Ainhoa Larrabe Arnaiz
Arrazoi gutxi du Bilboko Udalak #poziktibity egoteko. Emaitza kaxkarrak jaso ditu erakunde publikoek euskara suspertzeko jartzen dituzten baliabideei buruzko ikerlanean. Bi urtetik behin egiten du azterketa Eusko Jaurlaritzak, eta 2014ko emaitzak kaleratu ditu orain: Bilboko Udalak euskarara bideratzen duen diru kopuruak nabarmen egin du behera; Eusko Jaurlaritzak errieta egiteraino. Donostian eta Gasteizen euskara bultzatzeko aurrekontuek gora egin dute, baina kontrako norabidea hartu du Bilbok, Jaurlaritzaren txostenaren arabera. 2012arekin alderatuta, diru gutxiago eman dio euskarari 2014an. Datu guztien artean, erakundeak euskalgintzari ematen dion diru laguntzetan dago beherakadarik nabarmenena: %19 egin du behera.
Argiak dira txostenaren datuak. Bi esparru nagusitan egiten du kale Bizkaiko hiriburuak. Bat: biztanleko inbertitutako diru kopuruari dagozkion ratioetan. Gasteiz eta Donostiak hamasei euro ipintzen dituzte herritar bakoitzeko; Bilbok, berriz, bost euro baino ez ditu erabiltzen euskara suspertzeko. Eta bi: diru laguntzetan bideratzen diren baliabideetan. Bilbo azkena ageri da berriro ere zerrendan. Donostiak 3,8 milioi euro banatu zituen; Gasteizek, 2,7 milioi; Bilbok, 1,8 milioi.
Kopuru horien ertzak aztertzen aritu da Jose Joaquin Gallastegi Bilboko Udaleko euskara teknikaria. “Ez dugu gutxiago inbertitu euskaran. Krisiaren ondoren, gora egin du udalaren aurrekontu osoak; euskarari dagokiona, ordea, berdin mantendu da. Datu horiei erreparatuta, bai, beherakada erlatiboa egon dela esan daiteke. Udalaren aurrekontuak gora egin duelako, eta, euskararenak, ez”.
Aurrekontuaren %0,23
Zenbakiek ematen dute errealitatearen berri. 2012an 522,3 milioi euro izan zituen gastatzeko udalak. Eta horietatik 1,9 inguru bideratu ziren Euskara Sailera. 2013an behera egin zuen udaleko aurrekontu orokorrak, eta behera ere, euskara suspertzera bideratutako diruak. 455 milioi eurotik 1,7 milioi izan ziren euskararentzat. Baina 2014an ez ziren gora-behera horietan bat etorri udalaren diruak eta euskararenak. Hau da, gora egin zuen aurrekontu orokorrak, baina bere horretan geratu zen euskara arlora bideratutako diru kopurua. 512,8 milioi izan zituen udalak, aurreko urtean baino 20 milioi gehiago. Eta kopuru berean mantendu zen Euskara Sailera bideratutakoa: 1,7 milioi, alegia. Hor, udal teknikariaren justifikazioa: “Aurrerapenik ez da izan, eta ezin da esan gehiago inbertitu denik. Baina udalak ez du euskarari dagokion programarik kendu. Eta onuradunen kopuruak berbera izaten jarraitzen du”. Aipatu ditu erakundeak norabide horretan egiten dituen egitasmoak ere. Darabilbo eta Berbagunea, kasurako. Herritarren artean, auzoetan euskara bultzatzea dute helburu biek. Eta, horiez gain, udalaren gainontzeko sailetan euskara sustatzeko egiten diren ekintzak ere aipatu ditu Gallastegik: “Euskara bulegoari dagozkionak aztertzen dira Jaurlaritzaren ikerketetan. Baina beste arlo batzuetan, gazteria eta kirol sailetan adibidez, euskara bultzatzeko programak osatzen dira. Eta horiek ez dira kontuan hartzen”.
Euskara sustatzeko egiten direnak zerrendatzea da ohikoena. Baina egiten ez direnekin ere zehazten da udal baten hizkuntza politika. Eman ditu argipenak Iñaki Lasa Euskararen Kontseiluko ildo politiko instituzionaleko arduradunak: “Joera dugu egiten dena azpimarratzeko, baina egiten ez denarekin ere ari zara hizkuntza politika zehazten”. Demagun haurrentzat euskara bultzatzeko ekintzak egiten direla udalean, baina helduen euskalduntzea bultzatzeko ez dela ezer egiten. Bigarren hori ez da aintzat hartuko. “Ez egiteak ere egiten du”. Euskal Herriko udalen hizkuntza politiken azterketa egina du Kontseiluak, eta tartean aztertu du Bilbokoa ere. Jaurlaritzarenak bezala, 2014ko datuak jasotzen ditu. Eta hala dio: aurrekontu osoaren %0,23 eskaintzen dio Bizkaiko hiriburuak euskararen normalizazioari.
Ordenantzarik ez
Hiru ardatz aintzat hartuta aztertzen ditu Kontseiluak udaletako hizkuntza politikak. Bat: arkitektura juridikoa. Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko legez hartzen diren neurriak, alegia. Bi: euskararen normalizaziora bideratzen diren baliabideak. Eta hiru: hizkuntza politikaren plangintza. Prisma horretatik aztertu dute Bilbo ere, eta lehen puntuan egin du lehen geldialdia Lasak: esparru juridikoan. Hor nabari duelako hiriburuaren akatsik nabarmenena: Bilboko Udalak ez du euskara ordenantzarik. “Udalak dituen arauak dira ordenantzak. Horien bidez bermatzen da juridikoki herritarren hizkuntza eskubidea, eta hortaz, hizkuntza politika eraginkor bat egiteko, beharrezkoa da eskubideak zehatz-mehatz jasotzen dituen ordenantza bat izatea”. Huts handia da hori Kontseiluko kidearen arabera, berme juridikorik gabe uzten dituelako herritarrak. “Arazo hori konpondu beharko luke udalak”.
