Saharako herria ezagutarazi

Saharako herria ezagutarazi

Olaia Zabalondo

Saharatik etorritako umeak hartzen zituzten familiak batu eta eratu zuten Besalde Bermeo Sahararen Alde elkartea. 2002. urteko apirilean sortu zuten 11 lagunek. Ordutik, elkarte modura Saharar herriaren alde lan egin dute, eta hango beharrizanak ezagutarazi dituzte Bermeon zein Busturialdean.

Jakinarazi dutenez, 2005. urtean sortu zen Euskal Herriko Koordinadora Otsailak 27. Ordura arte, herrialdeka egiten zuten lan. 2005etik aurrera, koordinakundeak kudeatu ditu Oporrak Bakean, Piztu Itxaropena euskal karabana, aldarrikapen politikoak… “Beharrezkoa da sarean lan egitea, eta, koordinakundea sortuta, probintziaka egiten ziren karabanak zein ekintza guztiak bateratu ziren”, esan du Besalde elkarteko kide Ana Ormaetxeak.

Oporrak Bakean kanpainaren baitan, Saharako hainbat ume etortzen ziren Bermeora, eta ziklo osoa egiten zuten Bermeoko familiekin, 7 eta 12 urte bitartean; Bermeoko Udalean harrerak egiten zizkieten. Umeekin hainbat ekintza egin izan dituztela diote. Gaur egun, hala ere, Saharatik datozen umeen kopurua jaitsi egin da. “Baina ez Bermeon bakarrik, orokorrean gertatzen ari da”. Anabel Alegriaren ustez, “moda kontuak izaten dira”.

Biak, Ormaetxea eta Alegria, errefuxiatu sahararren kanpamentuetan egondakoak dira, behin baino gehiagotan. Ormaetxea bi semeekin ere joan zen 2004an: “Esperientzia aberasgarria izan zen oso; jende oso alaia da. Han egon ostean, etxera bueltatzerakoan egunerokoan dauzkagun gauza asko eta asko balioan jartzen dira”. Biak batera, eskolaz eskola mago batekin joandakoak ere badira.

Diotenez, kanpamentuetan ez da pobrezia ikusten, herri baten egoera baizik: “45 urte daramatzate han, gazteentzako etorkizunerako esperantza barik. DBH mailako ikasketak egiteko ondo antolatuta daukate; unibertsitate mailako ikasketak, berriz, Aljerian edo Kuban egiten dituzte. Bueltatzen direnean, kanpamentuetan ez daukate irtenbiderik, eta ez da irtenbiderik ikusten etorkizunera begira ere. Herri sakabanatua da, eta utzita daude. Nahiz eta legea euren alde egon, inork ez du ezer egiten”.

Urte hauetan guztietan hainbat ekintza egin dituzte Bermeon: haimen erakusketak Lameran, argazki erakusketak eta hitzaldiak Nestor Basterretxea aretoan, film emanaldiak eta tea edateko hitzorduak Kabidxen, Gernika-Lumoko Bat Ez Da Gitxi herri egitasmoagaz batera Sahararen aldeko astea, Julen Urdaibai eta Juan Olartegaz batera GR 98 solidarioa, Mina Bat Lore Bat egitasmoa… Aldarrikapen politikoetan ere barneratuta egon direla azaldu dute, manifestazio asko eta askotan parte hartuta.

GR 98 solidarioa ekarri dute gogora. Urdaibai eta Olartek Busturialdea gurutzatu zuten korrika, eta 5.227 euro lortu zituzten hezkuntza bereziko eskola batera bidaltzeko. Mina Bat Lore Bat egitasmoa ere ez dute ahazten. Bermeoko eskoletako ikasleek egindako loreak landatu zituzten basamortuan, pertsonen kontrako minen eta harresien aurka. Moulud Yeslem artista sahararrak sustatutako proiektua izan zen.

Aldarrikapen lana

Lan asistentziala egitea ez zen euren helburua, aldarrikapena zabaltzea baizik. Hala ere, herrian sahararren komunitate handia egon denez, harremanak eta lagunak egin dituzte. Modu horretan, ezkontzak edota bataioak antolatzen lagundu izan dute: “Beste modu batera egiten dituzte ospakizunak, toki berezia behar dute. Talan, institutuan edo Cannon jatetxean antolatu izan dira ospakizunak. Jendea gonbidatzen dute, baina ospakizunaren eguna iritsi arte ez dakite nortzuk agertuko diren”.

Lehen Mohamed Aitaren etxera tea hartzen joaten ziren sarri; bera izan zen Bermeora etorri zen lehenengo sahararra. Hark batzen zuen asko komunitatea.

Euskal Karabana Solidarioa Piztu Itxaropena izeneko kanpainaren urteroko ordua iritsi da. Koordinadorak kudeatuta, hamabost karabana egin dituzte. Aurtengoa hamaseigarren karabana izango da; urtarrilaren 7tik 19ra egingo dute janari bilketa Besaldekoek, Busturialdean.

Aljeriako errefuxiatu sahararren kanpalekuetara bidaltzeko janari bilketa egingo dute, hain zuzen ere. Helburu nagusia “Saharara ahalik eta elikagai kopuru handiena” eroatea da, “errefuxiatuen kanpamentuetan duten elikagai falta asebetetzekotan”.

Askotarikoak

Aurreko urteetan egin bezala, hegaluzea oliotan, sardinak oliotan, egoskariak, pasta, azukrea eta konpresak batuko dituzte Busturialdeko dendetan, supermerkatuetan eta ikastetxeetan. Horrez gain, Bermeoko San Frantzisko elizako lokaletan ere jasoko dituzte produktuok. Ordutegia honako hau da: astelehenetik barikura bitarte, 18:30etik 20:00etara.

Azken urteetan, Busturialdean, 5.000 kilotik gora batu izan dituzte. Horietatik asko kontserba fabrikek emandakoak izaten dira; batez ere, Salicak. Zenbait udalek dirua ere ematen dute, eta hori zuzenean karabanara bideratzen dute. Herritarren diru laguntzekin, berriz, produktuak erosten dituzte. Jendeak dagoeneko proiektua ezagutzen du, eta badaki nora jo behar duen laguntzeko. Urteetan laguntza mantendu edo goraka doala diote.

Sarean egiten dute lan, bestela ezingo zuketen Busturialdeko herri guztietan egon. Hala ere, bidaltzen den jaki kopurua baino gehiago, hemendik Saharara heltzen den mezua da garrantzitsuena: “Bakarrik ez daudela gogorarazten diegu”. Otsailean aterako da Bilbotik euskal karabana. Basaldetik guztien laguntza eskertu gura izan dute, orain arte agertutako “eskuzabaltasun eta solidaritateagatik”.