Baratzeen transmisiorako giltzarri

Baratzeen transmisiorako giltzarri

Maialen Arteaga

Lekeition ereitearen, landatzearen eta kontsumitzearen alde egiten du lan Lekitto Bedarra elkarteak. 2012an sortu zen taldea herritar batzuen eskutik, eta, gaur egun ere, apustu beraren alde egiten dute lan. “Nahiz eta Lekeitio herri marinela izan, hainbat ortu ditu; hala ere, apurka-apurka galtzen ari dira. Geroz eta eraikin eta porlan gehiago dugu inguruan, eta ortu gutxiago”, azaldu du Julian Arrate Lekitto Bedarra elkarteko kideak.

Lekuan lekuko ekoizpenarekin eta zero kilometroaren pentsaerarekin bat egiten dute kideek. Pentsaera horren transmisioa “erronka” bat dela uste dute: “Ortuaren inguruko jakintza beti etxekoen transmisioaren bidezkoa izan da; ez dago baratzezainon etorkizun hori bermatzeko oinarri jorraturik”. Baina, desafioari heltzeko beldurrik gabe, jakintza transmititzeko jardunaldiak eta formakuntza saioak antolatzen dituzte. “Guretzat, zutabe garrantzitsu bat da formakuntza. Mintegi bat izatea nahi dugu, jende berriak batu nahi badu, edo norbaitek ortuaren filosofiara hurbildu nahi badu, nora jo izan dezan. Baita kontsultarako espazio bat izateko ere”.

Urtero pare bat formakuntza saio antolatzen dituzte. Horietako batzuetara beste tokietako adituak gonbidatzen dituzte, esaterako, Paco Saez baratze aditua edo Mariano Bueno nekazaritza eta geobiologia aditua. Eskala txikiagoko saioetarako, berriz, Euskal Herriko kideak ekartzen dituzte; Jagoba Rekondo, esaterako. Hurrengo geltokia bi aste barru daukate: otsailaren 20an, mahats inausketa ikastaroa antolatu du elkarteak. Lekeitioko Santa Katalina parkean egingo dute formakuntza, 10:30ean hasita. “Mahats inausketarako ohitura handia egon da herrian. Garai batean, 940.000 litro txakolin egiten ziren; gaur egun, hainbat mahasti dauden arren, ez dira mila litro baino gehiago egiten”, adierazi du Arratek.

Konpromiso handiagoa

Proiektua jaio zenetik zortzi urte pasatu eta gero, hamar kidek osatzen dute orain talde bultzatzailea, baina jarduerak herritarrekin batera gauzatzen dituzte.”Taldeko kideok gure ortua daukagu, baina auzolanera hurbiltzen ziren askok, ez. Haiei produktuak oparitzen genizkien, eta asko eskertzen ziguten”, kontatu du Arratek. Dinamika asko aldatu zaiela esan du; are gehiago, pandemiak azaleratu dituen beharrizanekin: “Astean bi, hiru edo lau aldiz joaten gara ortura. Askoz dinamika indartsuago batean sartzea ekarri digu COVID-19ak”.

Itxialdiarekin batera, Lekittarrok Zaindu herri plataforma sortu zen, pertsona zaurgarrienei elikagaiak banatzeko eta adinekoei laguntzeko: “Ekimen horri nola atxiki pentsatzen aritu ginen, eta erabaki genuen produktuak eurei banatzea ideia ona izan zitekeela”. Beharrik handiena dutenentzat elikagaiak banatzen dituzten elkarteekin elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu zuten; Lekittarron Zaindu zaintza sarea, Gurutze Gorria, moja domingotarrak… “300 kilo baino gehiago banatu genituen aurreko urtean”, zehaztu du.

Arratek uste du, beste askori ez bezala, pandemiak eta neurri murriztaileek ez dietela okerrerako eragin: “Gehieneko pertsona kopurua errespetatuz egiten dugu lan, eta baratzeak leku irekiak direnez, ez du gure jarduna asko galarazi. Ikastaroak egiteko bai, baina, bestela, konpromisoa handiagoa hartzea ekarri digu”. Aurtengo helburuen artean, iazko 300 kiloak gainditzeko asmoa dute. Horrez gain, laguntza ekonomikoen bitartez, txabola bat eraikitzeko plana dute, aldagela gisa erabili eta tresnak gorde ahal izateko: “Diru iturriak asko murriztu dira, laguntzek asko lagunduko digute txabola eraiki eta dinamika jarraitzen”. Sorpresaren bat edo beste ere badute Lekeitiarrentzat: “Aldundiarekin harremanetan gabiltza; baliteke urte amaierarako ortu komunitarioren bat lortzea”.