Natalia Salazar Orbe
Bertsolari ezezagunez osatutako kartela du gaur Bilboko Kafe Antzokiak. Ezagunak izan ez arren, grina biziz aritzeko gogotsu daude norgehiagokan ariko diren 15 eta 24 urte arteko gazteak. Bertsolari Gazteen 24. BBK Sariketako finalean lehiatuko dira Busturialdeko eta Hego Uribeko gazteak, 19:00etan. Saio berezia izango da: bertsolarien gaztetasunagatik, batetik, eta taldean egindako erakustaldia izango delako, bestetik: sei kidez osatutako taldeetan lehiatuko dira. Beñat Vidal Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak argi dauka: “Sariketako talderik onenak ariko dira gaur kantuan, eta plaza handi batean abesteko prest daude. Baliteke gazteak urduri egotea, baina urduritasun hori erronka bihurtuko dute, eta saio polit bat entzuteko moduan izango gara”.
Lehenengoz ibili dira Bizkaiko eskualde guztietako ordezkariak lehian. Zortzi talde osatuta, kanporaketaz kanporaketa aritu dira, otsailaren erdi aldeaz geroztik, ikastetxe eta ikastoletan bertsorik onenak nortzuek egingo zituzten norgehiagokan. Eta “maila ona” erakutsi dute, bai 18 urtera arteko taldeetakoek, bai hortik 24 urtera bitartekoek. Izan ere, taldeko hiru kide 15 eta 18 urte bitartekoak dira, eta, gainerakoak, 24 urtera artekoak.
Plazetan trebatzea, xede
Batzuen eta besteen artean alderik nabari bada ere, gaiak adinari egokituta ematen dizkiete gai-jartzaileek. “Hala, gazteen tematikak jartzen dira, haien kezkak kontuan hartzen dituztenak. Beraz, aldea ez da horrenbeste nabari”. Dena den, eztabaidaezina da esperientziak beste kutsu bat ematen diola bertsolariari. “Oholtza edo plaza gaineko esperientziak asko egiten du kantatzeko orduan”.
Horixe dute helburu era horretako sariketek: “Gazteak plazetan trebatzea, horietan kantuan hasi behar dutenean ez dadin izan kolpe handi bat eurentzat”. Izan ere, bertso eskolatik plazarako saltoa zaila izaten da sarri asko. “Jendaurrean kantatzea ez da gauza erraza; denek ez dute gustuko izaten. Eta honek horretarako aukera ematen die”.
Bertsotan taldean aritzeak badu berezitasunik. Nabarmenena taldeak norbanakoari ematen dion babesa da. “Denen artean egin beharreko zerbait da, eta lortzen denak denen artean lortu izanaren sentipena uzten du. Horrek babesa ematen die gazteei”.
Bakoitzak zein ariketa egingo duen erabakitzeko aukera ere ematen die taldeak: ofiziotan, oinak emanda bertsotan, puntuari erantzunez eta azken puntua edo gaia emanda bertsoak osatzen ariko dira gaurko saioan ere.
Bertsozaletasuna sustatuz
Hainbat onura sortzen ditu bertsolari gazteen sariketak. Besteak beste, entzuleak bertsotan zaletzeko bide bat da. Entzule horiek gazteak izan ohi dira, gainera, kanporaketak ikastetxeetan egiten baitira.
Bide batez, bertsolariak gertuko pertsona gisa aurkezten dizkiete ikus-entzuleei. “Hala, ikus dezakete bertsolariak ez direla soilik pertsona helduak, telebistan eta txapelketetan agertzen direnak; aitzitik, argi geratzen zaie badaudela beren adineko gazteak bertsotan egiten dutenak”. Hori horrela dela ikusita, gazteak identifikatuta senti daitezke, “eta ikus dezakete beraiek ere izena eman dezaketela bertso eskoletan, eta, gustatuz gero, edonor izan daitekeela bertsolari”.
Bertsozaletasuna sustatzeko ez eze, euskarari bultzada emateko bidea ere egiten du sariketak. Eskolaz kanpoko jardueren artean, euskara hutsean egin daitekeen bakarrenetarikoa da bertsolaritza.
Horrez gain, saiook ikastetxeetan eta ikastoletan eginda, aisialdirako euskarazko eskaintza egiten du Bertsozale Elkarteak. “Era horretako zentroetako batzuetan, kokatuta dauden eremuaren arabera, euskara ez da entzuten nahiko genukeen beste. Saioak lekuotara eramanda, gazteek ikusten dute euskaraz dibertitzeko aukera ere badagoela”.
Arratiako, Busturialdeko, Durangaldeko, Enkarterriko eta Ezkerraldeko, Uribe Butroeko, Uribe Kostako, Hego Uribeko eta Lea-Artibaiko gazteen arteko lehia izan da azken asteetakoa. Lau kanporaketa eta bi finalaurreko lehiatu dira gaurko finalera iritsi aurretik.
Bertsotan aurpegi berriak eta “labealdi berri baten aurrerakina” ikusteko aukera paregabea izango da, zalantzarik gabe, gaur. “Ez dira bertsolari ezagunak, baina gogotsu dauden gazteak dira”. Zortzi talde eta beste horrenbeste eskualde ibili dira lehian. Eta finalean ariko direnak talderik onenak dira. Saio fresko bat entzuteko aukera emango dute Bilbo handiko kulturaren bihotzean.