Txerriki eta indaba onenen bila Mungian

Txerriki eta indaba onenen bila Mungian

Ibai Maruri Bilbao

Baserri eta nekazaritza giroak hartuko ditu Mungiako kaleak asteburuan. Baita beste hainbat herritakoak ere; San Antonen omenezko jaiak ospatuko dituzte-eta, han eta hemen, asteburuan: Berrizen, Bilbon eta Urkiolako santutegian, besteak beste. Mungian egitarau zabala prestatu dute astebururako. Joan den domekan hasi ziren motorrak berotzen, gainera: neguko jaietako 21. herri krosa izan zuten.

Gaurkoa da San Anton eguna. Animaliak bedeinkatuko dituzte Mungiako Belakoko ermitan egingo den mezan —Bilboko izen bereko elizan eta Urkiolan ere egongo da horretarako aukerarik—. Iluntzean jarraituko du jaiak: Anne Etxegoien eta Euskal Ahots Berriak izeneko musika emanaldiaz gozatzeko aukera egongo da Olalde aretoan, 20:00etatik aurrera.

Dena den, biharkoa da Mungiako neguko jaietako egun handia, San Anton bigarrena edo San Antontxu eguna. Hain zuzen ere, biharko egunak ematen die izena jaiei: sanantontxuak. Eta, urtero legez, azoka eguna izango da. Ferialekuan, domeketako ganadu feria egiten den lekuan, abere erakusketa eta salmenta egongo da. 11:00etatik aurrera, behi arrazen gaineko azalpenak emango dira, erakustaldi berezi batean. Horrez gainera, makineria, erremintak, fruta arbolak eta landare apaingarriak ikusi eta erosteko aukera egongo da ferialekuan bertan. Baita txosnetan jan-edatekoa ere.

Animaliak ez dira izango San Antontxu egunak baserritik herrira ekarriko dituen bakarrak. Herri osoa bihurtuko da azoka. Andra Mari plazan, barikueroko merkatura joaten diren baserritarrak egongo dira euren postuetan; eskualdeko eskulangileak ere haiekin egongo dira biharkoan. Baina ez dira bakarrak izango. Foruen enparantzan, Matxin plazan eta Trobika eta Alkartasuna kaleetan baserriko produktuen erakusketa eta salmenta postuak atonduko dituzte: ortuariak, ogia, pastelak, txerrikia, fruta, txakolina, sagardoa, gazta… denetarik egongo da eskura.

Besteak beste, Euskadiko Odoloste eta Txorizoen XXIV. Sariketan parte hartuko duten harategien postuak ere egongo dira tartean. Euskal Pizkundea etorbidean udalak jarriko duen karpan egongo da sariketako irabazleak hautatuko dituen epaimahaia. 10:30ean hasiko dira txorizoak eta buzkantzak probatzen. 13:00etan izango da sari banaketa eta ohorezko aurreskua, toki berean. Bentades kalean eta udaletxeko arkupeetan, eskulangileen postuak eta Mungiako elkarteek urtean zehar egiten duten beharra erakusteko postuak egongo dira atonduta.

Musika, dantza eta gehiago

Azoka girotzeko lana Gure Ametsa txistulari taldeak, trikitilariek eta Amilotx dantza taldeak izango dute, goiz osoan zehar. Dantzariek, gainera, emanaldi berezia egingo dute 14:00etan, udaletxe aurrean. Baserritarren salmenta postuen artean ipiniko diren txosnetan ere egongo da giroa. Eta, arratsaldean, Ardoa Barrura eta Txikuri fanfarreak ibiliko dira jaia kalez kale hedatzen.

San Antontxu eguneko bigarren ekitaldi nagusia pilotalekuan izango da: 17:00etan hasiko da pilota jaialdia. Lehenengo, promozioko binakako txapelketako partida jokatuko da: Elordik eta Etxebarriak osatutako bikoteak Egiguren V.a eta Erostarbe izango ditu aurrez aurre. Profesionalen binakako txapelketan, berriz, Olaizola II.a eta Urrutikoetxea Artola eta Imazekin lehiatuko dira, nor baino nor gehiago.

Azoka eguna borobiltzeko, Akerbeltz taldeak erromeria eskainiko du. Udalak Euskal Pizkundea etorbidean ipiniko duen karpapean izango da, 20:30etik aurrera.

Kirolak eta bertsoak

Ez dago zalantzarik lurrari lotutako jaiak direla Mungiako sanantontxuak. Domekan berdintsu jarraituko dute. Indabak hartuko du protagonismoa, Lapikoko Egunean. Euskal Herriko X. Indaba Txapelketa egingo da Andra Mari plazan eta Foruen enparantzan. Dagoeneko ez dago izena emateko tarterik; urtarrilaren 15a zen azken eguna. Baina handik igaro eta lehiakideek prestatutakoa ikusi eta usaintzea ere bada plazera. 14:00etan hasiko da herri bazkaria, eta 17:00etan banatuko dira txapelketako sariak.

Bien bitartean, Neurketa kaleko probalekuan herri kirolez gozatzeko aukera egongo da. 12:00etan hasiko da Euskadiko Ingude Altxatze Txapelketa mistoa. 13:00etan, berriz, idi probetako San Antontxu saria jokatuko da, 1.500 kiloko harriarekin. Ordu berean, Euskal Pizkundea etorbidean bertso saioa hasiko da: Oihana Bartra, Fredi Paia, Oihana Iguaran eta Jone Larrinaga arituko dira. Saio bukaeran, XXII. Bertso Paper Lehiaketako sariak banatuko dira agertoki berean.