Ibai Maruri Bilbao
Foru Aldundiak joan den barikuan aurkeztu zuen Bizkaiko 2021eko aurrekontu proiektua prentsaurrean, Bilbon. Asteon eroan du Batzar Nagusietara, eta hurrengoan igaroko dira handik diputatuak, bakoitzak bere saileko xehetasunak emateko batzarkideen aurrean. Ondo bidean, otsailean onartuko dituzte. “Seguruenik, hil bukaeran”, esan du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza foru diputatuak. “Egin kasu niri: hasieran izango da”, zuzendu du Unai Rementeria ahaldun nagusiak. Bizkaiko Ogasunak taxututako aurrekontua 7.970,8 milioi eurokoa da; aurten baino %6 gutxiagokoa, zerga bilketaren beherakadagatik. “Hori gertatzen da kontzertu ekonomikoarekin: gauzak oker doazenean, ez datorrela inor laguntzera”, esan du Iruarrizagak. Beherakada maileguekin orekatuko dute; 300 milioi zorpetuko da aldundia.
Aurrekontuko ia 8.000 milioi horiei beste erakundeei dagokiena kendu behar zaie; baita zorraren interesak eta langileen soldatak ordaintzera bideratutakoa ere. Bizkaitik aurten baino gutxiago jasoko dute Espainiako Gobernuak (ia herena) eta Eusko Jaurlaritzak (%8,4). Udalek antzeko, eta %5,2 gehiago Batzar Nagusiek. Hala, diputazioa osatzen duten bederatzi sailei 1.358,8 milioi geratuko zaizkie. Hau da, aurten baino %5,9 gehiago. Inoizko gehien. “Orain Bizkaiari indar egitea dagokio aldundiari, eta horretarako zorpetuko gara, gure egoera finantzarioak ahalbidetzen du eta. Egoera egonkortzean, zorra ordaintzea izango da lehentasuna, berriro okertzen denean zorpetzeko moduan egoteko”, ohartarazi du Rementeriak. Kontzertu ekonomikoaren batzorde mistoaren iraileko bilkuran adostu zuten euskal erakundeek eta Espainiako Gobernuak diputazioek euren gastu muga izatea, zorpetzeko gaitasuna berreskuratuz.
Azkeneko urtean Bizkaiak ezarritako lau erronkak gogoratu ditu: soziosanitarioa, mugikortasun jasangarriarena, digitalizazioa eta energia eredua. Sailetako aurrekontuarekin “Bizkaiak behar dituen” lau trantsizio horiek indartzeko egingo dute lan. Guztira, erronka horrek aurten baino 87 milioi gehiago jasoko ditu.