Kirolariak neurri berrien menpe

Kirolariak neurri berrien menpe

Peru Azpillaga Diez

Entrenamenduetarako neurri bereziak, publikorik gabeko norgehiagokak, atzeratzen diren partidak, bertan behera geratzen diren txapelketak, prebentzio probak, konfinamendua… Mota guztietako oztopoak gainditzen ibili behar dira Bizkaiko kirolariak COVID-19a gaixotasunak jotako 2020-2021eko denboraldian zehar. Haien eguneroko lana ezagutu, bete behar dituzten neurriak azaldu eta egiten duten lanaren berri emateko, Bizkaiko Hitza-k lau kirolari elkarrizketatu ditu: Mikel Garitaonaindia Zornotzako saskibaloi taldeko entrenatzailea, Irene Ogiza Athletic taldeko futbolaria, Asier del Arco Durango kirol taldeko korrikalaria eta Maddi Aalla Barakaldoko Zuazo eskubaloi taldeko jokalaria.

MIKEL GARITAONAINDIA (Zornotzako saskibaloi entrenatzailea)
“Kirola baino ez dela uste dute askok, baina lana ere bada guretzat”

“Taldeari dagokionez, nik uste dut ez ditugula arazo lar izan. Jendea ondo zaintzen ari da, eta taldeko konfinamendu orokor hori, beste askok jasan behar izan dutena, ez dugu pairatu behar izan oraingoz”, azaldu du Mikel Garitaonaindia Zornotzako saskibaloi taldearen entrenatzaileak. Taldean jokatzen diren beste kirol askotan bezala, jokalariren bat COVID-19a birusarekin gaixotuko den beldur da Garitaonaindia etengabe, horrek ekar ditzakeen osasun arazoez gain, taldearen jarduna ere gelditu dezakeelako. Horregatik, jokalariek eta klubeko jendeak taldearekin duen konpromisoa nabarmendu du.

“Jokalari batzuk hamar egunez konfinatu egin behar izan dira, baina, zorionez, ez dio talde guztiari eragin”, azaldu du orain arte gertatutakoaz. Oraingoz, partida gehienak normal jokatzen ari direla esan du, baina erantsi du beste taldeetan egondako positiboen ondorioz horietako asko atzeratu egin behar izan dituztela: “Batzuetan aurreko egunean ematen dizute horren berri”. Egoerara egokitzeko ahalmena funtsezkoa izaten ari dela ere azpimarratu du, eta kasuan-kasuan “hobeto” moldatzen den taldeak “abantaila” ere izan dezakeela adierazi du. “Astero probak egiten ditugu, partida bakoitza baino bi egun lehenago. Taldea ondo erantzuten ari da, eta jokalari guztiak ardura handia ari dira erakusten. Argi dago arriskua hor dagoela, baina, oraingoz, ondo gabiltza”.

Txanponaren beste aldean, ordea, partidak zalerik gabe jokatzeaz penatuta mintzatu da Garitaonaindia: “Etxeko lehenengo bi partidak zaleekin jokatu genituen, baina, geroztik, ezin izan da”. Kanpoan jokatzen dutenean, zelai batzuetan zaleak egotea baimenduta dagoela azaldu du, eta asko nabaritzen dela aitortu du. “Ez da gauza bera partida bat entrenamendu bat balitz bezala jokatzea edota zaleekin jokatzea. Benetan asko sumatzen dugu gure jendearen falta”.

Hori guztia kontuan izanik, denboraldia iraupen prozesu bat dela uste du. Argi dauka egoerak ezin duela horrela luzaroan jarraitu: “Zaleturik gabe, kirol honek ez du zentzu askorik. Taldeari zein klubari kalte handia dakarkie”. Horrez gainera, esan du osasun larrialdiak klubaren egoera ekonomikoa “zaildu” egin duela. “Egoera ez da erraza, eta denok gabiltza daukaguna baino apur bat gehiago ematen hau aurrera atera ahal izateko. Baikorrak izaten saiatzen gara. Egoera oso zaila da guztiontzat. Kirola baino ez dela uste dute askok, baina lana ere bada guretzat, eta hori zaindu beharra dago”.

Kirolari buruzko erreportajea

IRENE OGIZA (Athletic taldeko futbolaria)
“Norgehiagokak bertan behera uztea arazo bat da ligan”

“Gazi-gozoa” da Irene Ogiza futbolariaren denboraldia. Izan ere, Athleticeko bigarren taldetik lehenengora salto egitea lortu du aurten, eta, horrekin batera, golegile moduan ere estreinatu da Espainiako Lehen Mailan. Hala ere, osasun larrialdiak baldintzatutako denboraldian egin du debuta, eta, taldekideak bezala, neurri berrietara moldatu behar izan da.

“Egunerokoan gehien nabaritu dena aldagelak ezin erabili izana da”, kontatu du Ogizak. “Jada normalizatu egin dugu, baina egia da igarri egiten dela, momentu ugari bizi izan dugulako bertan”. Esan du bigarren taldean ez dutela atzeratutako partidarik izan, baina lehenengo taldera salto egitean hainbat jokalari gaixotu egin dira, eta hiru partida bertan behera utzi behar izan dituzte. “Norgehiagokak bertan behera uztea arazo bat da [Espainiako] ligan. Bartzelona, esaterako, kexatu egin da, protokoloa ez zegoelako ondo zehaztuta eta partida asko atzeratu egin dizkiotelako”.

