Aitziber Laskibar Lizarribar
Kalitate handikoa da Bilboko Arte Ederren Museoa. Maila goreneko margoak ditu, eta asko. Baina ez da behar bezala ikusten. Proiekzio handiagoa behar du, eta espazio gehiago eskatzen du horrek. Handitu egin behar da. Ondorio horretara heldu da, ia aho batez, Batzar Nagusietako Kultura Batzordea. EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoarekin, Ahal Dugu-ren kontrakoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin, museoa handitzeko aukera aztertzeko eskatu diote Batzar Nagusiek Arte Ederren Museoaren Patronatuari.
Beste bi aldiz ere handitu da pinakoteka, orain arte. 1970. urtean eta 2001ean zabaldu egin zuten, eta, gaur egun, 12.000 metro koadroko azpiegitura du. Horietatik erdiak baino gutxiago dira, ordea, erakusketetarako: 5.000 metro koadro. Gainontzeko zatiaren gehiena museoak duen artelan bilduma oparoa gordetzeko erabiltzen da. Izan ere, 10.000 lan inguru ditu.
Aspaldiko nahia
Bi handitze horien ondoren ere, sarritan jarri izan da mahai gainean museoaren eremua handitzeko beharra, arazo bat edo beste dela medio gaia beti tiraderan gordeta geratu izan den arren. Iñaki Azkuna alkate zenak berak jendaurrean adierazi zuen premia 2009. urtean: “Handitzean pentsatzen hasi behar da, txiki geratzen ari baita”. Museoak gordeta artelan asko dauzkala baina ez dagoela horiek erakusteko espaziorik argudiatu zuen orduan alkate zenak. Gaiari heldu, eta Campo Volantin pasealekuan dagoen Olabarri jauregia museoarentzat hartzea ere pentsatu zuen. Negoziazioetan hasi zen. Baina jauregiaren jabe den Portu Agintaritzak hautsi egin zuen eraikina erosteko hitzartua zuten aurreakordioa, eta hor zapuztu ziren Azkunaren asmoak.
Azkenekoz, PPk jarri zuen gaia mahai gainean, udal hauteskundeetan. Non jarri ere zehaztu zuen. Egungo kokalekuan eremu handiagoa hartzea ezinezkoa dela eta, museoaren zati bat Abando ingurura eramatea proposatu zuen; AHTa Bilbora Abandotik sartuko dela ziurtzat jo zuen, trenbidea lurperatu egingo dela Cantalojas arte, eta, beraz, eremu hori guztia “libre” geratuko dela. “Biziberritze garrantzitsua izango da hiriarentzat”, esan zuen.
Oraingoan ere PPk proposatu du handitzea. “Guggenheimek museoen mapan jarri du Bilbo, baina ez du lortu ikusleak Arte Ederren Museora erakartzea. Milioi bat pertsonak baino gehiagok bisitatzen dute Guggenheim, baina horietatik %7 soilik igarotzen dira Arte Ederretatik, pinakoteka altxor bat den arren”, azaldu du.
EAJk babestu egin du ekimena, abisu bat emanda: “Foru aldundiak Euskal Museoa osorik berritzeko konpromisoa hartu du, eta, beraz, berritze hori amaitu arte gutxienez, aldundiak ez du dirurik izango pinakoteka handitzeko”. Hortaz, ohartarazi du proiektua gauzatzeko datarik ez dela oraindik ezarriko. Zabaltzea bere ustez non egin behar litzatekeen ere ez du zehaztu; egungo egoitza lurrazpitik handitu behar litzatekeen edo beste lekuren bat bilatu behar litzaiokeen.
PSEk bat egin du eskaerarekin, baina argi du ezingo dela egungo eremuan handitu. Uste hori plazaratu du EH Bilduk ere. Ahal Dugu-ren iritziz, berriz, ez da handitzeetan eta turistetan pentsatu behar, dinamizazioan eta bertoko publikoan baizik. Eskaeraren aurka bozkatu du. Hemendik aurrera, museoaren patronatuak zer dioen itxaron beharko da, Batzar Nagusien nahiak aurrera egin dezakeen edo ez ikusteko.