Oraindik ez dute argitu

Oraindik ez dute argitu

N. S. O.

Zaldibarko zabortegia amildu eta astebetera hasi ziren lanean Durangoko epaitegian gertatutakoa ikertu eta argitzeko asmotan. Balizko bi delitu ikertzeari ekin zioten, eta, hasieran, epaile banak hartu zuen horietako bakoitzaren ardura: langileen eta pertsonen kontrako deliturik ba ote den ikertzen hasi zen Durangoko Lehen Instrukzio Aretoa. Ingurumenaren kontrako deliturik ba ote den ikertzeari ekin zion, berriz, Durangoko Bigarren Instrukzio Aretoak.

Kasua bi ataletan eta bi aretotan zatitzeak zenbait bikoizketa eragin zituen. Besteak beste, lekuko batzuek bi epaileren aurrean deklaratu behar izan zuten. Familien abokatuek eskatu zuten bi kasuak bateratzeko eta epaitegi bakarrean ikertzeko. Azkenean, abuztu erdi aldeaz geroztik, pieza bakarrean ikertzen ari dira bi auziak. Lehen Instrukzio epaitegiak hartu du ikerketa bere gain.

Ertzaintzaren instrukzioa

Auzitegien ikerketari buruz informazio gutxi zabaldu da. Ekainean jakin zen Ertzaintzak bukatu zituela epaitegiak agindutako instrukzioak, eta “kriminalitate zantzuak” sumatu zituela zabortegiaren kudeaketan. Orduz geroztik, hedabideen eta lekukoen bidez jakin da zabortegian gertatzen ziren irregulartasun gehienen berri.

Verter Recycling oso abiadura azkarrean hazi zen. 2022rako ixtekoak ziren, nahiz eta 2046ra arte jarduteko baimena zuen. Gero eta zabor gehiago hartzen zuen, gainera: azken bi urteetan, ordura arteko zabor guztien %43 hartu zituen. Milioi erdi tona zabor baino gehiago esan nahi du horrek.

Bestalde, irregulartasun ugari gertatzen zirela zabaldu zuten lekukoek eta zenbait komunikabideren ikerketek. Besteak beste, amiantoa nahasten zutela bestelako hondakinekin, eta baimendu gabeko lur eremuak erabiltzen zituztela. Kamioilari batek BERRIAri kontatu zion “inork nahi ez zituen hondakinak” hartzen zituztela Verter Recyclingen, batere bereizi gabe, askotan.

Herritarrek “ahots propioa”

Eitzagako zabortegiaren auzian akusazio partikularra aurkeztuko dute Zaldibar Argitu taldeak eta Eskubide Sozialen Gutunak. Bi eragileek uste dute garrantzitsua dela herritarrek “ahots propioa” izatea auzibidean.

Zaldibar Argitu taldeak urrian salatu zuen, oraindik zabortegiaren kudeaketa “negargarria” zela. Haien esanetan, erantzukizuna duten erakundeak “eskuak garbitu nahian” ari dira. Hori ikusita, erabaki zuten auzibidean akusazio gisa aurkeztea. Bi eragileek dirua biltzeko kanpaina abiatu uzten prozesuaren gastuak ordaintzeko. Eskubide Sozialen Gutunaren ustez, Zaldibarko ezbeharra egiturazko arazo baten isla da, eta “kontsumo, ekoizpen eta hondakinen kudeaketa eredua aldatu beharra dago”.

Bestalde, Europako Batzordeak urtea bukatu aurretik jakinaraziko du Zaldibarko auziari buruz egiten ari den ikerketaren emaitza. Zabortegiaren kudeaketan gabezia handiak egon zitezkeela iritzita, ohartarazi zuen ardura zuten erakundeak atzeman, zaindu eta, behar baldin bazen, zigortu egin behar zituztela.