Natalia Salazar Orbe
“Ardo asko dago munduan, baina txakolina bakarra dago”. Hala baieztatu zuen behin Bizkaiko Txakolinaren gidaliburua aurkeztu zuen Mikel Garaiazabal enologo eta sommelierrak. Txakolina ezin bereiz daiteke Bizkaiko kostaldeko Bakio herritik. Mahatsaren zuku freskagarri horren interpretazio zentroa ere bertan dago: Bakioko Txakolingunea. Asteburuan, urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa daukate herrian: San Jose azoka eta aurtengo txakolinaren aurkezpena uztartzen dituen topaketa. Bateko eta besteko ekoizleek bat egingo dute bihar Bakion.
Gernika-Lumoko urriko azken astelehenaren eta Bilboko San Tomasen parekoa da bakiotarrentzat bihar egingo duten azoka. Hala deskribatu du Izarra Jaso turismo bulegoko teknikariak. “Jai erabat herrikoia da. Nekazaritza mundua du ardatz, baina txakolinaren ekoizpenak ere garrantzi handia hartzen du”.
28 erakusleku izango dira, guztira, Zubiaurrealdeko frontoian, 10:00etatik aurrera. Denetariko produktuak aurkituko ditu bihar Bakiora joaten denak: herriko bertako txakolina, Bermeoko Urdaibai kontserbak, Muskizko pasta agroekologikoa, Bizkaigane esnekiak, Larrabetzuko Sarrikola ogitegiko produktuak, Arrietako Olatxuko marmeladak, Gasteizko Lorea trufak, Muskizko Igor Merinoren Eztizen eztia eta Bakioko ortuari eta pateak.
Unai Beitiak hazitako moxalen mokaduak ere dastagai izango dira. Hori guzti hori, hondarrabi mahatsaren zukuz bustita.
Eguerdian egingo dute uzta berriko txakolina aurkezteko ekitaldia. “Iazkoaren antzeko ekoizpena” izan dela iragarri dute jada herriko ekoizleek, eta “pozik” azaldu dira. Aurtengo berritasun bat: Basarte Ados txakolindegia txakolin beltza egiten hasi da. Haren eta gainerako ekoizleen zukuak dastatzeko modua izango da bihar.
Ospakizunak lehenago ere hasiko dira. Gaur iluntzean pintxo-poteoa egingo dute herriko tabernetan, eta bertso-saio ibiltaria kalerik kale ariko da. Horrez gain, San Joseko 51. Idi Proben lehen saioa egingo dute, 21:00etan. Astelehenean amaituko da idi dema.
Txakolingunera bisita
Etxerako lain izango zen ardo gisa egin zituen hastapenak txakolinak. Eta hortik datorkio izena mahatsaren zuku txinpartatsuari. Hala ekarri du gogora Aixa Gaztelu Txakolinguneko arduradunak. Interpretazio zentroa barrutik sakon ezagutzeko doako bisita gidatuak eskainiko dituzte bihar, 10:00etatik 16:00etara, orduro.
Bost gunetan banatuta dago Txakolingunea. Lehenengoan, ekoizpen osoa zelan egiten den ikasteko ikus-entzunezko bat dute bisitariek. “Bost minutu inguruan azalduko zaie zer den txakolina eta zein mahats motarekin egiten den, besteak beste”. Bakioko lau upategiek hondarrabi zuria erabiltzen dute, bereziki. Hala ere, hondarrabi beltza ere erabiltzen dute txakolin gorria eta beltza egiteko.
Herriaren azken mila urteetako historiari begiratu bat ematen zaio bigarren eremuan. “Txakolinagatik ez eze, surfagatik eta bestelako kontu batzuengatik ere Bakio oso ezaguna egin dela azalduko diete bisitariei bertan”.
Hirugarren eremuari dagokio lehenengo txakolinak zelakoak ziren azaltzeko eginbeharra. Eta txakolinari dagozkion kanta eta dantza ere han ezagutu ahalko dira. Txakolinaren garapenaren berri izango dute bisitariek laugarren eremuan. Han ikasiko dute 1994koa dela Bizkaiko Txakolina jatorri izena. Eta ekoizpena zertan den ere azalduko diete. “Esportazioen gorakadaren berri izango dute batetik, eta Bizkaiko upategien berri bestetik”. Enologoaren lana zein den, edo dastaketak zelan egiten diren bertatik bertara ezagutzeko aukera ere izango dute bisita horretan bertan. Bide batez, txakolin zuriaz gain, gorria eta beltza ere badaudela argituko diete horren berri ez dutenei.
Uribeko euskara darabilen aitona zahar baten kantuekin bukatuko da Txakolingunerako bisita: “Arre, arre, arre/ iso, iso, iso/ arre, arre, arre/ iso, iso, iso/ asto barrabana/ okerreko lekutik nora naroana/ handixik hortixik/ Zornotzatik gora/ Mañaritik gora/ San Antoniora”. Sehaskan lotan dagoen umetxoari abesten ari zaio aitona.
Txakolinguneaz gain, txakolindegiak eurak eta horietan egiten den lana ere bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte domekan Bakiora gerturatzen direnek. Udaletxetik aterako dira 11:00etan, eta, batetik bestera, herriko lau upategietako sekretuak argituko dizkiete, banan-banan.
Datozen egun eta asteei begira, jardueraz betetako egitaratua aurkeztu du Txakolinaren Interpretazio Zentroak. Umeak izango ditu jomuga, Aste Santuko oporretan egongo direla aprobetxatuta. Asteartean, esaterako, Bizilore, zure usainak lortu izeneko tailerra antolatu dute, izen bereko emakume elkartearen eskutik. “Landareak baliatuta, usain gozoko zakuak egingo dituzte umeek”. Bestalde, origami tailer bat prestatu dute hilaren 30erako. “Origamiaren teknika japoniar hori ardatz hartuta, orri markatzaileak egingo ditugu”. Eta, apirilaren 1erako, sukaldaritza tailerra antolatu dute: gazta pastela egingo dute. Jarduera guztietako batzuk besterik ez dira horiek.
Oraingoz, bertako produktuak, bertako ekoizleak, bertako historia eta bertako hizkuntza erabiliko dituzte. Hainbat elementu uztartuko dituzte San Jose azokaren harira antolatutako jarduerek. Horiek guztiak zuku batek zipriztinduta aurkeztuko dira, bereziki. Bakiorekin lotura banaezina duen txakolinarekin, hain zuzen.