Aintzina Monasterio Maguregi
Erronka handietara heltzeko, pauso txikiak eta egokiak ematea beharrezkoa da. Urdaibai Txirrindulari Eskolakoak lehen pedalkadekin hasi dira. Proposamen berritzailea dakarte, orain arte Busturialdean ez baita egon halako eskolarik. Lana eta ilusioa batu dituzte proiektuan. Orain gorpuztu dute duela bost bat urte bururatu eta hausnartutako ideia. Hutsune bat zegoela ikusi, eta zerbait egitea erabaki zuten.
Iazko abenduan hasi ziren lehen pausoak ematen. Badakite bide luzea dutela aurretik, baina pozik daude, eta nekeari aurre egiteko prest. “Historikoki, Urdaibain lau txirrindularitza klub egon dira. Lehiatu gura zutenak lasterketetara eroaten zituzten. Hori sistema zaharra da, eta guk beste gauza bat proposatzen dugu”, dio Iker Oleaga eskolako kideak.
Hasieratik argi eduki dute eskualde osorako proiektu bat izan behar zuela, eta profesionala. “Azken urtean Gernikesa taldean egon ziren gazteekin berbetan, konturatu ginen bakarra ere ez zela gernikarra; Morgakoak, Forukoak, Busturikoak-eta ziren. Horrek gure ideia berretsi zigun. Ez dago masa kritiko bat herri bakoitzean proiektu bat egiteko. Ematen du proiektu profesionala izatearena nabaria dela, baina txirrindularitzan monitore edo zuzendaritza taldekoak beti izan dira boluntarioak. Sistema hori ez da jasangarria. Lana astelehenetik barikura egin gura dugu; eskola lan bat”. Hau da, ikasturte osoko kirol jardueren edo musika eskola baten antzerako proiektua da, eta ez txirrindularitza klub arrunten modukoa. Lasterketetara joatea aukera moduan eskaintzen dute; ez da derrigorrezkoa. Hori aldatzeko ere bada eskola. “Sistema zaharrean, lehiatu gura ez zutenek ez zeukaten lekurik taldean”.
Emakumeen partaidetza bultzatzen dute: “Azken 21 urteetan, Urdaibain neska bakarra aritu da lasterketetan, eta hori aldatu nahi dugu. Ez da erreza, ez dugulako erreferenterik, eta ez edukitzea asko igartzen da. Lan asko egin behar da, kostatuko da”.
Gazteak asfaltotik, errepidetik atera gura dituzte. Hori da proiektuaren zutabe nagusietako bat. “Bizi garen eskualdean, txirrindularitza lehiakorra eta asfaltokoa izan da beti. Guk olagarroari buelta eman nahi diogu. Asfaltotik ateratzen eta hain lehiakorrak ez izaten saiatuko gara, jakinda lehiak zein asfaltoak indar handia daukatela. Hala ere, badakigu askok bide hori hartuko dutela, hemengo kulturak horra eroaten zaituelako”.
Asfaltotik atera nahi horretan, Gautegiz Arteagan egin dute eskolaren lehen zirkuitua. Ume eta gaztetxoek ariketak behin eta berriro egiten dituzte monitoreagaz. “Zirkuitua oso garrantzitsua da guretzat. Errepikapenak lantzen dituzte, eredu kontrolatu batean. Beste edozein kirol izango balitz moduan da, esku pilotan, zestan, futbolean edo saskibaloian modura. Errepikapenak lantzea oso zaila da txirrindularitzan. Agian ordu batean berrehun gauza egin ahal dituzu zirkuituan”.
Eskolako kideek garbitu eta atondu zuten zirkuitua, eta beste hiruzpalau sortzeko asmoa daukate. Beste herri batzuetan egin gura dituzte, beste maila eta formatu batzuetakoak: “Gautegiz Arteagako zirkuitua laua da; ez dauka zailtasun handirik. Aldapatsu bat egiten badugu, zailtasun gehiago edukiko du”. Baina ezin da edonon egin. “Urdaibaiko Patronatuagaz harreman oso ona daukagu. Erabilera hau ez dago katalogatuta, eta hori da arazoa. Urdaibaiko katalogoan, adibidez, badago motokroserako pista sartuta, baina halako ezer ez dago. Eusko Jaurlaritzari eskaera berezia egin behar zaio, eta prozesu luzea da; ez da hain erraza”.
Udal batzuekin hartu-emana eduki dute, eta euren proiektuak harrera ona eduki du. Askok, gainera, zirkuituak hartzeko interesa ere agertu diete. Baina leku egokia topatzea ez da erraza, gutxienez 10.000-15.000 metro koadro behar dituztelako, eta herrigunetik hurbil izan behar delako. “Batu gara Muxikako, Mendatako, Foruko, Muruetako, Ereñoko, Gernika-Lumoko eta Gautegiz Arteagako udalekaz, Urdaibaiko Patronatuagaz… Oraindik ez gara guztietara heldu. Askotan, gauzak ez dira egiten lehen bileran; gauzak astiro doaz”. Ia denek proiektua begi onez hartu eta ondo ulertu dute: “Batzuk esan digute euren herriko proiektua izatea nahi dutela. Baina, nahiz eta zailagoa izan, guk argi dugu Urdaibaiko proiektua dela”.
8-14 urte bitartekoentzat zabaldu dute eskola: “Baina adin tartea ez dugu itxi. 8 urtetik beherakoentzat ez dugu gomendatzen. Ez dute gaitasunik, eta bizikletak oso txikiak dira. Hala ere, eurentzat gauza konkretuak egitea komentatu dugu”. 47 bazkide dira, eta aurten ehunen bat izatera heldu nahi dute. Formakuntza ematen duten monitoreak soldatapekoak izatea da euren asmoa; bi pertsona lanaldi erdira edukitzea, alegia. Eurek ez dutela ezer asmatu diote; ereduetatik ikasten ari dira. Adibidez, Miribillan (Bilbo) lan oso ona egiten ari direla azpimarratu du Oleagak. Haien proiektua orain dela bost urtekoa da; 130 ume eta 11 monitore dituzte. Kanpoko ereduak ikusi eta zerk funtzionatzen duen aztertzen dute.
Hegazti harrapariak
Urdaibai Bird Center asko laguntzen ari zaienez, eskolaren logotipoa arrano arrantzalea da. Izan ere, han arrano arrantzalea berreskuratzen ari dira, eta eurek txirrindularitza berreskuratu nahi dute eremu horretan.
Hegazti harraparien izenak dituzte eskolako taldeek: Miruak, Aztoreak, Gabiraiak, Belatzak eta Zapelatzak: “Igeriketa ikastaroetan legez egitea erabaki dugu, adinaren arabera ezin ditugulako jarri. Eredu horrek han oso ondo funtzionatzen zuela ikusi, eta hori egin dugu”. Umeen ezagutzara, esperientziara zein materialetara moldatu behar dira: “8 urtekoak ezin dituzu basora eroan; eurek ez dute gaitasun fisikorik, eta gehienek ez dituzte bizikleta egokiak. Eta 14 urtekoek beste era bateko ibilbideak eskatzen dituzte”.
Hainbat irteera egin dituzte jada, ia denak asteburuetan, eta jai egunak ere aprobetxatu dituzte. Pello Bilbao txirrindularia eta Beñat Intxausti txirrindulari ohia bidelagun izan dituzte irteera batzuetan: “Umeei ilusio handia egiten die. Txirrindulari hauek proiektuaren barruan egotea oso garrantzitsua da guretzat. Luxua da, eta asko eskertzen dugu”.