Ainhoa Larrabe Arnaiz
Inoiz baino lehenago iritsi zaie Bizkaiko bertsolari eta bertsozaleei zita; igandean hasiko baita bi urtez behin egiten den Bizkaiko Bertsolari Txapelketa, Berrizen. Udaberrian hasi eta negura bitarte kantuak elkartuko ditu bizkaitarrak. Abendu bukaeran jokatuko da finala, eta orduan erabakiko da zeinek jantziko duen lurraldeko bertsolaririk onenaren txapela.
Gero eta herritar gehiago biltzen ditu bertsolaritzak. Horren lekuko da duela bi urte Bilbo Arena kiroldegian jokatutako Bizkaiko txapelketa ere. Bete egin zen aretoa, eta kantuan aritu ziren zortzi finalisten ahotan ideia bera agertu zen behin eta berriz: “marabilla” bihurtu zela Miribillako aretoa. Fredi Paia algortarrak eraman zuen orduko txapela etxera. Oraindik ere, hilabete asko falta da 2016ko txapela janzteko finalean izango diren bertsolarien izen-abizenak ezagutzeko, baina atzerako kontaketa igandean hasiko da.
Toki, bertsokide eta entzule ezberdinak eskaini nahi dizkie Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertsolariei. Eta norabide horretan aukeratu dute aurtengo irudia: material birziklatuz egindako zabu arrosa bat. Eta irudiari lotuta erabaki dute mezua ere: jauzia izan nahi du txapelketak. Plaza berrietarako saltoa irudikatu nahi dute zabuarekin, baita beraien bertsoeran garatzeko eta jauzia emateko aukera ere. “Udabarriz indarbarriz jatorkuz bertsolariak, emon beharrekoak emotera, barrukoa kanpora ataratera. Prest dagoz salto egiteko, barrutik kanpora, jibotik oholtzara”, dio Joseba Etxebarria elkarteko kideak lehiarako idatzitako mezuan.
Gogoetaren ondorioa
Hausnarketa urtea izan da bertsozale elkartearentzat 2015a. Eta gogoeta horren emaitza da txapelketa ere. Orain arteko eredua aldatu eta fase bitan banatu dute lehia: udaberrikoa eta udagoienekoa. Apirilean eta maiatzean udaberriko fasea jokatuko da, eta urritik abenduko finalera bitartean, udagoienekoa. Sailkapenaren lehen fasea eskualdez eskualde egin izan da orain arte. Baina lurraldeko bertsolari guztiak elkartu eta zerrenda bakarra osatu dute orain. Guztira, 56 bertsolari arituko dira lehen fasean kantuka, igandean hasita, eta horietatik hemeretzi lehen aldiz arituko dira lurraldeko txapela lortzeko lehian. Bizkaiko eskualde guztietako bertsolariek abestuko dute datozen bi hilabeteetan egingo diren bederatzi saioetan: zortzi saio sei bertsolarikoak, eta bakarra zortzikoa.
Udaberriko fase horretatik puntuazioaren arabera sailkatuko dira Udagoieneko fasera. Urrian izango da hori. Bost kanporaketa, hiru finalaurreko eta finala bilduko dira udazkenean. Orain arteko Bizkaiko txapelketan finalista izandakoak gehituko dira lehiaketara urritik aurrera. Eta tarte horretan erabakiko da finalean arituko diren zortzi bertsolariak zeintzuk diren.
Datozen hilabeteetako saioei dagokienez, aretoen txarteldegietan jarriko dituzte sarrerak salgai, bertso saioa hasi baino ordubete lehenago, hiru euroren truke. Bi euro ordainduko dituzte bertsozale elkarteko bazkide direnek, ordea.
Aurrera egin ahala emango dute bertsozale elkartekoek udazkeneko saioei buruzko informazio guztia.