Natalia Salazar Orbe
Itsasoak indar berezia dauka Bizkaian. Haren astinduek erne mantentzen dituzte segurtasuna bermatzeko erantzukizuna dutenak. Aldi berean, kresalak emandako bizigarriak eta kostaldeko kulturak aberastu egiten dute herrialdea, eta altxor bihurtu. Aberastasun horrez jabetuta, Euskal Kostaldeko Altxorrak izeneko egitasmoa abiatu dute hileon. Hala, denetariko ikusleentzako dozenaka jarduera prestatu dituzte 32 museo eta kulturgunetan. Martxo osoan izango dira, besteak beste, familientzako tailerrak, haurrentzako jokoak, bisita gidatu bereziak, doako sarrerak, dastatzeak, itsasoko txangoak, ibilbideak eta zuzeneko ikuskizunak.
Etzi hasita, martxoko igande guztietan Txakolingunea doan bisitatzeko aukera izango da, Bakion. Goizez aurkituko dute zabalik bisitariek. Bestalde, hilaren 12an, Euskal kostaldeak, itsas erasoak eta euskal defentsa izango ditu hizpide Jose Manuel Mates Luque arkeologoak. Doan entzun ahal izango dira haren ikerketen emaitzak, 12:00etatik aurrera.
Berriz ere aukera emango dute bisitariek Bermeoko Aita Guria baleontzia barrutik ezagut dezaten. Historian atzera egingo dute hara bertaratzen direnek, eta XVI. mendeko arrantzaleek baleak nola harrapatzen zituzten ezagutu ahalko dute. Hilaren 18, 19 eta 20an doan sartu ahalko da arrantzaren historia gordetzen duen ontzira.
Herrian bertan bestelako aukerak ere izango dira. Familiak eta umeak izango dituzte jomuga horietako gehienek. Arrantzale Museoak ateak doan zabalduko ditu bisitari ororentzat hilaren 25ean eta 26an. Opari bat ere jasoko dute joaten direnek. Horrez gain, familientzako eta umeentzako tailerrak prestatu dituzte. Aste Santura begira antolatu dituzte tailer horiek. Kostaldeko altxorrak ezagutzeko hainbat ekintza jostagarritan parte hartuko dute haurrek. Bestalde, Gaztelugatxeko Donieneri buruzko jarduera dibertigarriak jasoko dituzte lehenengoan.
Horrez gain, hilaren 19an, Itsaspeko Zinea zikloaren barruan, dokumentalak emango dituzte museoan bertan.
Apaingarriek historian zehar izan duten garrantzia emango du ezagutzera Bilboko Arkeologi Museoak. Apain-mahaiko istorioak erakusketa ikusteko bisita gidatuak egingo dituzte gaur hasita, hileko ostiral guztietan. Antzinatik saiatu dira gizonak eta emakumeak euren itxura zaintzen, naturak euren esku jartzen zizkien baliabide oro erabiliz: produktu kosmetikoak eta olio lurrinduak, tinduak eta maskarak, bitxiak, diademak, belarritakoak eta koroak zein ileordeak erabiltzea ohikoa zen estatus soziala eta nagusitasuna erakusteko.
Gai berari lotutako tailerrak prestatu dituzte datorren astetik aurrera, hileko zapatuetan. Erromatar garaiko jantziak eta apaingarriak emango dizkiete ezagutzera. Ostean, norberak bere apaingarria sortuko du. Biak ala biak doako saioak izango dira.
Bizkaian egunerokoan erabiltzen diren objektu asko helarazi ditu itsasoak, elikagaiak eta oihalak, kasurako. Horiekin batera, artelanak ere iritsi dira, besteak beste, honelakoak: alabastro ingelesak, erretaula eta koadro flandriarrak, Alemaniako zilarrezko kopak eta Mexikoko eta Peruko urrezko objektuak. Pieza horiek, haien ibilbideak zein hartzaileak bisita gidatuen bidez ezagutzeko aukera izango da Bilboko Eleiz Museoan. Baita objektu horiek bere garaian bizkaitarrei eragiten zizkieten inpresioak ere.
Zer dago itsasoan? Izaki errealak eta ametsetakoak? Galdera horri erantzuteko tailerra prestatu dute Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Collage edo marrazkiak erabiliz, euren istorioa zelan sortu irakatsiko diete 4 eta 12 urte arteko haurrei. Hilaren 20an egingo dute ingelesezko tailerra. Bestalde, Aste Santuan etxeko txikienek Euskal kostaldeko altxorrak aurkitu beharko dituzte.
