Natalia Salazar Orbe
Erabakiak ez du atzera bueltarik. 2006az geroztik Getxon izan den akuarioa itxi egingo dute hilaren bukaeran. Bizkaiko Foru Aldundiak bertan behera utzi du mantentze lanetarako egiten zuen diru ekarpena (250.000 euro). Udalak esan du ezin diola aurre egin gastu horri, eta, aldundiaren babesik gabe, akuarioa itxi egin behar duela. Itxieraren errua teilatutik teilatura dabil. Izan ere, aldundiaren esanetan, ixteko erabakia ez dute beraiek hartu. Erantzukizunak gorabehera, herrian galdu egingo dute itsasoko ekosistemei buruzko proiektu hezitzailea, eta bost langile kalean geratuko dira.
Munduko hainbat itsasotako inguruneak erakusten ditu Getxo Aquariumek. Bizkaiko akuario bakarrak berezitasun hori du: bertan dauden ekosistema guztiak errealak dira, apaingarririk gabekoak. Helburu argia zuen planteamendu horrek, sustatzaileek azaldu zutenez: jendea sentiberatzea zen asmoa, ekosistemen ahultasunaz ohar daitezen.
Ekipamendu hori galtzeagatik kezka agertu dute Getxoko Udaleko Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk. Proiektua birpentsatzeko proposamena egin dute, gastuak murrizteko aukerak aztertuta. Hausnartzeko eta eztabaidatzeko eskaera egin diote udal gobernuari. Besteak beste, arrain tropikalen atala txikitzeko aukera proposatu dute. Eta hango beharginak udal langileak direla diote. Udalak, berriz, enpresa kudeatzailearen arduratzat jo ditu.
Joseba Arregi Hiri Zerbitzuetako, Ingurumeneko eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak esan du akuarioaren proiektuaren gastuak murrizterik ez dagoela. “Bideragarritasuna bilatzeko aukera hori, gastuak murriztuta, ez da errealista. Hala esan dute gure teknikariek”. Beraz, erabakia irmoa da. Urtarrilaren 31n itxiko ditu ateak Getxoko akuarioak. Azken lau urteetan, batez beste hilean 2.000 bisitari izan ditu akuarioak; urtean, 24.000 inguru.
Getxotik harago interesa duen ekipamendu bat galduko dela uste du Arregik. “Gure inguruko itsasoan dagoena erreproduzitzen du. Itsas eremua erakusten digun ingurune areto baten galera dakar”. Hala ere, ez du aurreikusten ixtea beste irtenbiderik.
Ertz ugari ditu Getxoko akuarioaren aferak. Itxiera bera, batetik, eta lan gatazka, bestetik. Izan ere, akuarioko langileak greba mugagabean daude urritik, zerbitzu publikoa kudeatzen duen enpresa pribatuak beharginetako bi kaleratu zituenez geroztik.
Itxieraren gaineko eztabaida, berriz, hainbat eremutara zabaldu da: langileak kalean informazioa zabaltzen ari dira; udaleko alderdiek osoko bilkuran iritzi desberdinak azaldu zituzten, eta Batzar Nagusietara ere iritsi da kontua. Aldundiak orain arte egiten zuen diru ekarpena bertan behera utzi izanaren arrazoiei buruz galdetu dute EH Bilduk eta Elkarrekin Bizkaiak. Azken horrek gogorarazi du Aldundiak hiru milioi eurotik gora gastatu dituela proiektuan. “Udalak eta Aldundiak erabat abandonatuta izan duten arren, Getxoko akuarioak bisitari kopuru duina izan du”.
Aldundiak diru ekarpena bertan behera uzteko arrazoiak eman ditu: “Getxoko akuarioaren jabea Getxoko Udala da. Aldundia inoiz ez da izan instalazio horien ugazaba, eta akuarioarekin izan duen harreman bakarra 2006an udalarekin sinatutako hitzarmena besterik ez da izan”. Zehaztu du hitzarmenak 2025era arte indarrean egotea aurreikusten zuen arren, Sektore Publikoko Erregimen Juridikoko urriaren 1eko 40/2015 legeak ezartzen duela hitzarmenek iraupen zehatza izan beharko dutela. “Ezin da lau urtetik gorakoa izan, araudiak epe luzeagoa aurreikusten ez badu”. Hala bada, “legeak aurreikusitako epea igarota”, hitzarmena bukatutzat ematea erabaki zuten. “Erabaki horretan besterik ez du esku hartu aldundiak. Erakunde honek ez du parte hartu akuarioaren jarduna bukatutzat emateko erabakian. Erabaki hori Getxoko Udalak hartu du”. Elena Unzueta Iraunkortasun eta Ingurune Naturalerako foru diputatua ere bide beretik mintzatu zen joan den astelehenean, dagokion sailaren batzordean.
EH Bilduko batzarkide Arantza Urkaregiren esanetan, aldundiak aukera bazuen beste irtenbide bat bilatzeko: “Aldundiak milaka hitzarmen ditu hainbat sailetan, eta badaude baliabideak zerbitzuak epe batean eman eta gero luzapenak baliatzeko. Hemengo hainbat zerbitzutan ezagutzen dugun ohitura da hori. Aldundiarena aitzakia merke bat baino ez da”.
Udala akuarioa salbatzen saiatu dela azaldu du Arregik. “Uztailean agiri bat bidali genion aldundiari, geneukan hitzarmena moldatuta 2025era arte zabalik jarrai zezan. Hori zen gure asmoa”.