Aitziber Laskibar Lizarribar
Hilotzak lurperatzea izan da, duela urte gutxira arte, zendutako gorpuei bide emateko ia aukera bakarra. Hildakoa agurtzeko elizkizuna egin, eta gorpua ehorztea. Hileta zibilek gora egin dute, ordea, azken urteetan. Are gehiago errausketek. Era nabarmenean, eta etengabe; lurperatzeen kopurua gainditu eta bikoizteraino. Datuak ikusi besterik ez dago: iaz, 1.424 gorpu erraustu zituen Bilboko Zerbitzuak erakundeak, eta 769 hobiratu. Beharrizan berriei erantzuna eman behar zitzaiela eta, erraustuko direnak agurtu eta errautsak zabaltzeko eremua prestatu du Bilboko Udalak: Oroimenaren Basoa.
Derioko hilerrian bertan atondu du eremu berria Bilboko Udalak; hilerriaren erdian dagoen Begoñako Amaren plazan. Gorpua erraustu ondoren, hautsak bertan gorde edo zabaltzeko aukera izango dute, beraz, hildakoen senide eta lagunek aurrerantzean. Baita azken agurrerako ekitaldi zibilak bertan egiteko aukera ere.
Berritzailea da proiektua. Orain arte ez zegoen errautsak botatzeko espresuki prestatutako lekurik Bizkaian. Mendian zein itsasoan aireratu ohi ziren gehienetan, edo, bestela, errautsontzian gordeta mantendu. Nork bere etxera eraman behar izaten zituen hurkoaren hauts horiek, ez baitzegoen horiek uzteko eremurik. Hemendik aurrera, hilerrian utzi ahalko dira errautsak, Oroimenaren Basoan hartarako atondutako gunean.
Oroitzeko gunea
Hobiratutakoen senide eta lagunek hilerrian hurkoaren gorpua gordeta dagoen lekua bisitatzeko aukera izaten duten moduan, gorpua errausten duten familiek ere izango dute hurkoa oroitzeko leku bat, beraz; bai hautsak bertan gorde dituztenek, bai bertan aireratu dituztenek.
Horri begira egituratuta dago basoa; senideek agurra intimitatean baina leku atseginean emateko aukera izateko helburuarekin egina da, eta hildako laguna oroitzeko gune bihurtzeko asmoarekin.
Zuhaitzez inguratutako eremuan, ereinotz handi bat da erdigunea: agurren kokaleku izango den eta lurrari itzulitako errautsak hartuko dituen gunea. Zuhaitz nagusiaren oinetan gune borobila dago, egur azalez osatua. Horixe da errautsak zabaltzeko lekua. Errautsak bertan botatzen direnean, ur lainoztatuaren sistema eta ureztatze sistema martxan jartzen dira, errautsak pixkanaka xurga daitezen.
Erdigune nagusi hori harrizko bankuz inguratuta dago. Azken agurrerako ekitaldia modu erosoan jarraitzeko aukera eman ez ezik, bisitariek nork bere hurkoa lasai oroit dezan pentsatuta egituratuta dago. Txapaz egindako hamabi elementuk osatzen dute ingurua. Neurri desberdinetako sormenak dira, eta poesiaren bidez hausnarketari bide ematen diote. Hain zuzen, barnera begiratzeko deia egiten duten Xabier Lizardiren poema zatiak jasotzen dituzte elementu horietako bakoitzak. Eremuaren sarreran dagoen mugarriak, txapa zulatuz egina dagoen hiruki formakoak, bertara sartzeko gonbit egiten dio bisitariari. Gabriel Arestiren testu batek ematen dio ongietorria hildakoa agurtzera doanari, eta hausnarketara dei egin.
Zabala da eremua; handia eta irekia, naturarekin eta inguruarekin elkarbizitzera deitzen duena. 800 metro koadroko txokoan agerikoa da zuhaitzak direla nagusi, eta harrizko zein txapazko elementuek modu arinean egiten dute sarbidea lurraren munduan.
Doako zerbitzua
Hilaren 16an udal ordezkariek inauguratu zutenetik, martxan da Bilboko Udalaren zerbitzu berria. Herritar guztiei zabalik egongo den zerbitzu publikoa edozein herritarrek erabili ahal izango du. Baina, hartarako, jarraibide batzuk bete beharko direla ohartarazi dute udal agintariek. Batez ere, errautsak Oroimenaren Basoan zabaldu ahal izateko Bilboko Zerbitzuak erakundearekin harremanetan jarri beharko dela eta harekin zeremoniarako ordua hitzartu beharko dela abisu eman dute. Telefono zenbaki honetara deitu behar da errautsak zabaltzeko eskaerak egiteko: 94-423 10 19.