Busturialdeko paisaia bertatik bertara gozatzeko aukera paregabea eskainiko du Euskadiko Biodibertsitate Zentroak. Hilaren 19an eta 20an, Ogoñorako ostera egingo dute; itsasontziz aterako dira Bermeoko portutik eta Izaro irla igarota iritsiko dira lurmuturrera. Bidaia kostaldeko inguru naturala eta biodibertsitatea ezagutzeko balia dezakete bisitariek. Ereñozar mendi tontorrerainoko ibilbidea da Busturiko interpretazio zentroak egiten duen bigarren eskaintza. Mendiko ibilbide gidatua martxoaren 28rako aurreikusi dute. Batean zein bestean parte hartu gura duenak izena eman behar du.
Juan Sebastian Elkanok munduari bira nola eman zion ezagutu ahalko dute ume eta gurasoek jarduera dibertigarrien bitartez, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan. Datorren asteko zapatuan egingo dute doako tailerra. Martxoaren 26 eta 27an sarrera librea izango da, gainera. Aste Santuko egunetan hara joaten diren 5 eta 10 urte arteko umeek Euskal Herriko altxorrak aurkitu beharko dituzte, joko dibertigarriz baliatuta.
Aktibismorako sarbidea ardatz hartuta, elkarrizketa saioak eta laborategia antolatu ditu Gernika-Lumoko Bakearen Museoak. Zapalduen antzerkia, bakea gatazkatik eraikitzen izango dute aztergai. Datorren asteko asteburuan egingo dituzte jardunaldiok. Egun horietan librea izango da sarrera. Bisita gidatuak eta familientzako tailerrak ere ez dira faltako.
Euskal Herriko burdinaren itsas ibilbideak ardatz hartuta, bisitaldi gidatua eta erakusketa egingo dituzte, bihar, Muskizko Pobaleko Burdinolan. Xabier Armendariz itsasgizon, argazkilari eta historialaria eta Luisma Turuelo Pobaleko errementaria izango dira gidariak.
Basotik burdinolarako ibilbide tematikoa egingo dute, bestalde, hilaren 19an eta 20an. Uraren eta basoaren eta burdingintza tradizionalaren artean egon den lotura estua erakutsiko dute. Txondor txiki batean egur-ikatza nola egiten den ere ikusi ahalko dute parte hartzen dutenek.
Gure itsasoan galdutakoen itsasontziak erakusketarako sarrera doan eskainiko du hil osoan Plentziako Plazentia Butron museoak. Roberto Hernandezen akuarelak jaso ditu. Eskualdeko marinelen izenean, bertako itsasontzien irudiak ageri dira.
Marinel korapiloak egiten ikasteko tailerra antolatu du Rialia industria museoak, Portugaleten. Tailerra itsasontzi pirata batean gauzatuko dute, hilaren 20an. Egun horretan bertan, itsasontziak egin eta nabigatzeko gai diren probatu ahalko dute 3 eta 10 urte arteko umeek. Euririk ez bada, puzgarriak ere izango dituzte.
Bestalde, film eta dokumentalen emanaldiak prestatu dituzte hainbat egunetan. Euskal Herriko arrantza eta burdina izango dituzte ardatz saioek.
Bizkaiko Zubia ezin zitekeen gera era horretako jardunaldietatik kanpo. Hala, gizadiaren ondare izendatu zuteneko mendeurrena eta haren historia gogorarazteko hitzaldia eskainiko du Javier Goitiak, Santa Klara kulturgunean. Hilaren 10ean izango da. Joan gura duenak izena eman behar du, sarrera doakoa bada ere. Egun horretan bertan, zubira bisita teknikoa egiteko aukera emango dute.
Antzina enkanteak nola egiten ziren ezagutzeko simulazioak egingo dituzte Santurtziko Arrantza Kofradian. Gau osoa Abran arrantzan pasatu ondoren, itsasontziak portura itzultzen ziren. San Pedro kofradiako txirrinak jo bezain laster, sardina saltzaileak korrika iristen ziren eta enkanteari hasiera ematen zitzaion. Prozesua bertatik bertara ezagutu ahalko da hilaren 19an eta 20an.
Santurtzik arrantzarekiko eta itsasoarekiko izan duen lotura estuarekin jarraituz, Agurtza atunontzia ezagutzeko, bisita gidatu antzeztuak egingo dituzte enkantearen egun beretan. Agurtza osorik geratzen diren zurezko arrantzontzietako azkenetako bat da. Horrez gain, Santurtziko Itsasoa Interpretazio Zentroak ateak zabalduko ditu doan, asteburuetan.
Jarduera berezirik antolatu ez arren, sarrerak merkeago edo doan eskainiko dituzten kulturgune batzuk ere badira. Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Center da horietako adibide bat. Domekan doan bisitatzeko aukera emango du. Antzeko eskaintza egin du Getxoko Aquariumak ere, hilaren 20rako. Lekeition, Dolarea eta Itsasargia bisitatzeko sarrerak euro batean izango dira bihar eta datorren zapatuan.