Peru Azpillaga Diez
Saskiratze aparta egin du aurten Bizkaiko saskibaloiak. Izan ere, lurraldeko hiru talde nagusiek aspaldi izandako mailarik onena erakutsi dute, eta, 2018-2019 denboraldian sasoi betean ibili ostean, 2019-2020 denboraldiari era bertsuan ekin diote. Saskiz saski hazten jarraitu du Bizkaiko saskibaloiak, beraz; agerian utzi dute kirol horrek Bizkaiko maila guztietan eskuratu duen garrantzia.
Gizonezkoen profesional mailan, Bilbo Basket taldea altxatu egin da iaz jasotako kolpearen ondoren, eta maila gorenera itzuli da aurten. 2017-2018ko denboraldian izandako emaitza txarrek jaitsiera ekarri baitzioten garai batean Europako talderik onenekin lehian ibilitako talde bilbotarrari. Baina, hondoratu beharrean, Urrezko LEB mailako talderik indartsuenetako bat osatu eta, denboraldi bakarrean, ACB ligara itzultzea lortu du Bilbo Basketek. Eta ondo itzuli ere. Ligako aurrekontu apalenetariko bat daukan arren, ondo hasi baitu denboraldia, eta, lehenengo partidak irabazi ostean, onenekin lehiatzeko prest dagoela erakutsi du Bilboko taldeak.
Gizonezkoen maila, ordea, ez da salbuespena Bizkaian. Lointek Gernika taldeak, denboraldiz denboraldi, geroz eta emaitza hobeak eskuratu ditu, eta, oraindik titulurik eskuratu ez duen arren, horiek lortzetik geroz eta hurbilago dago. Iaz bosgarren sailkatu zen emakumezkoen Endesa Ligan, eta Espainiako Kopako finala jokatzetik gertu ibili zen. Aurten urtez urteko goranzko joera horri eutsi diola dirudi gainera, eta hirugarren postuan sailkatuta dago liga txapelketan. Horrekin batera, indartsu dabil Eurokopan ere, eta urrats garrantzitsuak eman ditu multzoko fasea gainditu eta final-hamaseirenetan egoteko.
Hortaz, ez da kasualitatea bi talde horiek hiru urteko lankidetza akordioa sinatzea. Akordioaren emaitzetako bat urtarrilaren 4ko Saski Gabonak egitasmoa izango da: Miribillako kantxan jokatuko dute biek, egun berean.
Azkenik, titulua
Azken urteetan, Bidaideak Bilbo BSR taldea izan da tituluak eskuratzetik gertuen ibili den Bizkaiko saskibaloi taldea, eta, garaipena atzamar puntekin behin eta berriz laztandu ostean, aurten bere lehenengo titulua eskuratu du: Euroliga. Aulki gurpilduneko Bilboko saskibaloi taldeak egindako bidea, ordea, ez da inondik inora erraza izan; azken urteetan sei aldiz izan baita txapeldunorde. Iaz, esaterako, bi puntugatik galdu zuen Euroligako finala Txurdinagan, eta, Ligan ere, finala galduta amaitu zuten denboraldia.
Oztopoak oztopo, 2018-2019 denboraldian egoerari buelta eman diote, eta Sheffielden (Ingalaterra) jokatutako Euroligako finala irabaztea lortu dute. Hala, taldeak eskuratzen duen lehenengo titulua izateaz gain, Bizkaiko saskibaloi talde batek lortzen duen Europa mailako lehenengo titulua ere eskuratu du Bidaideak Bilbo BSR taldeak. Ligan, bestetik, bigarren sailkatu ostean, azken fasean aritu dira oraingoan ere, baina ez dute lortu finalera sailkatzerik. Dena den, badirudi emaitza onek ez dutela etenik: 2019-2020 denboraldiari ere garaipenekin ekin diote. Hala, Txapeldunen Ligarako sailkatzeko ametsa egia bihurtzeko helburua du taldeak 2020rako.