Rafa Ugalde: “Sarri irakurleak uste du pornografia dela, bera oso bisuala delako”

Rafa Ugalde: “Sarri irakurleak uste du pornografia dela, bera oso bisuala delako”

Natalia Salazar Orbe

Arratiako Kalenturak ipuin erotikoen bigarren lehiaketaren lehen saria irabazi du Rafa Ugaldek (Zornotza, 1961), Misterioa idazlanarekin. Zertu elkarteak antolatzen du lehiaketa. Ipuina Begitu aldizkarian argitaratuko dute datozen egunetan. Bigarren saria Carlos Aretxabaleta bediarrak jaso du, Adiorik ez lanarekin. Iratxe Retolazak, Igor Estankonak eta Alvaro Rabellik osatu dute epaimahaia. Asteburuan egin zuten sari banaketa ekitaldia, Lemoan. Arratiako lanik onenaren saririk ez zuten banatu, egile biak eskualdean bizi direlako; Ugalde Diman bizi da. Lehiaketak jarraitzen badu, saritutako lanak liburu batean jaso eta argitaratuko ditu aurrerago Zertu elkarteak.

Ezer baino lehen, argituko duzu zein den zure kontakizunaren misterioa?

60 urte betetzeko bidean nago ni. Gure belaunaldikooi azaldu ziguten misterioa zela ama birjina haurdun zer-nola geratu zen. Gai horri heldu diot nik. Ipuinean zehar teoria bat ematen dut, nire ustez zentzuzkoagoa dena, azaltzeko zer-nola geratu zen haurdun Nazareteko Maria. Hori da nire misterioa.

Hala azalduta, erotikarekin lotura urria sumatzen zaio.

Eszenak erotikoak dira. Haurdun gelditzeko erotismoa tartean egongo zen, baldin eta ez bazen izan izpiritu santuaren bitartez. Ni izpiritu santuaren ildotik aldendu naiz. Haragizko harremana sartu dut tartean, neska bat haurdun gelditzeko.

Lehenago ere landu izan duzu literatura erotikoa, eta ez da era honetako lehiaketa bat irabazi duzun lehen aldia.

Aspaldi irabazi nuen era horretako lehiaketa bat, Basauriko Euskarabila elkarteak antolatzen zuenean. Txalaparta argitaletxearekin argitaratu nuen Relax izenburuko liburua ere.

Ipuin erotiko batek ona izateko eta arrakasta izateko, osagai zehatz batzuk behar ditu ?

Niri inoiz esan didate ipuin pornografikoak idazten ditudala. Ez da hala. Lehenik eta behin, irakurleak irakurtzen jakin behar du. Hau da, eszena bat deskribatzen bada benetan sexu harremanetan den bezala, horrek ez du ezan nahi hori pornografikoa denik. Hor hari bat egon behar da. Esaterako, kasu honetan niri azaldu zidaten erlijioaren kritika bat egiten dut, modu apur bat ironikoan. Sexuzko eszenak deskribatzen dira, bai. Baina hari bat, istorio bat izan behar dute era horretako ipuinek. Nire ustez, istorio horiek isla bat izan behar dute gure gizartean; gure gizartean gertatzen diren gauzak izan behar dira. Sexuzko eszenak deskribatu egiten dira benetan diren bezala, ez zikintzat hartuta. Hala ere, hori ipuinaren atal bat da. Ipuinaren helburua ez da eszena hori.

Errelatoak oso bisuala izan behar du, ala hobe da iradokitzaileagoa izatea?

Nire ustez, hobe da iradokitzaileagoa izatea. Sarri irakurleak pentsatzen du pornografia dela, bera oso bisuala delako. Bisualizatu egiten duelako pasarte hori. Hala ere, narrazioak beste hainbat gauza iradoki egin behar ditu, eta zer pentsatu eman behar du. Gogoeta bat egon behar da horren guztiaren azpian.

Era honetako ipuinak baliagarriak izan daitezke sexualitatea modu osasungarrian eta errespetuzkoan deskubritu eta garatzeko?

Baietz uste dut. Nik aholkatuko nuke era honetako ipuinak irakurtzeko sexualitatea naturaltasunez ulertzeko. Gaur egun joera da irudia bera ikustea, besterik ez. Pornografiaren barruan sartzen gara hor. Gauzak aztertu egin behar dira, eta kokatu: sexua eta sexualitatea daude, baina horiek bizimoduaren atal bat besterik ez dira. Bizimodua atal askok osatzen dute, ordea.

Zer-nolakoa izan da literatura erotikoaren bilakaera azken urteetan?

Ez dakit duela bi hamarkada literatura erotikorik ote zegoen. Egia esan, salto handia gertatu da. Ni mutikoa nintzela, hemen Corin Telladoren lanak asko irakurtzen ziren. Nire ustez, horterada bat dira. Literatura mota hori pasatu da horteroa izatetik errealagoa izatera. Azken batean, erotismoa eta sexua gure bizimoduan daude. Naturala da. Hala ere, erabili izan da eleberri erromantikoak beharrean horterak zirenak egiteko. Narrazio erotikoetan erromantizismoa ere badago. Eta erromantizismo hori sexuzko eszena batean amaitzen da. Bizitza errealean ere hala gertatzen da: maitemindu egiten gara, oso erromantikoak gara hasieran, eta sexu harremanera iristen gara. Lotuta doaz. Erromantizismoa galtzen denean, pornografiaren esparruan sartzen gara.

Euskararen normalizazioan jarduten zara lan profesionalean. Garrantzitsua da arlo horretan ere euskara normalizatzea?

Bai, horretan nabil. Irakaslea izan naiz eta orain euskara teknikari ari naiz Zornotzan. Bai, euskarak beharrizana dauka arlo guztietan, zoritxarrez. Honetan ere bai. Hau oso arlo gaitza da, gainera. Nik uste dut sentipen gehienak gazteleraz adierazten direla. Sexu harremanak sentipenezko harremanak dira, eta hemen ere badago zer landu.