Ibai Maruri Bilbao
Askotan galdetu diete Alfredo Ortizi eta Itxas Egurra Haizean elkarteko gainontzeko kideei zer dela-eta zaharberritzen dituzten hondatutako zurezko batelak. Ortizek beti erantzun bera ematen die: “Gure itsas ondarearen parte garrantzitsua direlako”. 2009an sortu zuten elkartea, Abrako eta Gorlizko badietako portuetan betidanik ezagutu izan dituzten batelak ia desagertuta zeudela konturatu zirenean. “Aurretik ez genuen elkar ezagutzen, baina joaten ginen hango eta hemengo portura, eta ikusten genuen egoera zein zen, eta han topo egitean elkarrekin komentatzen genuen: ‘Gure aitak bazuen batela, edo gure osabak, edo gure aitonak, eta orain ez dugu familiako inork'”.
Elkartean bazkide diren hemezortzi lagunetatik guztiek dute gaur egun zaharberritutako batel bat. Eta beste batzuk ere zaharberritu dituzte. Guztira, 25 inguru. “Hiru San Joan suan erretzetik salbatu genituen”, gogoratu du. Batelek badituzte ezaugarri komun batzuk: Abrako ohiko batelak dira, arraunekin edo heren-bela batekin mugitzen direnak; hau da, Kantauri itsasoan beti erabili izan den bela motarekin. “Batzuek motorra izan dute, baina kendu egiten diegu. Mantenu handia eskatzen dute, eta, gainera, gu indar fisikoarekin mugitzearen aldekoak gara”. Erabiltzekotan, kanpoko motorra erabiltzen dute.
Gaur egun zuzendaritzako kide da Ortiz, eta hainbat urtean diruzaina ere izan da. Aitortu du elkartera batu zen arte itsasoarekin zuen harremana zeharkakoa zela: “Nire ofizioak ez du itsasoarekin zerikusirik. Baina, duela 30 urte inguru, lagun batekin sarri itsasoratzen nintzen atunetara, lagunak Plentzian zuen ontzian, Barbarin izenekoan. Ontzian bertan egiten genuen lo ere. Agian, 70 ordu egiten genituen itsasoan, kostaldetik 20-25 miliara”. Elkarteko gainerako kideek ere antzeko lotura izan zuten itsasoarekin. Haietako inor ez da itsasoko langilea izan. Guztiak portuetatik gertu bizi dira, edo Bilboko itsasadarrean. “Esango nuke gertutasun horrengatik itsasoko mundu horren parte izateko grina piztu zaigula”.
Beste batzuekin
Batelak zaharberritzeaz gain, elkarte modura itsas arloko hainbat topaketatan hartzen dute parte. Iaz, pandemia dela eta, ezin izan zuten ezer egin. Baina aurreko urteteetan Euskal Herrian eta atzerrian ibili dira. Esaterako, abuztuan Bermeon 1912ko enbata gogoratzeko kandelak eta farolak piztuta egin ohi den itsasontzien martxan parte hartzen dute urtero. Horrez gainera, joaten dira Lapurdira, Bretainiara, Galiziara. 2018an, Albaolak Pasaian (Gipuzkoa) antolatu zuen itsas jaialdian ere izan ziren. “Hamabost ontzirekin parte hartu genuen. Han elkartu ziren itsasontzi handien erdian egon ginen gu, txiki-txikiak. Itsasoaren munduari egin genion nahi izan genion omenaldi xumea izan zen”, esan du. Zumaiako (Gipuzkoa) Euskal Batelariak elkartekoekin bateleroen topaketak egin izan dituzte: Bermeon, Elantxoben, Zumaian, Hondarribian (Gipuzkoa), Baionan… Gogoratu du batera antzean sortu zirela euren elkartea eta Zumaiakoa, baina ez bat egitea erabaki zutela, bileretarako-eta etxetik gertuko elkarteak izatea egokiago iritzi ziotelako.
Getxon bertan ere antolatu izan dituzte topaketak, baina erakunde publikoekin gogaituta amaitu dute. Ortizek dio ez dutelako laguntza instituzionalik jasotzen. Eta hainbat adibide ipini ditu. Adibidez, Getxon bertan, Algortako Portu Zaharrean, portuko arrapalapean dagoen lokal baten erabilera eskatu zuten, alokairu baten truke bertan euren tresnak gordetzeko. “Eskatu eta berehala, sarrera estali zuten”.
Plentziako Udalarekin ere marismetan dagoen 100 metro koadroko txabola batean interpretazio zentro bat atontzeko negoziatzen hasi ziren, baina ezerezean geratu zen asmoa. Ontziola txiki bat egiteko proiektua ere egin zieten Getxoko arkitekto batzuek, baina proiektuak ez zuen babesik jaso. “Han konponduko genituen gure batelak, hitzaldiak emango genituen, turistentzako erakustaldiak… Baina, ezer ez. Hainbat udalekin bildu gara, eta inork ez digu erraztasunik eman lokal bat izateko. Egiten duguna erakutsi nahi dugu, eskola umeei eta. Ea bakar batzuei interesa pizten zaien eta gure lekukoa hartuko duten gazteak lortzen ditugun”.