Ezohiko proiekzioen etxea

Ezohiko proiekzioen etxea

Ane Maruri Aransolo

Ohiko zinema aretoetan tokirik ez duten filmak proiektatzea, ezagutaraztea eta haiei balioa ematea: hori du helburu Gernika-Lumoko zine klubak. Duela 39 urte sortu zen, asmo horrekin, eta, gaur egun ere, horretarako lan egiten dute.

Irudiaren munduak eta zinemak merezi duten hedapena izan dezaten lan egiten dute taldeko kideek. Hori horrela, ohiko zinemetako programazioetan tokirik ez duten eta tarte bat merezi duten obra zinematografikoak bultzatzen dituzte. “Ikus-entzunezkoen balio teknikoagatik eta giza balioengatik aukeratzen ditugu obrak”, jakinarazi du Pedro Duranak, zine klubeko kideetako batek.

Hori horrela, irudiaren eremu linguistikoan berrikuntzaren bat duten ikus-entzunezkoak aukeratzen dituzte, bai eta ikuspegi aurrerakoietatik gizarteari eragiten dioten arazoen berri ematen duten ikus-entzunezkoak ere: “Tarte bat merezi duten obra zinematografikoak dira. Film horietako askok ez dute lekurik pantaila komertzialetan, eta horien aurkezpena eta analisia egitea da gure asmoa”.

Gozamenerako ikus-entzunezkoak proiektatzeaz gain, lan pedagogikoa egiten dutela dio Markos Estebanez taldeko kideak: “Zerbait irakasten saiatzen gara pelikulekin. Mezua zabaltzen dugu, eta hausnarketara bideratzen ditugu ikusleak. Lehen, foroak egiten genituen, baina orain ez”.

Sorrera, 1982an

Zinema areto komertzialetatik kanpo zinema independentea lantzeko beharrizanaz ohartuta, gazte talde bat batu zen, eta Gernika-Lumoko zine kluba sortu zuten, 1982an. “Bermeon Kresala izeneko zinema foroa egiten zen. Filmak ikusi eta batzarrak egiten ziren. Hori ikusita, Gernikan gauza bera egitea erabaki zuten. Besteak beste, Juan Luis Ugalde, Diego Gandarias eta Iñaki Etxaniz izan ziren bultzatzaileak”, adierazi du Duranak. Ezaugarri ludikoa eta entretenimendua helburu zituzten filmak gutxietsi barik, zinema ausartagoa bilatzen saiatu ziren taldekideak, eta lortu zuten: “Ikus-entzunezko ausartak ziren, irudiekin gehiago esperimentatzen zutenak”.

Gizarte etxean batzen ziren lehen; Lizeo antzokian elkartzen dira orain. Ikusleen gehiengoa gaztea zen lehen, baina nagusiak dira orain zine klubera gerturatzen direnak. Zinema eta zinemaren ikusleak asko aldatu dira urteen joanagaz, eta aldaketa horietara egokitzen joan dira.

Zazpi dira guztira taldean, eta haien esku dago urteko programazio osoa antolatzea. Urtean, gutxi gorabehera hiru aldiz batzartzen dira, eta bertan erabakitzen dute programazioa; taldekide bakoitzak bere proposamenak eramaten ditu, eta guztien artean erabakitzen dute filmen zerrenda: “Gaur egungo herritarrek asko dakite zinemari buruz. Garaiak aldatu egin dira, eta teknologiek bide ematen diote jakintza horri. Zinema garaietara moldatzen ari da, eta baita programazioa ere”.

Jendeak zinema adimenduna eskatzen duela diote zine klubekoek. “Badakigu herritarrei zer gustatzen zaien. Badakigu zer film izan daitezkeen interesgarriak, eta horiek proiektatzen ditugu”, azaldu dute. Aurretiaz prestatzen dituzte, eta batzuetan zenbait film zentsuratu dituztela ere onartu dute; El Faro filma, esaterako: “Klubean eztabaida sortu da. Film oso ona da, baina proiekzioa ikustera etortzen diren herritarrek ulertzeko oso zaila. Hori horrela, egokiak diren proiekzioen alde egiten saiatzen gara. Herritarren eskaera eta gustuetara egokitzen gara”.

Gernikako zine klubak oso harrera ona duela onartu dute, “beste hiri batzuetakoekin alderatuta, jendetza joaten baita”. Batez beste 180 ikusle inguru izaten dituzte saioek, eta horietatik %80 ohiko ikusleak izaten dira: “Publiko zintzoa daukagu. Gehienak emakumeak izaten dira, baina gero eta gizonezko gehiago etortzen dira”.

Baina, proiekzioaren arabera, ikusle kopurua aldatu egiten dela onartu dute: “Parasite filmak sekulako oihartzuna izan du orain. Guk ikasturte hasieratik geneukan programatuta”. Bong Joon-ho Koreako zinema zuzendariaren pelikulaz gain, 2020an proiektatutako beste filmek ere harrera itzela izan dutela diote: “Azken bi hilabeteetan gertatutakoa ikaragarria izan da. Jendetza etorri da; aretoa goraino bete dute. Agur Everest filmagaz hasi zuen ibilbidea zine klubak, eta, 38 urte beranduago ere, aretoak betetzen jarraitzen du”. Azken ikasturteetan programazioa luzatu behar izan dute. Beste bi saio gehiago egiten dituzte, “herritarrek eskatuta”.

Herrikoekin harremana

Zine kluba ez da zazpi taldekideen kontua bakarrik. Saioek jende asko erakartzen dute, eta herritarren arteko hartu-emanak sortzen ditu. “Botatzen duguna botata ere, beti etortzen den jendea dago, eta horrek hartu-emanak sustatzen ditu. Batzuen eta besteen artean iritziak trukatzen dituzte, eta hori aberasgarria da. Izan ere, zinema ulertzeko modurik onena zinea ikustean datza”, adierazi dute elkarteko kideek. Hori horrela, zine klubaren ibilbidean zehar hainbat proiektu burutu dituzte; irratsaio bereziak, esaterako.

Azken urteetan, baina, herriko taldeekin lan egiten dute. Lekuek jaialdian, Gernikako bonbardaketaren urteurrenean, Bakearen Aldeko Jardunaldietan eta Martxoaren 8an zine ziklo bereziak antolatzen dituzte, herriko taldeekin elkarlanean. Lobak, Goi Zale, Gernika Garretan, Gernika Gogoratuz, Gernika Batzordea eta Gernikako Antzerki Taldeagaz aritu dira, besteak beste. “Herrian antolatzen diren ekintzetan parte hartzen eta gure ekarpena egiten saiatzen gara. Gurekin harremanetan jartzen dira, eta hori sekulakoa da guretzat”.