Ez dio ordenantzari aparteko garrantzirik ematen udaleko euskara teknikariak. Eta iradoki du Bilboren kasuan ez litzatekeela eraginkorra izango. “Ordenantza bat baldin baduzu eta egingarria baldin bada, ondo. Baina astero-astero betetzen ez delako kexa egiteko motiboa baldin bada, ez du zentzurik”. Ordenantzetan baino gehiago, euskara planean eta udal barruko erabilera planean jarri du arreta Gallastegik. Arlo horretan du erakundeak zeregin nagusia, haren ustez. “Udalerrian hizkuntzaren presentzia bermatzeko zeregina badu udalak. Baina beste faktore askok baldintzatzen dute errealitate hori. Udala euskalduntzeko, ordea, erakundea bera da agente bakarra. Eta hor egin behar dira urratsak”. Baina lan hori “ezkutukoa” eta “epe luzera begirakoa” dela dio. “Bigarren maila batean dagoela dirudi, baina garrantzitsua da. Udal langileen arteko harremanak euskaraz izatea eta herritarrak euskaraz jasotzen direla ziurtatzea beharrezkoa da”.
Bide horretan emandako pausoak aitortzen ditu Lasak. “Gauza askotan aurrera egin du Bilbok, eta positiboak direnak ere aipatzea beharrezkoa da”. Euskara plana izatea, udal langileak euskalduntzeko erraztasunak izatea, osoko bilkuretan materiala euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztea eta merkataritzan euskararen presentzia sustatzeko diru laguntzak ematea aipatu ditu, besteak beste. Baina dena ez da gozoa. Eta aipatu ditu gabeziak ere. Langile kontratatu berri guztiak elebidunak izan daitezen, ez du erabakirik hartu udalak oraindik, eta herritarrekiko harreman zuzenari dagokionez, udalak azpikontratatzen dituen zerbitzuak elebidunak izan daitezen ere ez du bultzatu.
Baliabide gutxi euskarari
Euskararen normalizazioaren bidean huts egiten du berme juridikoan Bilbok, Kontseiluaren arabera. Eta gauza bera gertatzen da hizkuntza sustatzeko eskaintzen diren baliabideetan ere; %0,23 inbertitzen du Bilbok euskaran. Eta hizkuntza politika eraginkorrak egiten diren udalen ehunekoa %2koa dela azaldu du Lasak. Hor, beste ondorio bat: “Arau bitartez ez dute eragin nahi, eta aurrekontuetako kopuru horrek dio diru bidez ere ez duela behar bezain indartsu eragiten”.
2006an aztertu zuen lehen aldiz Kontseiluak Bizkaiko hiriburuko hizkuntza politika. Eta Lasaren hitzetan, ordutik, nabarmena izan da beherakada. “Krisiaren aitzakia erabiltzen da maiz horrelakoak justifikatzeko. Baina euskararen normalizazioan inbertitzea sektore batean inbertitzea da. Lanpostuak sortzen ditu, adibidez. Eta ardura soziala dugu horrekiko, euskaran inbertitzea, elkarbizitzan inbertitzea delako”. Bilbok ez du hizkuntza politika egokia, Kontseiluko kidearen arabera, eta ahaleginak egin beharko lituzke hori konpontzeko. “Ez dugu esaten ezer egiten ez duenik. Baina ez da erabiltzen ari garai honi dagokion hizkuntza politika eraginkor bat”.
Kasu gehienetan udal gobernuko kideen esku dago erakundean egiten den hizkuntza politika. “Gobernua osatzen duten herritarren borondatearen arabera osatzen dira gehienetan”. Oinarria jartzen dute alderdi politikoek, akaso. Baina horrek baino eragin handiagoa du agintean dagoenaren euskaltzaletasunak. Juan Mari Aburto alkate izateak eragin dezake horretan, Gallastegiren arabera. Baina azpimarratu du ez dagokiola administrazioari soilik hizkuntzaren normalizazioan eragitea. “Esparru garrantzitsua da. Baina herritarren gogoan sartzea oso zaila da. Eta horretan udalak mugak ditu”.
Horra, Lasaren iritziz, hedatuta dagoen beste uste oker bat. “Errealitate soziolinguistikora egokitzen dira hizkuntza politikak eta ez eraldatzera. Erosoagoa da politiko askorentzat errealitate horretara moldatzea, egoera eraldatzeko neurriak hartzea baino”. Eta euskararen sustapenaren lana herritarren gain uztea dakar horrek. Herritarrek hartzen dute euskararen normalizazioaren zama. “Joera hori dago udaletan euskarari dagokionez: herritarrak mugitu ondoren, erakundea horretara egokituko da. Eta hori ez da beste arlo batzuetan gertatzen”.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Kontseiluak argitaratutako datuek argi diote: Bilbok babes gutxi ematen dio euskarari. Aurreko urteekin alderatuta, aldaketa gutxi baitago aurtengo aurrekontuetan ere. Ez dago pozik Bilbo. Eta euskararen alde txioak egin behar dituen txantxangorria ere mutu dago oraingoz.