Aitziber Laskibar Lizarribar
Martxoaren 14, 15 eta 16an batuko dira ehunka gazte, Leioako Campusean, sortu nahi duten hezkuntza ereduari buruz eztabaidatzeko. Interesa duen guztiari parte hartzeko gonbita egin dio Aitziber Duartek (Laudio, 1996), Leioako Herri Unibertsitatearen sustatzaileetariko batek: “Joan nahi duenak, estera eta lo-zakua hartu, ilusioa poltsan sartu, eta hara joatea besterik ez du; ongi-etorria izango da”.
Zer da Leioako Herri Unibertsitatea?
Duela bi urte abian jarri genuen proiektu alternatibo bat da, herritik eta herriarentzako filosofian oinarrituko den hezkuntza baten alde borrokatzeko eredu gisa eraiki genuena. Aurrerapausoak ematen saiatzen gara guk nahi dugun hezkuntza eredu horretara hurbilduz joateko.
Zer da gaur egungo hezkuntzatik gustuko ez duzuena?
Azken batean, sartzen zara klasera, entzuten duzu irakaslearen txapa guztia, eta helburua da informazio hori guztia barneratzea, gero, azterketan, botatzeko. Ez da metodorik erabiltzen ikasleak benetan ikasteko. Gaur egungo hezkuntza eredua guztiz elitista da; enpresa pribatuetara bideratutako hezkuntza ematen digute, eta gure jakintza ez da enpresa horien beharretatik harago joango. Horren harira, eta gero eta gehiago jasaten ditugun inposaketak ikusirik, alternatibak badaudela erakusteko sortu dugu herri unibertsitatea.
Eta nola azalduko duzue alternatibak badaudela?
Jende askoren lanarekin eta ilusio handiarekin. Ikasleok —irakasle batzuen laguntzarekin eta herriko hainbat eragilerekin— hitzaldiak edo tailerrak antolatu ditugu. Aurten ahalegin berezia egingo dugu tailer horietan pedagogia askatzailea aplikatzeko: hau da, erakusteko badagoela alternatiba bat irakasle-ikasle eredu hori apurtzeko eta denok ikasteko elkarrengandik.
Zer-nolakoa da aldarrikatzen duzuen hezkuntza sistema?
Batetik, pedagogia askatzailea nahi dugu, parte hartzaileagoa. Herritik eta herriarentzat izango den zerbait eraiki nahi dugu, eta guztion eskura egongo dena. Diru sarrerak problema izango ez diren hezkuntza sistema bat; gure hizkuntza propioan —euskaraz— ikasteko arazorik izango ez den hezkuntza bat nahi dugu. Denontzat balio duen hezkuntza bat, ez soilik enpresa pribatuari begira dagoen, jende oso konkretu bati bideratua den eta gero eta burgesagoa den hezkuntza bat. Eduki propioak landu nahi ditugu, eta kritikotasuna aplikatu. Zeren, gaur egun, irakasleak botatzen du informazioa, zalantzan jartzeko aukerarik gabe ikasi behar du ikasleak, eta azterketa bete. Kito. Ez bazara azterketa betetzeko gai, ez zara gai unibertsitatean egoteko. Guk ez dugu horretan sinesten. Badaude beste eredu batzuk; Finlandiakoa eta Txilekoa, adibidez, non zure inteligentzia edo gaitasuna ez den mugatzen ordubetean paperean idatzitakora.
Nolakoak izango dira hiru eguneko eskolak?
Aurten, planteamendua aldatu egin dugu, eta hiru ildo nagusi proposatu ditugu. Lehenengo bi egunetan eztabaidatu eta ondorio batzuk aterako ditugu. Gero, oinarri horien gainean aurrerapauso bat eman nahi dugu.
Zeintzuk dira ildo nagusi horiek?