Athleticeko lehen taldean, berriz, 11 pertsona konfinatuta egon direla kontatu du Ogizak. “Aurreko asteko entrenamenduetan sei aritu ginen, eta horrela ezinezkoa izan zaigu azken partidak jokatu ahal izatea”. Partida bakoitza baino bi egun lehenago antigeno probak egiten dizkietela azaldu du, eta kluba ere kasuak eragozteko lanean ibiltzen dela. “Beraz, ezin gara kexatu. Ardura izateko eskatu digute, eta hala ibiltzen gara. Arazorik handiena bidaietan dago. Horrelako joan-etorrietan ezinbestean izaten ditugu kontaktu zuzen batzuk, eta, hain zuzen ere, bidaia baten ostean topatutako positibo baten ondorioz jazo da azkeneko asteetako egoera”.

Denboraldia hasi baino lehen zegoen ziurgabetasunaren ondorioz, bigarren taldearen entrenatzaileak partida guztiak azkena balira bezala jokatzeko eskatu ziela adierazi du Ogizak, eta, geroztik, jarrera horri eutsi diola azpimarratu du. “Pozik nago lehengo taldean aritzeko aukera izan dudalako. Egia da gaixotasunak errespetua ematen duela, baina ondo ari gara eramaten eta oso gogotsu gabiltza”.

Zuazo Eskubaloi

ASIER DEL ARCO (Durangoko kirol taldeko korrikalaria)
“Etxean hamar egunez geldirik egon ostean, akabo denboraldia”

Astetik astera aldatuz doazen neurrietara moldatzen dabil Asier del Arco Durangoko kirol taldeko korrikalaria ere. “Hasiera batean bazirudien denboraldia bere horretan manenduko zela. Baina, pixkanaka, egoera gaiztotuz joan zen, neurriak gogortu ziren, eta korrika egin gabe geratuko ginela ere pentsatzera heldu ginen”, adierazi du.

Lehenengo lasterketak bertan behera geratu zirela azaldu du, baina egoera egonkortu dela eta normal-normal lehiatu direla. “Arazo nagusia izan da lasterketa asko murriztu egin dituztela; jende gutxiagori uzten diote parte hartzen, eta, beraz, zailagoa da hainbat txapelketatan lehiatzeko aukera izatea. Espainiako Txapelketan, esaterako, erdira mugatu dute korrikalari kopurua”.

Horretaz gain, prestalanak egiteko izandako oztopoetan ere jarri nahi izan du arreta. “Momentu batzuetan maskararekin entrenatzen ibili behar gara; kirol instalazioetan ez, baina bai kalean”. Denboraldiaren inguruan zeuden zalantzen ondorioz, gainera, lehiatzeko era aldatu dela nabarmendu du: “Taldeak murriztu egin dira, eta, hasiera batean, jendea normalean baino gehiago lehiatzen ibili da”.

Era berean, Del Arcok uste du motibazioak behera egin duela: “Prestatzeko egon diren arazoen ondorioz, jendea, batez ere, mantentzeko ari da lehiatzen”. Gainera, gaixotzeko edota gaixo baten kontaktu zuzena izateko arriskua ere aipatu du: “Etxean hamar egunez geldirik egon ostean, akabo denboraldia. Nik, oraingoz, ez dut arazorik izan, baina klubean egon dira kasu batzuk, eta beldur hori oso presente dugu”.

Zornotza saskibaloia

MADDI AALLA (Zuazo eskubaloi taldeko jokalaria)
“Talde guztia konfinatu behar izan gara, eta hiru partida atzeratu ditugu”

Denboraldi osoa arazo handirik gabe aurrera ateratzen ari baziren ere, duela gutxi Zubieta Evolution Zuazo eskubaloi taldeko jokalari guztiak konfinatu egin behar izan dira positibo batzuen ondorioz. Hirugarren olatuak ligako talde askori eragin diela azaldu du Maddi Aalla jokalariak. Denboraldia arriskuan ikusi ostean, federazioarekin akordio bat lortu dute, eta, orain, partida guztiak baino lehen, talde guztietako jokalariei probak egingo dizkiete.

“Orain arte ez dugu hainbeste nabaritu, baina azkeneko asteak oso gogorrak izan dira, talde asko erori dira, eta partida gehienak bertan behera utzi dituzte”, azaldu du Aallak. “Talde guztia konfinatu behar izan gara, eta hiru partida atzeratu ditugu: [Espainiako] kopako bi eta ligako bat. Partida horiek guztiak hilabete honetan jokatu beharko ditugu”. Aurretiaz zituzten baino partida gehiago jokatzeaz gain, etxean hamar egunez egon ostean eta entrenatzeko denborarik gabe egin beharko diote aurre hurrengo partidari.

Talde guztiek ez dituzte izan partiden aurretik probak egiteko gaitasun ekonomikoak. Egoera “larria” zela ikusita, Espainiako Federazioari konponbide bat emateko eskatu zioten klubek, bestela ez zelako bideragarria ligak jarraitzea. “Laguntza lortu da, eta hasiko dira guztioi probak egiten. Horri esker, espero dugu egoera kontrolatzea. Azken batean, kirolariok ere baditugu gure bizitza eta gure lana. Aspaldian bizi izan dugun egoera jasangaitza izan da”.