Pello A. Zuazo
“Gogor borrokatuko naiz abiadura handiko trena Bilbora lurpetik sartu dadin”, adierazi du indartsu Juan Mari Aburto Bilboko alkateak. Hirian egingo diren proiektuei buruz solastatu da Forum Europa mintzalekuan, eta irmo egin du bere aldarria: “Metro gehiago, tranbia gehiago, AHT gehiago, aireportu gehiago, itsas portu gehiago, eta enpresa eta enplegu gehiago nahi ditu Bilbok”.
Espainiako Gobernua, ordea, abiadura handiko trenaren bidez Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa “zigortzen” ari dela iruditzen zaio. “Gehiegizko atzeratzea” darama proiektuak, Aburtoren esanetan, eta lanak bizkortzeko eskatu du. Halere, Espainiako Gobernuaren egungo egoeraren “behin-behinekotasunak” ados jartzeko zailtasunak eragiten dituela aipatu du.
Azaldu duenez, euskal erakundeek behin eta berriz errepikatu dute AHTa lurpetik iritsi behar dela Bilbora. Horrela, lurzoruan geldituko liratekeen 85.000 metro karratuak hobeto aprobetxatuko liratekeela dio. Lurperatze horrek Espainiako Gobernuak proposaturiko proiektuak baino 90 miloi gehiagoko kostua dauka. Baina, alkatearen esanetan, lurperatzeak “aurreztea” ekarriko luke gerora begira: 100 milioi euroko aurrezkia, hain zuzen.
Gainera, haren ustetan, AHTa ez lurperatzea hiria “kondenatzea” litzateke. Izan ere, Abandoko geltokia oztopo arkitektoniko handia bihurtuko litzateke Bilbo Zaharraren eta hiriaren erdigunearen artean.
Aburtok zortzi hilabete bete ditu Bilboko alkate gisa, eta karguan daraman tartearen balorazioa ere egin du. Momentu zailak pasatu izan dituela azaldu du: “Indarkeria matxista kasu gaitzesgarriak” izan direnean, adibidez. Baita atsegin handiko momentuak ere: “Jende nagusiak eman didan esker ona etxe ondoan jarleku bat jartzeagatik, mugitzeko arazoak dituzten pertsonei igogailua jartzeagatik, edota gazteei euren lehen negozioa abiatzen laguntzeagatik”. Hori dela eta, horrelako “momentu txiki eta handiengatik, bilbotar guztien alkate izateaz” pozik eta harro dagoela aitortu du.
Bestalde, hiriaren egungo egoeraren erradiografia egin du; alde negatibo gisa aipatu du 29.215 pertsona langabezian daudela. Eta “balantzaren bestaldean” hiriko enpresak jarri ditu: 169.462 afiliatu eta jarduera ekonomikoetarako 39.233 lizentzia daude. Ildo beretik, aipatu du 2015. urtean hiriak turista-bisita errekorra lortu duela eta Bilbo kongresu, azoka, erakusketa eta ekitaldiak egiteko gune egonkor bihurtu dela. Izan ere, mundu osoko 200.000 pertsona baino gehiagok bisitatu zuten hiria iaz.
Abian dagoen Zorrotzaurre “proiektu erraldoiaren” garrantzia ere azpimarratu du Aburtok. Ez hori bakarrik, proiektu mardulena hori den arren, beste ideia batzuetan ere lanean ari dela jakinarazi du: museo berri bat sortu nahi duela, Alde Zaharra sendotu, eta Ibaizabal errekan aisialdi eta ekonomia jarduerak sustatu.
Zahartzen ari den hiria
Dena den, zenbait kezka ere plazaratu ditu. Demografiari dagokionez, Bilbo “gero eta zaharragoa” bihur daitekeela ohartarazi du, eta, hori konpontze aldera, jaiotze tasa sustatzeko eta familiak laguntzeko neurriak hartu behar direla. Horren haritik, gazteek lana eta etxebizitza lortzeko erraztasunak behar dituztela baieztatu du, eta horretarako politikak martxan jarriko dituela agindu du. Herritarren segurtasuna da, alkatearen esanetan, udal gobernuaren beste ardura nagusietakoa: “Bilbo erakargarri egiteko, segurtasuna da beharrezko eta oinarrizko baldintza”.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak ere parte hartu du Forum Europa mintzalekuan. Eta Aburtok eskertu egin du Rementeriaren presentzia. Alkatearen esanetan, Bilbo eta Bizkaia elkartuta egotearen irudiak indar handia dauka: “Akordio sendoa dugu bion artean, eta gure sinergiak batuko ditugu”.