Aitziber Laskibar Lizarribar
Atzerapen, geldialdi eta urteetako liskarrak gaindituta, martxan dira Bilboko metroaren 3. linea zabaltzeko lanak. Aurreratuta daude dagoeneko, eta instituzioetako ordezkariek iragarri dute noizko egongo den irekita Otxarkoaga eta Matiko barnebilduko dituen ibilbide berria: datorren urteko martxorako iragarri dute inaugurazioa, “ezustekorik ez badago”.
Lanak abian direla, martxa onean doazela eta proiektu erraldoiaren geraleku eta lotura berriek aukera asko zabalduko dituztela esateko agertu dira komunikabideen aurrean Bilboko, Bizkaiko eta Eusko Jaurlaritzako agintari nagusiak. “Herritar askori onura” ekarriko dien linearen lanak aurreratuta daudela erakusteko sartu dira lur azpira Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko ahaldun nagusia eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea, besteak beste. Eta jakinarazi dute, hiru instituzioen elkarlanari esker, kostata baina lortuko dela horrenbestetan agindutakoa gauzatzea. Tunel barrutik argia erakustera joan dira lur azpiko lanetara bertara. Zulatze lanak amaituta daudela esatera, eta 5,85 kilometro luze den ibilbide osoa oinez egin daitekeela erakustera. Zazpi urte behar izan dira zulobidea egiteko.
“Gune nagusia”
Bidegurutzean egongo den Alde Zaharreko geltokian ari dira langileak, buru-belarri, azkenaldian. San Nikolaseko sarrera eraitsi dute, eta hutsik dago orain, metro-bagoiak joango diren bi tunelen zuloak besterik ikusten ez direla. Sarrera hori baliogabetuta, Unamunoko sarrera da Alde Zaharreko geltokiak egun irekita duen sarrera bakarra. Esperantza frontoiaren zati handiena ere deseginda dago. Hori bai, metroaren lanak amaitzean, frontoi mitikoa berregingo dutela ziurtatu dute.
Hain zuzen, “gune nagusia” izango da Alde Zaharreko geltoki hori, agintarien hitzetan. Zergatia argia da: han lotuko dira Etxebarritik datorren linea Otxarkoaga eta Txurdinagatik etorriko den bidearekin, eta Uribarri eta Matikotik iritsitakoarekin. Eta hara iritsiko dira baita Txorierritik, Durangaldetik eta Urdaibaitik Bilbora doazen trenak ere. “Bizkaiaren bizkarrezurra izango da; lurralde osoa egituratuko du”, adierazi du Urkullu lehendakariak proiektuaren handitasuna nabarmentzeko.
Agintarien aurreikuspenen arabera, 70.000 pertsonari emango die zerbitzua 3. linea horrek, eta urtean hamar milioi bidaiari izatea espero dute. Horretarako, beste urtebeteko lana behar izango da. Eta 279 milioi euroko inbertsioa. Eusko Jaurlaritzak hartu du bere gain kostuaren erdia, eta Bizkaiko Foru Aldundiak beste erdia.
Unai Rementeria ahaldun nagusiak jakinarazi duenez, metroaren lanak hasi zirenetik, 1998. urtetik, 1.320 milioi euro jarri ditu aldundiak. “Gauzak ez dira bakarrik egiten”, argudiatu du inbertsioa. Baina Bilboko metroak herritarren bizi baldintzak hobetu dituela sinetsita, uste du inbertsioak, merezi izateaz gain, erakutsi duela foru aldundiak “pertsonekiko, garapenarekiko eta kalitatearekiko duen konpromisoa”. Horri eutsiko diola esan du, eta aurrerantzean ere herritarrei bizimodua errazten lagunduko dien proiektu eta lanak gauzatzeko apustuari eutsiko diola.
Atzerako kontua
Agintarien hitzetan, bizkaitarrei garraiatzeko modua aldatuko dien proiektua martxan ikusteko atzerako kontua hasi da. Lur azpia zulatzeko lanak amaituta, trenbidea egiteko lanetan ari dira orain. Tunelak egokitu, errailak jarri eta geltokiak egiteko garaia da. Euskal Trenbide Sareak du linea berria egiteko lanen ardura, eta, Jose Luis Sabas zuzendariaren esanetan, ezarrita daude epeak: Gabonetarako geltokietako nasak amaituta egotea espero du.
Horrek ez du esan nahi, ordea, metroaren linea berria abenduan erabiltzeko moduan egongo denik; ezta datorren urteko lehen egunetan ere. Herritarrentzat 2017. urteko lehen hiruhilekoan zabalduko dela adierazi du; datorren urteko martxoaren amaiera jarri du erabilgarri egoteko epetzat.
Izan ere, nasak prestatuta egon arren, beste zenbait lan egin beharko dira abendua eta martxoa bitartean: besteak beste, geltokien arteko seinale eta komunikazio sistemak jarri beharko dira, eta, gero, hilabetean gutxienez, dena ondo dabilen probak egin.