Peru Azpillaga Diez
Itxita. Hala topatu zuten Araluceko langileek trokelgintza fabrika gaueko txandara sartzera zihoazenean; joan den astean izan zen hori. Harridura eta urduritasuna. Mondragon Korporazioko Batz kooperatibak urrian jakinarazi zien langileei fabrika ixtera zihoala, jada ez zelako gai merkatuaren eskariari erantzuteko. Geroztik, martxan zegoen langileen eta enpresaren etorkizuna erabakitzeko prozesua: mobilizazioak, proposamenak, ezezko erantzunak…
Garai zailak dira Igorreko fabrikako 141 langileentzat. Baina ez dira hain ezohikoak ere Arratiako biztanleentzat, desindustrializazioak eta krisi ekonomikoak gogor astindu baitu bailara. Oraingoan, baina, berezia da egoera. Izan ere, bai Batz kooperatiba, bai Araluce fabrika, biak hala biak Igorren bertan kokatutako enpresak dira, eta lan gatazkak hautsak harrotu ditu jadanik gogor kolpekatuta dagoen eskualdean.
Hain zuzen ere, gatazkan murgilduta dauden bi aldeen arteko tentsioak goia jo zuen joan den ostiralean, Araluceren jabe den Batz enpresak ordu txikietan ixtera behartu ondoren, abokatu eta ertzainen bidez. Egoerak ezustean harrapatu zituen langileak; are gehiago kontuan izanda oraindik ere enpresaren bideragarritasuna defendatzen dutela, eta, hortaz, negoziazio prozesu batean murgilduta daudela Batzekin. Orduak igaro ahala, langileak fabrikara joan ziren, eta atarian elkarretaratu, lantegitik makineria ateratzea eragotzi nahian. Ordutik, 141 beharginek zaintza txandak egiten dituzte makinak eta beste jabetzak eraman ez ditzaten.
“Hemen ikusi duguna lotsagarria da”, salatu du Sergio Velazquez Araluceko ELA sindikatuko ordezkariak, itxiera patronalaren harira. “Ezin dugu ulertu nola Batz bezalako kooperatiba batek erabaki dezakeen Aralucen dagoen lana gauez eta saldukeriaz ateratzea”. “Gainera, Ertzaintza erabili dute fabrikan dugun lan eskasa eramaten saiatzeko”, kexatu da. Izkander Agirrezabala Araluceko langileak ere joan den astean goizaldetik bizi izandakoak kontatu zizkion BERRIAri: “Hau oso gogorra izan da. Enpresa horrela ixtea, jendea eskoltatuta ateratzea… Gainera, ixtera etorri diren langileetako batzuk, Batz kooperatibakoak, herriko jendea dira, betiko ezagunak. Oso gogorra da”.
Hiru urteko ibilbidea
Velazquezek azaldu duenez, langileek ez dute ulertzen zelan erabaki dezakeen Batzek Araluceko fabrika ixtea, hura erosi eta pare bat urte baino ez direnean igaro. “Arrazoiren batengatik erosi zuten Araluce; inork ez du enpresa bat ixteko erosten”. Hori dela eta, Batz taldeak hartzen dituen erabakien gaineko ardura duela azpimarratu du: “Batzek ulertu behar du bere erabakiek ondorioak dituztela, bai erosten duenean, bai saltzen duenean ere, eta ondorio horiek bere gain hartu behar ditu”.
Batz kooperatibatik, jakina, bestelako ikuspuntu bat dute gatazkaren inguruan, eta autogintzaren merkatuak duen egoera “latzari” leporatu diote Araluce enpresa ixteko erabakia. “Araluce 2016an erosi genuen. Momentu hartan ez zuten ekoizpen produktibitaterik, eta lan erregulazio betean zeuden; esaterako, dagoeneko bazuten guri leporatu diguten %16ko soldata jaitsiera”, adierazi du Batzeko bozeramaileak —ez du bere izena eta kargu zehatza agertzerik nahi—. Argudiatu duenez, momentu hartan merkatuaren egoera ikusita, pentsatu zuten gauzak ondo joango zirela: “Batzen badugu trokelgintza dibisio bat. Negozioa hedatzeko aukera ona izan zitekeela uste genuen: Araluce ez zegoen ondo, bailara berekoa zen… Aproposa iruditu zitzaigun”.
