Peru Azpillaga Diez
Elkartasuna. Horrek bultzatu ditu Zornotzako Harrera Taldeko kideak euren herrira bizitzera etorritako familiekin elkarlanean hastera. Argi dute “laguntza eta salaketa, txanpon beraren bi aldeak” direla. Horregatik nabarmendu dute atzerritarrei buruzko Espainiako legea dela egun migratzaileek pairatzen duten traba nagusia. “Legeak pertsona horiek modu irregularrean bizitzera kondenatzen ditu: paperak lortzeko hiru urtez egon behar dira erroldatuta, eta urte beteko lan kontratua eskuratu behar dute; beraz, kasurik onenean, bizirik irautera kondenatuta daude gutxienez hiru urtez”, azaldu du Olatz Talavera Zornotzako Harrera Taldeko kideak.
“Hor sartzen da harreraren beharrizana”, erantsi du kolektibo bereko kidea den Irati Aiestak. “Atzerritarrentzako legeak bigarren mailako biztanleak sortzen ditu: eskubiderik gabe, egoera zaurgarri larrian bizitzera behartuz”. Horri erantzutea “ezinbestekoa” dela ondorioztatu du: “Gurea da ardura, eta herri moduan erantzun kolektibo bat eman behar dugu, bestela gu ere arazoaren erantzule garelako; hortik dator hein batean proiektuaren zergatia”.
2017az geroztik, herrian abandonatuta zegoen etxe bat atondu, eta familiak bertan bizitzeko egokitu du Zornotzako Harrera Taldeak. Martxan hasi zirenetik, hamabost familia igaro dira etxetik. Orain, ordea, bertan dauden lau familiek, herrian geratzeko hautua hartu dutela azaldu dute, eta azken hilabeteak mota guztietako laguntza lanak egiten ibili dira.
“Hiru familiak 2018tik daramate gurekin, eta laugarrena orain dela aste gutxi iritsi da”, esplikatu du Talaverak. Familiekin beharrizanak “gutxinaka” sortzen direla esan du, eta, batik bat, egunerokotasunari lotuta daudela. Egunerokotasunean sortzen zaizkien trabak “izugarriak” direla erantsi du Aiestak: “Administratiboak, hizkuntzari lotutakoak, ohiturak, estereotipoak, arrazismoa…”. Laguntza premia hadia dutela dio; adibidez, erroldatzea, eskolatzea edo osasun arreta lortzeko. Horretarako, herritar askoren laguntza jaso dutela nabarmendu du: “Erroldatzea lortzeko salaketa kanpaina bat abiatu genuen herrian, eta azkenean lortu genuen helburua”.
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformatik abiatuta Euskal Herri osoan zehar hedatu den harrera sarearen parte da Zornotzako taldea. “Gure artean harremanetan gaude, eta lekuan lekuko proiektuen ezaugarrien eta migratzaileen profilen arabera bideratzen da harrera; baina egitasmo bakoitza autonomoa da”, zehaztu du Aiestak. Hori bai, oinarrian beti laguntza solidarioa dagoela azpimarratu du: “Harrera, arreta eta laguntza; herrian haiekin batera elkartasun proiektu bat sortzea da helburua, komunitate hobe bat jadanik eraikitzen hastea”.
Familiak esparru eta bide ezberdinetatik jartzen dira haiekin kontaktuan. “Horrek esan nahi du sinistu behar dugula haien istorio eta arazoetan”, gogorarazi du Aiestak; “eta haien beharrizanei erantzun bat eman”. Hala ere, ezinbestekotzat jo du lan guzti hori salaketarekin uztartzea: “Hona ekarri dituzten arrazoiak salatu behar ditugu, hori delako modua biktima izateari utzi eta aktibista bihurtzeko”.
Umeen kasua ere azpimarragarria dela deritzo Talaverak. “Batzuek ez dute inoiz izan errutina bat, hasieran oso aztoratuta daude, kostatu egiten zaie gainerakoekin harremanak sortzea, ez dute hizkuntza menderatzen… Orduan, lehentasunezkoa da lehenbailehen eskolaratzea”. Izan ere, behin eskolan, lasaitu eta “ume izatera itzultzen” direla ohartarazi du Talaverak.
Era berean, instituzioetan dagoen “gabezia” salatu dute biek; batez ere, familien kasuan. “Instituzioak ez daude prest familien beharrizanei erantzuteko, eta unitate familiarrak apurtu egiten dituzte”, gaitzetsi du Talaverak. “Are gehiago, instituzioen zentroetan umeen tutoretza galtzera ere arriskatzen dira familiak; eta arrazoi bakarra pobrezia da: ez dutelako ahalmen ekonomikorik eta ezinezkoa zaielako hori legez lortzea”.
Etxetik kafetegira
Migratzaileei ostatu emateko etxea beteta dutela, herrian izandako elkartasunak eta lanean jarraitzeko grinak beste proiektu bat martxan jartzera bultzatu ditu Zornotzako Harrera Taldeko kideak. Aiestak jakinarazi duenez, egun ez dute familia gehiago artatzeko lekurik, eta espazio berri bati bide ematea erabaki dute. “Familia horiek autonomoak bilakatu arte lagunduko ditugu, eta, bitartean, integrazioa sustatzeko espazio berri bat sortzea erabaki dugu”.
Elkartasunean saretzen jarraitzeko espazio bat izango dela esan du Aiestak, alternatibak eraikitzeko aukera eskainiko duena. Era berean, beste bizitza eredu bat erdigunean izango duen espazio bat ere izango dela erantsi du: “Eraldaketa sozialerako espazio bat izango da, bertako produktuetatik hasi eta harremanetan sartzeko beste modu batzuk garatzeraino”. Atzo, finantzaketa kolektiboko kanpaina bat hasiz aurkeztu zuten egitasmoa. Goteo plataformaren bidez egingo dute, Bizkargi Kafe Degustacion izenpean. “Asmoa da herriko jendea hasiera-hasieratik inplikatzea, eta lan egiteko aukera ematea, horregatik finantzaketa ere elkarlanean egingo dugu, denon artean”, adierazi du Talaverak.