Maialen Arteaga
Zeta zineklub berria jaio da Ondarroan. Otsailaren 7an eman zioten hasiera proiektuari, film emanaldi batekin, eta, ordutik, hilero heldu eta haurrentzako pelikula bana eskaini nahi dituzte. Herriko errealitateari erreparatuz, zinema arloko eskaintzan hutsune bat nabaritu zuten, eta behar hori betetzeko abiatu zuten egitasmoa. Izan ere, hiru zinema areto zeuden bere garaian Ondarroan, baina azken urteetan, zinemarik gabeko herri bat izan da. Urteak aurrera joan ahala, hainbat arrazoirengatik herriko aretoek ateak itxi dituzte, eta herria zinema aretorik gabe geratu zen; duela bost urte itxi zuen azkenak. “Uda garaian oporretara joan zirela adierazi zuten zinemakoek, baina ez ziren inoiz bueltatu”, kontatu du Zeta zineklubeko Nahia Gartziak. Herritarrentzat zinemara joateko aukerak asko murriztu ziren orduan: “Ia ordu bateko bidaia egin behar genuen zinemara joateko; Lekeitiora joan gintezkeen, baina areto handiago batera joan nahi izanez gero, Donostiara edo Bilbora joan behar izaten genuen”. Autoa hartu eta herritik atera behar izateak zinemarako oztopoak direla uste du. Egoera hori izanik ere, Ondarroa kulturzaletasun eta eskari handiko herri bat dela esan du Gartziak, eta zinemaren “xarma” berreskuratu nahi zuten. Hala elkartu ziren Gartzia eta egun taldeko kide diren beste lau lagunak.
Proiektua posible egiteko espazio fisiko bat behar zuten, ordea. Ondarroako aretoek baldintzak betetzen ez dituztela ikusita, lehenago zinemaren aterpe izan zen Bekozini aretoaren ateak jo zituzten, eta bertako kulturgileek espazioa utzi zieten. Udalak ere diru laguntzak eman zizkien proiektua gauzatzeko, eta, horrela, hilabete batzuetarako programazioa antolatu ahal izan dute. “Laguntza hori gabe ezinezkoa izango litzateke”, dio Gartziak.
Bestelako eskaintza
Zinema areto handi eta ofizial batean ez aritzeak ere mugak dituela azaldu du: “Zineklub txiki bat garenez, ezingo ditugu estreinaldiko filmak ekarri”. Plangintzatutako eskaintzan film ez komertzialak izango dira nagusi Ondarroan, eta, hizkuntzari dagokionez ere, irizpide batzuk jarraitzeko erronka hartu dute: “Guretzat garrantzitsua zen desberdintasun batzuk mantentzea Netflix bezalako plataforma batekin. Kritikotasuna lantzen duten pelikulak eman nahi ditugu, baita euskarazko zinema indartzea ere”, zehaztu du.
Gazte eta haurrei zinemaren xarma transmititu nahi diete. Baina zer dauka gazte batentzat zinemak, Netflixek edo HBOk eskaini ezin duenik? “Nik uste dut zinemara joatea norbaitekin momentu berezi hori konpartitzea dela. Aretoa bera ezberdina da; pantaila, soinua… Egia da gaur egun erraz lor daitekeela, baina etxean Netflix ikusten gaudenean beste mila gauzetara egoten gara: pelikula gelditzen dugu, altxatzen gara, zerbaiten bila joaten gara… Zinemara joatea egiten zauden horri arreta eta denbora eskaintzea da”.
Pandemia garaia, ikusle kopuru mugatua, osasun neurriak, kultura jomugan…Garaiari zintzoki erreparatuta, Zeta zinekluba martxan jartzea “erronka” bat dela adierazi du Gartziak: “Ez dakigu luzera begira proiektuak zer erantzun izango duen, baina garai honek beste aurpegi bat ere badauka: joan-etorriak murriztu dizkiguten honetan, ikusi da herri bakoitzaren autonomia eta herritasuna garatzea garrantzitsua dela. Ezin gara kanpora joan, eta proiektu guztiak herrian bertan garatu behar ditugu”. Kanpora joateko oztopoen errealitate berriari, muga gisa ikusi baino gehiago, herri kultura sustatzeko “aukera” perspektibatik eutsi dio zineklubak. Horren erakusle, lehen emanaldiek izan duten harrera beroa: “Duela bi asteko proiekziora 70 ume baino gehiago etorri ziren, eta oso pozik guztiak. Gurea bezalako herri txiki batentzat igandetako mugimendu hori oso polita da”.