protokoloak. Ikusten izan dugunean astebeteko intzidentzia metatuak gorako edo beherako joera zuen, guk geuk erabakitzen izan dugu udal zerbitzuak mugatzea, gure eskumena delako, inoren zain egon gabe, baina betiere osasun agintariekin kontrastatuta”.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak baino lehen hartu zituen neurriak Elorriok pandemia hasieran. “Krisi mahaia sortu genuen udalean, eta erabaki genuen udal eraikinak itxiko genituela, egoera okertzen ari zelako”, gogoratu du Idoia Buruaga alkateak. Gero, Madrildik eta Gasteiztik iritsi zaizkien araudiak eta aginduak betetzen ibili direla adierazi du. Uste du udalek zer esan “handiagoa” izan behar izan dutela pandemiaren kudeaketan. “Nik oso-osoan sinesten dut erakundeen arteko elkarlanean, eta kasu honetan udalak aparte geratu garela sentitu dut. Egia da ezohiko egoera bizi dugula, eta ez dela batere erraza hau kudeatzea, baina eskertuko genuke informazio gehiago eta elkarlan gehiago”.
Adibide bat ipini du Buruagak: Elorrioko adinekoei txertaketa errazteko, herriko azpiegiturak eskaintzeko gutuna bidali dute Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera, eta esan du erantzunik ere ez dutela jaso. Hala ere, aitortu gura izan du martxoan 22an egin zuten baheketa masiboan elkarlana “erabatekoa” izan zela Jaurlaritzarekin. “Ondo egiten denean ere esan egin behar da: hasieratik jarri ziren gurekin harremanetan eta informazio guztia eman ziguten etengabe”.
Azken urtean pandemiak izan dituen oldarraldi edo olatu guztietan Bizkaian gorrian sartzen lehen herrietakoa izan da Elorrio, eta hala izan da oraingoan ere. Irteten ere lehenengoetakoa izan da, eta aste honetan 5.000 biztanletik gorako herrien artean berdean dagoen herri bakar bihurtu da Bizkaian. “Txarrerako eta onerako, beti gara lehenak…”.
Neurriak etengabe
Herritarrentzat bezala hiru alkateentzat eta haien udal gobernuentzat urte zaila izan da azken hau. “Herritarrei egoera errazteko neurriak hartu behar izan ditugu hasiera-hasieratik, eta baita herriko ekonomia suspertzeko ere”, Abaroak azaldu duenez. Besteak beste, Nik BermeON kanpaina azpimarratu du. Buruagak, udaletik egindako lanaz gain, herritarrek egindakoa goraipatu nahi izan du: “Hasieratik elkartasun sareak sortu ziren pertsona zaurgarrienak babesteko eta laguntzeko, eta oraindik ere martxan daude sare horiek”.
Oraindik neurriak hartu beharko dituzte. Ondarroak, kasurako, bihar zortzi ospatu beharreko Antxoa Eguna bertan behera utzi du. Baita sanjoanak eta Kamiñazpiko jaiak. “Andramaxekin zer egin oraindik erabaki gabe dago, baina seguruenik iaz bezala frontoian kultur ekintzak egingo ditugu”. Helburua jende pilaketak saihestea da, kutsatzeari trabak jartzeko. Herritarrei ere neurriak hartzen jarraitzeko eskatu diete. Buruaga: “Badakigu nekatuta gaudela, baina ezin dugu orain huts egin”.
Intzidentzia metatua
Bizkaia: 443,85. Jaurlaritzako Osasun Sailaren atzoko datuen arabera, azken hamalau egunetan 443,85 positibo izan dira Bizkaian 100.000 biztanleko. Aurreko eguenean, 456,38koa zen intzidentzia metatua.
Ondarroa: 606,98. Osasun Sailak atzo emandako datuek diotenez, azken hamalau egunetan 606,98 positibo izan dira Ondarroan 100.000 biztanleko. Aurreko eguenean, 898,80koa zen intzidentzia metatua.
Bermeo: 354,82. Azken hamalau egunetan, 354,82 positibo izan dira 100.000 biztanleko Bermeon, Jaurlaritzako Osasun Sailak atzo jakinarazi zuenez. Aurreko eguenean, 331,16koa zen intzidentzia metatua.
Elorrio: 40,28. Osasun Sailak atzo emandako datuen arabera, azken hamalau egunetan 40,28 positibo izan dira Elorrion 100.000 biztanleko. Aurreko eguenean, 80,56koa zen intzidentzia metatua.