Esplikatu du autogintzaren merkatua gainbeheran sartu zela gero, 2017an, eta batez ere 2018an: “Eta jada aurtengoa definitiboa izan da”. Elektrifikazioaren ondorioz, auto ekoizpena gelditu egin dela dio: “Auto ekoizleek ez dakite zer aldetara jo; ez dute argi zer motatako autoak atera, eta produkzioa gelditu egin da; jada ez dira trokelak ekoizten, eta gu guztiz harrapatuta geratu gara arlo horretatik”. Europako trokelgintza guztiaren kontua dela nabarmendu du, gainera: “Asko ari dira ixten edo bestelako neurriak hartzen; ez da Batzen gauza edo gestio txar baten kontua, arazo koiunturala da”:
Batzeko bozeramaileak jakinarazi du egoera aurreikusi egin zutela, eta, horri aurre egiteko, kontingentzia plan bat garatu zutela: “Inbertsioak, makineria berria, soldata jaitsierak, ezohiko paga kentzea, ordutegiak malgutzea… Baina Aralucen ez genuen ezer ukitu; besteak beste, haiekin adostutako soldata igoerak izan zituzten”. Hala ere, azaldu duenez, orain jasanezina bilakatu da egoera: “Ezin izan dugu gehiago eutsi, gure kooperatibaren iraunkortasuna ere arriskuan ipintzen ari garelako”.
Hortaz, urrian eman zitzaien ixtearen berri beharginei; Batzetik azpimarratu dute haiekin hizketan ibili direla geroztik, eta baita lehenago ere: “Aurreko urtean jada jakinarazi genien zein zen merkatuaren egoera, ez genuela lan kargarik bi fabriketarako eta esfortzuak egiten ari ginela inbertsore berri baten bila, Araluce irekita mantendu zedin”.
Trokela trukean
Batzeko bozeramaileak azaldu duenez, ostiralean itxiera patronala ezarri baino lehen, Batzeko ordezkariak eta Araluceko enpresa batzordea batu, eta honako aukera hau proposatu zitzaien: amaitutako trokela emanez gero, Batzek lan gehiago esleituko lioke fabrikari, hilabete gehiagorako lana lortuz eta denbora irabaziz irtenbide bat lortzeko bidean. “Ezezkoa eman ziguten, lehenago egindako beste proposamen batzuekin bezala, eta horregatik joan ginen gu trokelaren bila”. Ohartarazi duenez, Batzen bezero batek behar duen trokel amaitu bat dago Aralucen: “Arriskuan dago zenbait auto merkaturatzea, eta, imajinatu dezakezunez, hori gertatuz gero izango ditugun kalteak ezingo genituzke jasan”.
Baina Velazquezek deritzo Batz kooperatibak lan “kaskarra” egin duela Araluceren itxiera kudeatzeko. “Orain arte ez da prozesurik existitu, ez da ezta erregulazio espedienterik ireki; ez dute ezer egin, hemen Poliziarekin eta abokatuekin agertu diren arte”. Ertzaintza enpresa pribatu baten interesen defentsan erabili izana salatu du, eta azaldu du, gainera, aipatutako trokela amaitu gabe dagoela: “Egoera onean dago, baina ez dago amaituta; etorkizunera begira dugun lan urriaren parte da”. Horrekin batera, Batzek ezarritako itxiera patronala ilegala dela ohartarazi du: “Ez dute inolako argudiorik eman, trokela nola edo hala ateratzea zen haien asmo bakarra”. Oraingoz, lan ikuskaritzaren eskuetan dago kasua, eta egunotan emango du erabaki bat.
“Lana badago, alternatibaren bat bilatu behar dugu, baina guk ez dugu itxieraz hitz egin nahi, lanpostuen defentsaz eta enpresaren bideragarritasunaz baizik”, esan du Velazquezek. “Gu prest gaude ahal bezainbeste itxaroteko, baina gure kooperatiba eta gure zazpiehun langileak arriskuan jartzen ari gara”, erantzun du Batzeko bozeramaileak. “Hainbat proposamen jarri dizkiegu mahai gainean, eta azkenaren erantzunaren zain gaude oraindik”. Era berean, erantsi duenez, haientzat ere ez da egoera erraza:”Bailara txikia da hau; denok ezagutzen dugu elkar, eta hurbilekoak ditugu alde batean zein bestean”.