Hiru zapalkuntza nagusiak: genero, nazio eta klase zapalkuntzak. Lehenengo bi egunetan informazioa jasoko dugu ikasle, irakasle zein herri eragileengandik; denon artean jakintza eta informazioa jasoko dugu, eta alternatiba eredu batzuk ezagutuko ditugu. Hirugarren egunean, guk, ikasle ikuspuntutik, zapalkuntza horiei aurre nola egingo diegun pentsatzea da helburua. Horrez gain, herri unibertsitatearen nondik norakoen inguruan ere hausnarketa egingo dugu hirugarren egunean: hemendik aurrera zer nahi dugun eta herri unibertsitatea nola garatuko dugun.
Zer-nolako hizlariak izango dituzue?
Baditugu Jule Goikoetxea, Nekane Jurado, Iñaki Gil de San Vicente, Arantxa Arruti. Baditugu bertsolariak: Jone Uria, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz. Nahi duten ikasleek nahi duten gaiei buruzko klaseak emango dituzte. Eta fakultateetako irakasleek ere parte hartuko dute. Miren Artetxe hezkuntzako irakaslea da, Jule Goikoetxea Gizarte Komunikazio Zientzietako fakultatekoa… Arte Ederretatik, adibidez, Saioa Olmok tailer bat egingo du generoaren inguruan. Artearen merkantilizazioari buruz ere hausnartuko dugu Museoak vs gaztetxeak saioan: espazioen arabera nola baloratzen den artea. Bestalde, Brasilgo MSTkoak etorriko dira, baita Kataluniako ordezkaritza bat ere. Gainera, lehenengo bi egunetan elikadura burujabetza landuko dugu.
Zer esan nahi du horrek?
Unibertsitatean jango diren produktu guztiak hemengo ekoizleenak izango dira. Hitzaldi bat ematen ere parte hartuko dute horiek.
Nola antolatu zarete?
Prestaketa lana fakultateka antolatzen da; fakultate bakoitzean sustatzaile talde bat sortzen da, eta talde hori arduratzen da bere fakultateari dagozkion gaiarekin lotutako hitzaldiak proposatu eta lotzeaz. Baina, gero, herri unibertsitatea bateratua da.
Norentzat da?
Ikasleentzat batik bat. Hala ere, iaz irakasleek hitzaldiak bakarrik eman zituzten, eta hori gainditzeko ahalegina egin dugu; irakasleak ere gonbidatu ditugu parte hartzera. Unibertsitateko langile eta eragileentzat ere zabalik dago. Azken finean, parte hartu nahi duen edozeinentzat da. Argi izan behar da ikasleok aldaketa nahian sortutako proiektua dela, baina proiektu horretan sinesten duen eta babestu nahi duen edonorentzat zabalik dago. Animatzen ditugu guztiak parte hartzera.
Hirugarren urtea da aurtengoa. Eman dute fruiturik aurreko saioek? Ikusi da urratsen bat?
Lehen urtean 350 ikasle inguru aritu ziren; iaz, 550 ikasle. Beraz, ikusten da badagoela gorakada. Azpimarratzekoa da joan den urtean ordu bakoitzean zortzi hitzaldi genituela aldi berean, eta aurten bederatzira igo behar izan dugula ez zitzaizkigulako sartzen hitzaldi guztiak.
Hiru egunetatik haratago, saioa amaitzean, uzten du hondarrik?
Joan den urteko balorazioa egitean, ondorioztatu genuen oso ondo dagoela hiru egunetan hainbeste jendek parte hartzea baina ondoren ez zela izan herri unibertsitatearen jarraitutasunik. Aurten, horregatik planteatu dugu hirugarren egunean praktikan jartzea aurreko egunetan ateratako ondorioak. Adibidez, ikusten bada campusean talde feminista bat behar dela, hori sortzeko eta lanean hasteko. Aurtengo helburua hau da: batutako indar guztiei forma ematea, hurrengo astetik aurrera proiektu berriak martxan jartzea eta unibertsitateari urte osoko jarraipena ematea; ekintza iraunkor bat bihurtzea.