Natalia Salazar Orbe
“Auzotarren ekimenez sortu zen; emakume talde baten bitartez, bereziki. Senarrek arazoak zituzten alkoholarekin, eta konponbideak bilatzeko, zenbait profesionalekin harremanetan jarri ziren, eta zerbitzua abian jarri zuten”. Gurutzetako Modulu Psikosozialaren sorrerari buruz mintzatu da Jose Ignacio Ibañez bertako psikiatra. Duela berrogei urte gertatu zen hori, artean Osakidetza sortu gabe zegoela. Orduz geroztik, ibilbide luzea egin du, eta beste hainbat alor eta paziente artatzen dituzte martxan dituzten programa anitzetan. Osasun Sailaren babesa izan du Gurutzetako Modulu Psikosozialak, ekainera arte. Akordio hori bertan behera utzita, moduluak ematen zuen arreta murriztu egin da. Horrek pazienteengan dituen ondorioak salatu dituzte moduluko arduradunek, eta, diru saila itzuli arte, protestan ari dira ostegunero.
1980ko hamarkadako lehen urteetan hasi zuten bidea, Osakidetza sortu aurretik. Hala azaldu du Ibañezek. “Osasun Sailak eskatu zigun gure lanarekin jarraitzeko, eta ordaindu egiten zigun lan horren truke. Geroago, Osakidetza sortu zenean, gure inguruko populazioaren beharrak gogobete genitzala eskatu ziguten”.
2012ra arte egon zen indarrean hitzarmen hori. “2012an, ez dakigu zergatik, norbaitek pentsatu zuen modulua ez zela beharrezkoa, eta hitzarmenaren aurkako salaketa jarri zuen”. Zenbait hilabetez eutsi zioten egoera hari. “Modulua ez ixteko lanean jardun genuen. Izan ere, itxiz gero, akabo”. Urte eta erdiren ostean, bost urterako kontratua eskaini zieten. Eta sinatu egin zuten.
Egoera horretan egon ziren iazko ekainera arte. “Ezustekoa hartu genuen kontratua bukatu baino hamar egun lehenago esan zigutenean ez zigutela berrituko. Administrazio legea aldatu dela argudiatu zuten, eta ezin zutela kontratua egin”.
Eurena ez da martxan jarraitzen duen modulu psikosozial bakarra. Gaur egun lau daude Bizkaian. Gainerako hirurak Bilbon daude, baina, Ibañezek gogorarazi duenez, ez dago horiek ixteko arriskurik. “Hasieran zerbitzu hau ematen zuten guztiak modulu psikosozialak ziren. Gero, horietako asko osasun mentaleko zentro bihurtu ziren, eta Bizkaiko osasun mentalaren sare izatera pasatu ziren. Birmoldaketa hori egin zenean, lau modulu geratu ginen”.
Era horretan jarraitu dute gaur egunera arte. “2012an esan zuten: itxi ditzagun modulu guztiak, Osakidetzaren sareak zerbitzu hori bere gain har baitezake. Hala ere, Gurutzetako moduluaren hitzarmena besterik ez zuten salatu, eta soilik Gurutzetakoa ixten ari dira saiatzen”. Gainerako hiru moduluek hitzarmenarekin jarraitzen dute, “eta ez daukate inongo arazorik”. Ez dute ulertzen egoera hori. “Orain arte argudioa zen Bilboko moduluen kasua desberdina zela, udalak diruz laguntzen zituelako. Hori ikusita, Barakaldoko Udalak 20.000 euroko diru laguntza eman dio moduluari”.
40.000 biztanlerentzako
Barakaldoko lau auzotako bizilagunei ematen die zerbitzua moduluak: Lutxana, Gurutzeta, Retuerto eta Burtzeñakoei. “40.000 biztanle inguru dira. Zorakeria iruditzen zaigu bat-batean modulua itxiko dutela esatea, eta 40.000 pertsona horiek Bakaraldoko kontsultetara bideratzea. Zentzugabea da. Barakaldok ezin ditu hartu bere gain”.
Osakidetzak egiten duen lanaren osagarritzat du Ibañezek modulu psikosozialaren zeregina. “Arreta integrala ematen saiatzen gara. Ez ditugu soilik osasun mentala eta toxikomaniak artatzen. Alderdi psikosozialak eta familiarrak ere lantzen ditugu; harremanei dagozkienak, gizarteratzea, gizartean presenteago egoteko boterearen berreskuratzea, adiskideak egitekoak edota etxean bakarrik ez geratzekoak. Hori da desberdintasuna. Ez gara Osakidetzaren lehiakideak, osagarriak baizik. Osakidetzak artatu behar duen paziente kopuru handiarekin, egin ezin dituen gauzak lantzen ditugu. Haiek, teorian, lan psikosoziala egiten dute, edo komunitate-psikiatria. Hala ere, benetan, kontsultetara eta ezer gutxi gehiagora mugatzen dira”.
Zerbitzu anitz
Askotariko pazienteak artatzen ditu Gurutzetako modulu psikosozialak. Hainbat alor lantzen dituzte: osasun mentalerako zerbitzua zuten adostua udara arte Osasun Sailarekin; alkoholismoa eta opiazeoak ez diren toxikomaniak eta ludopatiak, Barakaldoko elkarte batekin elkarlanean lantzen dituzte; arlo psikosozialean, berriz, genero indarkeria kasuetarako, ezintasunen bat dutenentzako, etorkinentzako eta ume eta gazteentzako orientazioa eta babes psikologikoa dituzte.
Horrez gain, garrantzi handia ematen diote duela hiru urte abiatu zuten konpainia terapeutikorako programari. “Modulua etxeetara eramatean datza. Etxeetan egiten ditugu esku hartzeak. Batez ere, arazo larriak dituztenentzat da edota gizarte bazterketa arriskuan daudenentzat: bakarrik dauden adinekoak, buruko gaitz larriak dituztenak, portaera nahasmendua duten haur eta gazteak, edota desegituratutako familiak dira. Azken horietan, sarri, arazo mentalak ere izaten dira”.
Zerbitzu hori bertan behera utzi behar izan dute Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin zuten kontratua bertan behera geratu ostean. Horren ondorioz egoera larriak sor daitezkeela esan du Ibañezek: “Batez ere, konpainia terapeutikoaren zerbitzua zutenak erabat hankamotz geratu dira. Oso estu eta larri daude, kezkatuta, eta sintoma gehiago azaldu zaizkie. Ahal dugun bezala artatzen ditugu kontsultetan, baina ezinezkoa da zerbitzu bera eskaintzea. Horiek guztiak gaizki daude, eta denborak aurrera egin ahala, okerrago jarriko dira”. Orain zain egotea besterik ez dute, diru sailaren bat onartzen dieten ikusi arte.