Natalia Salazar Orbe
Basaurin txistuaren geroa bermatzea: hori izan zuten helburu 1985ean Danbolin txistulari elkartearen erroak finkatu zituztenek. Lan horri buru-belarri ekin zion txistulari talde batek. Gaur egun 30 kide inguruko banda dute, eta bestelako musikariak ere gonbidatzen dituzte euren ekitaldietara. Herriko bestelako taldeekin eta musikariekin sareak ehuntzen dituzte hala. Elkartea eratu zeneko 35. urteurrena dute aurten, koronabirusak herria hain gogor jo duen garaiotan, eta urteotako ibilbideari begira jarri da Pili Castro Blanco, elkarteko zuzendaria.
Basaurin hainbat txistulari talde aritzen ziren 1980ko hamarkadan, dantza taldeen inguruan. Lau dantza talde zeuden, eta bakoitzak bere txistulariak zituen: “Batzuek pentsatu zuten herrian txistulariak egongo zirela ziurtatzeko zerbait elkarrekin egitea litzatekeela onena”.
Basauriko udal txistulari eskola eratu zuten orduan. Herriko txistulariak gonbidatuta, banda eratu zuten, eta irakaskuntza lanetan ere murgildu ziren. Txistua ikasi nahi zuten guztiei aukera hori bermatu nahi zieten. “Etorkizunera begirako proiektua izan zen, eta honaino heldu gara”.
Udalak musika eskola sortu zuenean, ordea, txistuaren irakaskuntza bermatuta zegoenez, bide hura bertan behera utzi zuten. Hala ere, helburu berari eutsi diote: “Nahi duguna da txistulariak egotea Basaurin, eta ekitaldietan tresna hori presente egotea”.
Koronabirusaren konfinamenduak eragina izan du Danbolin elkartearen ekitaldietan ere. Martxoaren 19an San Jose ikastetxean ematekoa zuten kontzertua bertan behera utzi behar izan zuten. Ondo bidean, maiatzean izango dute hurrengo ekitaldia. Basauriko auzoetako festak hasiko dira, eta, ohi bezala, kalejiran ateratzeko prestatzen ari dira.
Urteko ekitaldi nagusia udazkenerako aurreikusi dute. Azaroaren 28an egingo dute taldearen urteurrena ospatzeko kontzertu berezia. “Social antzokian egingo dugu. Bertan parte hartzera gonbidatu ditugu Basauriko dantza talde guztiak, abesbatzak eta beste musikari batzuk”.
Ohikoa du elkarteak elkarlan hori. Aukera duten guztietan elkartzen dira beste musikari batzuekin. “Betidanik saiatu gara sarea osatzen. Gure bereizgarria da”. Beste taldeek ere beste horrenbeste egiten dutela argitu du. “Herriko abesbatzak zerbait duenean ere, batzuetan proposatzen du guk ere parte hartzea. Hori polita da, herrian sare bat sortzen delako musikaren inguruan”. Txistua beste musika tresna batzuekin uztartzen duten ekitaldiak ere egiten dituzte, taldeko kideekin zein ezagunak gonbidatuta.
Castro “oso harro” agertu da taldeko kide bakoitzak egiten duen ekarpenaz herria ehuntzen duen sare hori osatzeko. Zuzendariaren zein elkarteko presidentearen egitekoez gain, beste kideen lanaren garrantzia azpimarratu du: “Batzuek fotokopiak egiten dituzte entseguetarako dena prest izateko; beste batzuek autoan eramaten dituzte gauza guztiak inora joan behar dugunean, eta prest izaten dute dena besteok heltzen garenerako…”. Talde osoaren lanari eta inplikazioari esker sortutako emaitzak nabarmendu ditu: “Batzuek musika ikasketak dituzte; beste batzuek, ez. Hala ere, lanarekin eta entseguekin lortutakoa ikusita, oso harro nago”.