Klaustroa izango da oinarria

Klaustroa izango da oinarria

Iñigo Astiz

Barru eta kanpo, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak oso-osorik berritu nahi dute Bilboko Euskal Museoa. Nazioarteko lehiaketa publiko bat antolatu zuten horretarako proposamenak jasotzeko. Aukeratutakoa nor den apirilean jakinarazteko asmoa izan dute, baina COVID-19aren krisiak atzeratu egin du. Orain iragarri dute: Antoni Vaillo eta Juan Luis Irigarai arkitektoen estudioaren Eko-nekta proiektua hautatu du epaimahaiak, azkenean, eta, guztira, 20 milioi euroko aurrekontua izango dute eraikuntza egokitu eta haren diskurtso museografikoa berritzeko lanek. 18.000 euroko saria jaso dute horregatik Vaillok eta Irigaraik, eta lau hilabeteko epea dute orain exekuzio proiektua aurkezteko. Jordi Garcesen Hasieraren hazia eta Juan Beldarrain Santosen Sustraia biziak izan dira lehiaketan bigarren eta hirugarren gelditu diren proiektuak, eta, hurrenez hurren. 12.000 eta 6.000 euro jasoko dituzte.

Euskal Museoa “Euskadiko museo nazionala” bilakatzea da asmoa, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak otsailean berritze integralaren berri emateko antolatutako prentsaurrekoan esandakoaren arabera, eta euskara izango da guztiaren ardatza. Euskal Museoa euskal kulturaren nazioarteko ate bihurtzea da erakundeen helburu orokorra. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak nabarmendu zuen otsailean: “Euskal kulturarentzako sarbide handi bat izango da”. Baina, horrekin batera, hiru helburu zehatz ere badituzte buruan. Bat: bisitari kopurua hirukoiztea. Bi: 2023ko museoaren mendeurren ekitaldiak sendotzea. Eta hiru: museo berria Urteko Europako Museoa (EMYA) saria eskuratzeko hautagai izatea.

Horiek guztiak nola lortuko dituen azaltzen duten “zertzelada orokor batzuk” baino ez ditu ematen Vailloren eta Irigarairen proiektuak oraindik, eta hurrengo faseetan joango dira zehaztasun gehiago emanez. XVII. mendeko eraikinaren egitura leheneratzeko asmoa azaldu dute oraingoz, eta, diotenez, klaustroa bilakatu nahi dute erakusketa espazioaren erdigune.

Lehenago ere museoekin lan egindakoa da estudioa. Besteak beste, haien sinadura daramate Bilboko Athletic museoak, Altzuzako Oteiza museoak, Israelgo Holy Land Museum-ek eta Iruñeko Katedraleko Occidens izeneko erakusketak ere.

Lanak, hasita

Proiektua erdi hasita topatuko dute arkitektoek. Berez, 2016an hasi zuten berritze arkitektonikoa. Orduan estali zuten eraikineko atrioa, eta Unamuno plazara ematen duen izkinan dagoen eta museoari atxikita dagoen Kurtze eraikina ere erosi zuten aldundiak eta udalak, bost milioi euroren truke. Berritze lanekin, beraz, %57 eta %85 artean haziko da museoak erabilera publikorako duen eremua, eta 6.400 metro koadroren bueltan izango dituela kalkulatu dute arduradunek.

Museo berrituak “erakusketa handitu bat edukiko du solairu guztietan”. Hiru areto baliatuko dituzte horretarako, eta izango da aldian aldiko erakusketetarako beste espazio bat ere. Horiez gainera, gordailu bisitagarri bat ere aurreikusi diote eraikinari, laborategi gastronomiko bat, emanaldietarako areto bat, merkataritza gune bat izango duen harrera gune bat, protokolo areto bat, erabilera askotarako espazio bat, eta baita baratze bat ere, azken solairuan. Hori da eskeletoa. Orain, Vaillok eta Irigaraik jarriko diote hezurra eta haragia.