Maialen Arteaga
“Lagun arteko irrati bat”, “ondo pasatzeko eta gozatzeko proiektu bat”, “gure ideia zoroak botatzeko espazio bat”. Hala deskribatu dute Iurretako Laixiar irrati libreko kideek beren proiektua. Iurretako lagun talde gazte batek irrati bat sortzeko utopiari ilusioz eta anbizioz eutsi dio; lortu arte. Azaroan ikusi du argia Laixiar irrati libreak; sarean eman dituzte lehenengo bi irratsaioak, podcast formatuan. Orotara, hamar kidek osatzen dute irratiko lan taldea. Mikel Elizaran, Asier Totorika, Asier Vera, Aimar Legorburu eta Ander Duñabeitia Bizkaiko Hitza-rekin bildu dira Iurretako plazan, proiektuaren nondik norakoez solastatzeko.
Hasiera puntura begiratu dute bost kideek. Duela urte batzuk piztu zitzaien irrati bat sortzeko ideia: “Aspaldi irrati bat egiteko ideia izan genuen, baina bitartekoak falta zitzaizkigun. Baliabiderik ez genuenez, hasierako asmo hori hoztu egin zen denborarekin”, azaldu du Ander Duñabeitiak. Asier Verak oraindik atzerago ere gaurko ilusioaren arrastoren bat ikusi du: “Txikitan Kokoriko Irratia izan genuen, eta baliteke nostalgia horretatik abiatu izana”. Ez dago argi hastapenetako ideiaren jatorria non dagoen, argi dutena da ilusioa berrartzeko arrazoia: abadetxearen irekiera. Herriaren zerbitzuetarako eraikina izan zen aspaldi, urteak eman ditu itxita, baina Iurretako gazteek berriro okupatu dute aurten. “Abadetxea zabaldu denean, ilusio handia piztu zaigu; horrela, irratiaren gaiari heltzea erabaki genuen. Hasiera hartako jendea eta kide berri gehiago batu ginen. Horrela hasi zen kontua”, zehaztu du Duñabeitiak.
Bi proiektuen artean lotura badago ere, saretzeaz hitz egiteko “goizegi” da bost kideen ustetan: “Laixiar irratia forma hartzen dabil oraindik; hasi besterik ez da egin. Saretzeaz hitz egiteko goizegi da testuinguru honetan, baina bai, Abadetxeak animatu gaitu irratia sortzera. Hein batean, lehenengo saioan horregatik eman zaio Iurretako Gazte Asanbladari ahotsa”, esan du Elizaranek. Atzera begiratzetik aurrera begiratzera jarri dute begirada. Orain ez dute aterpe finkorik, eta COVID-19aren aurkako neurriak direla eta, kideen etxeetan ekoizten dituzte saioak. Etorkizunean, abadetxea izan nahi dute proiektuaren gotorleku, herritar ororentzat eskuragarri egon dadin.
Irratiaren izena hurbila da iurretarrentzat. Irratiko kideek aho batez erabaki zuten: Laixiar. Iurretako larre zabal bat da:”Bertokoentzako oso leku sinbolikoa da”, adierazi du Totorikak. Kofradiaren elkargunea izaten zen, eta orain urtero bazkari jendetsu bat antolatzen dute bertan. Gazteek ere bertan egin izan dute lo, ekintzak antolatu, parrandaren bat edo beste egin… “Zelai hori mito bat da”, gaineratu du Legorburuk.
Askatasuna, printzipio gisa
Argi izan duten beste puntu bat irratiaren izaera da: “Irrati bat egin nahi genuen, ez egunkari bat, ez beste komunikabide bat: irrati bat”, adierazi du Totorikak, segurtasunez. Laixiar Irratiaren izaerak berezitasun asko ditu. “Libre” hitza darama abizen gisa. Abizen horrek era askotako askatasunei egiten die erreferentzia: “Autogestionatua da, irrati gehienak ez bezala, ez dago finantzatuta, inork ez du jartzen gurean publizitaterik, eta, ondorioz, ez dugu inongo kanpo eraginik. Guk geure ideiak ditugu, eta nahi dugun moduan botatzen ditugu”, azaldu du Verak. Legorburuk askatasunaren beste aurpegi bat plazaratu du: “Irekitasuna ere bai, pertsona bat badator eta zerbaiten inguruan hitz egin nahi badu, hor dauka eskuragarri plataforma bat, bozgorailu bezala”. Gonbita horretan, emakumeen presentzia indartu nahi dute. Izan ere, hamar kide dira, baina pare bat emakume ez daude tartean. Veraren iritziz, lagun artetik jaiotako proiektua delako gertatu da hori:”Ez gara inorengana joan. Uste dut modu naturalean, lagun artean sortutako zerbait delako hartu duela forma hau, eta, era berean, horri eutsi nahi diogu: nahi duena nahi duenean hurbiltzea nahi dugu”.
Izan ere, aurre lanketa askorik gabe, ilusio baten bulkadaz jaio zen irratia. Helburuaz ez dute gehiegi hausnartu; “modu naturalean” dabiltza bidea egiten, baina gozamena eta entretenimendua da kideek eskaini nahi dutena: “Ondo pasatzea da bilatzen duguna, ez?”, galdetu die lagunei Legorburuk. Barre egin dute denek. “Botatzen ditugun zorakeriak gustatzen bazaizkie, ba, are hobeto”, gehitu du. Duñabeitia ados dago lagunarekin: “Helburua ez da entzule kopuru jakin bat lortzea, egiten gabiltzan hori egiten ondo pasatu nahi dugu, irratiaren mundua nolakoa den ikasi”. Ingurukoen konpainian denbora modu entretenigarrian pasatu nahi dutela kontatu dute: “Jendearekin biltzerakoan gustura egon, barre egin eta gure zorakeriak botatzeko espazio bat sortu nahi genuen”.
Bi astero kaleratzen dituzte saioak, eta, momentuz, bi daude entzungai. Herritarren erantzunei erreparatuta, helburua bete dutela dirudi: “Oso harrera ona izan du proiektuak. Lanean, familian… barre asko egin dute gurekin; asko gustatu zaie”. Momentuz, “entretenimendu hutsa” dela esan du Verak. Baina, helburuen forma ere aldakorra izan daitekeela aurreikusten dute: “Printzipioz horrela jaio da. Agian, gerora, beste erronka batzuk hartuko ditu, baina oraindik forma hartzen ari da”.
Erronkak hizpide, finantzaketa sistemaren gaia ere mahai gainean ipini dute: “Hau ere inprobisazio hutsa ari da izaten”, aitortu du Verak.”Baina zehaztu beharko da, irratiaren azpiegituretarako dirua behar da eta”, gehitu du. Barre egin dute kideek. Momentuz, kide bakoitzak bere poltsikotik diru kopuru zehatz bat jarri du proiekturako, baina, gerora, zozketak edo finantzaketa kolektibo kanpaina bat egitea pentsatu dutela azaldu dute.
Oraingoz, baliabideak ez dituzte alde, baina, anbizioz dihardute: etorkizunaz kezkatzen baino gehiago, bizitzen ari diren orainaz ahalik eta gehien gozatzen.