Maialen Arteaga
Errepideetatik kanpoko pistak dira haien eremua. Lokatza nahastu, bide berriak ireki eta naturaz gozatu. Badira urte batzuk Zallako Offroad Motor kluba sortu zutela. Iñaki Lemus da klubeko presidentea, eta ondo oroitzen ditu kluba sortzeko lehen pausoak: “Zallan motorrekiko zaletasun handia zegoela sumatzen genuen; adin askotako zaletu asko geunden: helduak, umeak, gazteak… 15 urteko nerabeetatik hasita, 50 urtekoetara arte biltzen ginen”. Baina zer berezitasun du errepidetik kanpoko diziplina honek? “Zuk zeure buruarekin lehiatzen duzu, ez beste inoren aurka; nork bere burua gainditzean datza”, argitu du Lemusek. Futbolarekin alderatuz, kirol “txikia” dela uste du, eta, ondorioz, egun jakinen eta lasterketen bueltan biltzen direla.
Hasierako garai hartan, Muskizen eta Gernika-Lumon, eta Gipuzkoan Bergaran, Arrasaten eta Elgoibarren oroitzen ditu lasterketak, baina loraldia zimelduz zihoala nabaritu zuten: “Urteak aurrera joan ahala, motorzaletasuna gutxituz edo baretuz zihoala ikusten genuen. Hori ikusita, Zallako Offroad Motor Kluba sortzea erabaki genuen, eta zaletasuna indartzeko lasterketa gehiago antolatu behar genituela erabaki genuen”. Zaletu asko bildu ziren talde berriaren bueltan. Orain ere, 25 lagun daude antolakuntzan lanean, heldu zein gazte.
Aitortu du askorentzat kirol arriskutsua dela eurena. Hala izendatuta egoteak oztopo ugari dakartza kirol lizentziak lortzeko garaian. Adingabeen baimenak dira horren adibide: “16 urtetik beherakoei ez zaie lizentzia eskatzeko aukerarik eskaintzen, eta, ondorioz, ezin dira lehiatu”. Ez du ulertzen instituzioen erabaki hori: “Ez zait buruan sartzen. Ez dut ulertzen nola debekatzen dieten kirol hau modu formalean egitea”. Herrialde Katalanetako egoerarekin alderatu du: “Han, nerabeei gobernuak ordaintzen die lizentzia, eta baita lasterketetarako diru laguntzak eskaini ere”. Erraztasun administratibo horiek ez eskaintzeak ondorioak dakartzala uste du Lemusek: “Ume bat ez bada txikitatik kirol horretan formatzen, gerora zailagoa da kirol horretan murgiltzea; 16 urterekin ez da hasiko. Ordurako hainbat maila igaro ditu ia motorrean aritu gabe”.
Bizkaiko gazteek Nafarroara edo Espainiara joan behar izaten dute. Ez da berdin gertatzen, ordea, futbolarekin edo saskibaloiarekin: atzerriko klubek bertako kirolariak eraman ez ditzaten, lurraldeko lizentziak errazten zaizkie. Diskriminazioa dagoela iruditzen zaio: “Kirol handiak babestu dituzte, eta gurearen moduko kirol gutxituak baztertu”.
Lehiaketak, urri
Argazki geografiko bat eginez, zirkuiturik ez dagoela salatu du. Lehiatu ahal izateko, gehienetan, Espainiara joan behar izaten dute: Burgosera, Kantabriara edo Zaragozara. Aukera bakarra dago Euskal Herrian: Zallan. Aurten, antolatu diren motokroseko bi lasterketak hantxe bertan izango dira: “Basoagan egingo ditugu, Zallan. Bi lasterketa horiek klubek egindako lanari esker dira posible”.
Motorzaletasunaren etorkizuna kluben esku dagoela iruditzen zaio Iñaki Lemusi: “Piloturik gabe ez dago klubik, eta klubik gabe ez dago federaziorik. Sorgin gurpil bat da”. Kirolaren transmisioaz kezkatuta dago. Pilotu gazterik izan gabe zaletasuna “galdu” egingo dela dio; eta galtzen den hori zaletasuna baino gehiago da motorzalearentzat: “Harremanetarako bidea irekitzen dizu zaletasun honek; lurralde askotan lagunak egiteko aukera ematen dizu”.
Urriak ziren lasterketak are gehiago oztopatu ditu pandemiak. Dena den, egoerara moldatuta eta segurtasun neurriak bermatuta lortu zuten iaz lehiaketa bat antolatzea: “Gastu asko izan dira, eta ahalegin handia egin behar izan dugu. Baina egoerarik gogorrenera ere molda daiteke. Maiatzaren 23an daukagu hurrengo topaketa garrantzitsua”.