Ibai Maruri Bilbao
Klima aldaketak ekarriko dituen kalteetako batzuk uriolak eta itsas denboraleak dira. Bakio horren jakitun da. Badaki biak sufritzeko arrisku itzela duela, dagoeneko bietatik izan ditu eta. Horregatik, gogoetari ekin dio, eta lehen neurriak hartzen hasiko da. Uraren Euskal Agentziarekin batera, udalak neurriak hartuko ditu Estepona errekaren inguruetan uriolei aurre egiteko. Besteak beste, padura bat eta urpean gera daitekeen baso bat sortuko dituzte laster.
Amets Jauregizar da herriko alkatea, eta azaldu du 2016an abiatu zutela lurraldea planifikatzeko ildo estrategikoak finkatzeko gogoeta prozesua. “Argi geratu zen klima aldaketaren ondorioetara egokitzen hasi behar dugula. Gogoeta prozesu horretan, ulertu genuen erreka gure lurraldearen parte dela, eta bidea eman behar zaiola uriolak datozenerako; beste horrenbeste itsasotik mareak gora datozenean, itsas denboraleetan”. Plana osatzeko, Estepona ibaia lauzpabost zonatan zatitu zuten, eta EHUko eta Bartzelonako Unibertsitateko adituekin horietako bakoitzean zer egin zitekeen aztertu zuten teknikariek.
Horrela, bada, hiru jarduera nagusi proposatu zituzten: urpean geratu daitekeen baso bat sortzea Santa Katalinako zubitik gora, Bakea inguruan padura bat sortzea, eta erreka itsasoratzen den lekuan ere ibaiari leku egitea, ezkerrean eta eskuman dituen hormak kenduta edo txikituta. “Hiru proiektu horiek proposatu ziren, horiek egiteak ahalik eta jende gehienari egingo ziolako mesede uriolak baldin bazeuden”. Alkateak esan du printzipioz lehen bi jarduerak egingo dituztela, hau da, padura eta basoa sortuko dituztela. Izan ere, Basigoko bide nagusiak eta San Pelaioko bideak bat egiten duten bidegurutzetik portura arteko erreka zatian esku hartzea “oso gaitza” iruditzen zaie gaur-gaurkoz, inguru guztia eraikita dagoelako.
Egingo dituzten aldaketa horiei esker, errekaren eskuin ibarrean eraikita dauden etxe eta auzoetan “nabarmen” apalduko da kalteak sufritzeko arriskua. Dena den, argitu dute Bakiok dituen uriola arriskuak ez direla erabat desagertuko. Batez ere, Errenteria eta Ariztondo auzoetan igarriko dituzte gutxien obra horien onurak.
Itsas denboraleek hondartzatik gertuen dagoen inguru horri egingo liokete kalterik handiena: oraingoz lanik egingo ez duten eremu horri, portutik errepide nagusira doanari. Dagoeneko nabaritu izan dute olatuen indarra inguru horretan. 2014ko neguan izandako itsas denborale bortitzean, esaterako, sekulako kalteak izan ziren hondartzako pasealekuan; inguruko etxeetara ere iritsi zen ura, eta errekan gora igo zen itsasoa. Jauregizarren esanetan, Bakiok berak eta kostaldeko herriek lan asko daukate egiteko, klima aldaketak ekarriko dituen ondorioak aztertu eta haiei aurre egiteko. Gainera, azpimarratu du badagoela zailtasun bat: “Klima aldaketa bera ere aldatuz doa, eta ez dakigu seguru zer kalte etorriko diren etorkizunean. Horregatik, etengabe joan behar dugu errealitate berrietara egokitzen”. Zehaztu du Azti-Tecnalia ikerketa zentroa badabilela horri lotutako ikerketak egiten euskal kostaldeko hainbat herritan, eta Bakio tartean dagoela. “Guretzat oso garrantzitsua da jakitea itsasoak zenbaterainoko kaltea eragingo digun. Izan ere, orain arte, hirigintza neurriak hartzean, erreketako uriolak kontuan hartzen ziren, baina inoiz ez itsasoaren kalteak. Orain, hori aldatu egingo da”.
Padura eta basoa sortzeko aurreproiektua iaz egin zen. Orain, udalak sei hilabeteko epea dauka proiektua esleitzeko. Ondoren, Uraren Agentziak obrak esleitu beharko ditu. Beraz, urte honetan edo datorrenean hasiko lirateke lan horiek egiten, alkateak berak egindako kalkuluen arabera.
Beste jarduera batzuk
Klima aldaketari begira, bestelako neurri batzuk ere hartu nahi ditu Bakioko Udalak; besteak beste, dagoeneko hartzen hasita dago eraginkortasun energetikoari dagozkion neurriak. Basoei ere erreparatu die. Bizkaiko kostaldean, monolaborantza oso hedatuta dago, eta Bakiok baso autoktonoen aldeko apustua egin berri du. Ez bakarrik ekosistema aldetik duen garrantziagatik, baizik klima aldaketari aurre egiteko aliatuak ere badirelako. “Lurra osasuntsuago egongo da, aberatsagoa izango da, eta klima aldaketaren ondorioei hobeto egingo die aurre modu horretan”. Gaztelugatxe eta haren inguruko biotopoaren babesa eta turismo iraunkorra sustatzea ere lehentasun nagusiak dira Bakiorentzat.