Tokian-tokian ekoizteko apustua

Tokian-tokian ekoizteko apustua

Maialen Arteaga

Guretzat, esperimentazio laborategi bat da”. Horrela deskribatu du Hemen proiektua Markel Gonzalez sortzaileak. Hirukotean, Estela Miguel eta Uxue Lopezekin elkarlanean gorpuztu zuen, duela lau urte. Egun, kide gehiagorekin batera egiten dute lan, Bilboko Erronda kalean. Artisautzan eta eskulanean oinarrituz, mota askotako produktuak kaleratzen dituzte: bitxiak, arropak, altzariak… Baina produktu horiek guztiek printzipio jakin batzuen eraginpean produzitzen dituzte: “Produkzio lokala hauspotu nahi dugu, tokian-tokiko ekoizleekin sare bat sortu, eta, muturreko kapitalismoaren garai hauetan, tokikoa indartu, gainprodukziorik izan gabe”, azaldu du Gonzalezek.

Proiektuaren produktu bakarra ez dira gailu fisikoak, ordea. Alde didaktiko bat ere badauka. Izan ere egoitzan Egitearen iraultza izeneko tailer irekiak antolatzen dituzte. “Lehenengo pausoa barrura begira eman nahi genuen. Pedagogikoa den arte baten sinisten dugulako. Eta, horregatik, ingurukoek Hemen barrutik ezagutu behar zutela ikusten genuen”. Dinamika martxan jarri zutenean, sorpresa handia jaso zuten, uste baino jende gehiago hurbildu zelako saioetara. Artisautza berreskuratzea garrantzitsua dela esan du Gonzalezek: “Sistemak gure sorkuntza gaitasuna ezkutatzen digu: eskuak atrofiatu egiten dizkigu. Jendeak tailerretan deskubritzen du baduela ahalmena gauzak egiteko; autogestioz eta autoprodukziorako”.

Neoartisautza, bizitza eredu

Hemen-en filosofia bizitza eredu bat dela iruditzen zaio Gonzalezi. Neoartisautzaren bidez ofizio bat izatea posible zela erakutsi nahi zuen hirukoteak: “Badirudi askotan arte ederretatik eta sorkuntzatik ez dagoela duin lan egiterik”. Duintasun hori, baliabideekin ez ezik, ingurumenarekiko “errespetuz” izan behar dela aldarrikatu du: “Hemen-en, inoiz ez dago gainprodukziorik: beharren araberako materialak kaleratzen ditugu. Inguruarekiko errespetua dugu: behar den materiala erabiltzen da; ondorioz, ez da inoiz materialik galtzen, dena eskala txikian egiten delako. Tokiko hornitzaileekin egiten dugu lan, eta ez dugu animalia jatorriko ezer erabiltzen”. Printzipio horiek guztiak beteta lan egitea zaila dela aitortu du sortzaileak, baina, zailtasun guztien gainetik, errespetu horren aldeko apustua berretsi dute.

Arropak produzitzea proiektuaren mugarri nagusietako bat izan da. Iaz lortu zuten lehenengo tiradak kaleratzea, horiek ere printzipio berberen gidaritzan. Generoari dagokionez, jantziak ez dituzte gizon-emakume banaketa binarioan sailkatzen: “Argi geneukan sailkapen binarioa puskatu nahi genuela. Guretzat oso garrantzitsua zen generorik gabekoa arropa egitea. Bakoitzak nahi duen eran eraikitzen baitu generoa; jantziekin zein beste erabaki guztiekin”, azaldu du Gonzalezek. Ildo beretik, gorputz guztietara egokitzen diren jantziak egiten dituzte.

Prozesuaz pentsatzen jarri da Gonzalez: “Proiektu osoa diziplinarteko planteamendu artistiko bat da; mahai gaineko lehenengo zirriborrotik produktuen azkeneko argazkiraino”. Formatu honek hausnarketa prozesu handia eskatzen dio taldeari, baita kide berrien inkorporazioa ere. Horietako bat izan zen Selva Gomez artista bisuala. Komunikazioaren garai berrietara egokitzeko, ezinbestekoa dela iruditu zitzaien iruditeria zaindua izatea, bai webgunean, bai sare sozialetan. Horrela, antzinako artisautza modu berritzaile baten erakusten dute.”Garrantzi handia ematen diogu iruditeriari; oso beharrezkoa deritzogu”, esan du Gonzalezek. Hala ere, hain ezinbesteko hori “ahulgune” ere bilakatu daitekeela esan du: “Diziplina aniztasun hori batzuetan gehiegi ere bada: ehunak, zeramika, irudia… Ideia bat hartu eta nola gorpuztu pentsatzen dugu, gorpuztutakoa nola kontatu…”. Badakite proiektu lokalentzat garai txarrak direla, baina, datorrena datorrela, lanean jarraituko dutela esan du: “Lana bera delako guretzat borroka esparru”.