Ibai Maruri Bilbao
Lehenengo eta behin, zutik mantentzea lortu nahi genuen. Hori zen premiazkoena. Eta lortu dugu. Erortzeko arriskuan zegoen, eta botatzeko prest ere bazeuden”, azaldu du Juanjo Hidalgo historialariak. Bilboko Elizbarrutiak Orozkoko San Juan elizaren mantentze lanak egiteko proiektua onartu du. “Eraikinarekin zer egin? Hori gero erabakiko da”.
Hidalgoren eta herriko beste zenbait lagunen aldarrikapen nagusia izan da azken hilabeteetan. Udaberrian SOS Donibane izeneko mugimendua ipini zuten martxan helburu horrekin. “Ez zen izan plataforma ofizial bat. Gure asmoa zen herrian auziari oihartzuna ematea. Sinadura biltzen hasi ginen. Nik dozenaka bilera egin ditut: udalean, diputazioan, gotzaindegian… Baina ez nuen ezer lortu, tamalez. Badirudi orain Mario Izeta gotzainak berak hartu duela erabakia”. Herriko parrokoa ere eraikina botatzearen alde agertu izan dela penatu da. Udaleko Hirigintza Sailak oniritzia ematerakoan hasiko dira lanak. 240.000 euroren aurrekontua izango dute. Teilatua berrituko diote, eta, hormak ez erortzeko, egonkortu egingo dute.
Horraino zaharberritzea. Eraikina ez da gehiago gurtzarako erabiliko; beraz, ez dute egokitzapenik egingo barruan. Ez erortzea baino ez da asmoa. Izan ere, horren ordez beste eliza bat dute, berria, duela 50 bat urte inauguratutakoa. Eliza zaharraren barruko aldearen egoera “penagarria” dela esan du Hidalgok. “Ez da jende askorik ibili, baina sartu dira. Hilobiak estali gabe daude. Antza, lo ere egin izan du norbaitek, suaren aztarnak baitaude”. Erretaulak, aldarea eta baliozko guztia eliza berrira eroan zuten.
Hurrengo pausoa eraikin horrekin zer egin erabakitzea izango da. Hidalgoren esanetan, oraingoz ez du presarik horrek. Berak ideia batzuk baditu, eta proposatu ditu. Uste du erakunde publikoren batek hartu beharko lukeela haren ardura; baina ez Orozkoko Udalak. “Gurea Bizkaiko herririk handienetakoa da hedaduran, baina biztanle gutxi ditu: 2.000 eskas. Zama ekonomiko izugarria litzateke udalarentzat, eta, gainera, zertarako? Badute areto bat horretarako”.
Diputazioa izan daitekeela iruditzen zaio. Elizbarrutiak lanak egitea erabaki aurretik, Bizkaiko Kultura zuzendariarekin bildu zen Hidalgo, haiek zerbait egingo zutelakoan. “Ezetz esan zidan. Eta ulertu nuen: eraikin pribatua eta diru publikoz mantendua, hori ez da zuzena”. Baina behin Elizbarrutiak bere lana eginda, iruditzen zaio diputazioak zerbait egin dezakeela. Esaterako, museoentzat erabilgarri izan daitekeela uste du. “Asko dira leku faltan egoten direnak euren artelanak gordetzeko. Eliza hau oso handia da, Bizkaiko handienetakoa, eta irtenbide ona izan daiteke, biltegi moduan erabiltzeko”. Erabilera bat baino gehiago izan ditzakeela iruditzen zaio. Unibertsitateetara ere jo izan du, ikastaroak egiteko lekua eskaintzera.
Ondare arkeologikoa
Elizak balio arkitektoniko handia duela azpimarratu du Hidalgok. Horregatik, penaz hartu du herritarrek kezkarik agertu ez izana. “Gutxi izan gara mugitu garenak. Lehen bi bileretara hainbat lagun etorri ziren, baina, gero, hoztu egin zen kontua. Elizarena denez, askok ez dute interesik agertu. Baina gure ondarea da, gure kultura, gure arbasoek utzi digutena, eta zaindu egin behar dugu, mantendu”. XX. mendera arte eliza honetan jendea lurperatu dela ohartarazi du. “Orozkoko sei elizateetako bat da hau, Zubiaur. Beti izan da garrantzitsuena. Bertan daude lurperatuta orozkoarren erdiak; herri erdiaren arbasoak hemen daude”.
Gaur egun zutik dagoen eraikina XVI. mendekoa da. Baina Hidalgo seguru dago aurretik beste bi eliza egon direla leku berean. “Lekukotza historikoen arabera, XIII. mendean hor eliza bat zegoen. Uste dugu lehengoak San Roman zuela izena. Hortik etorriko litzateke gaur egungo elizaren izena: San Juan Duluman.
Inguru laua dela nabarmendu du, eta iruditzen zaio Erdi Aroan inguruan herrixkaren bat egongo zela; agian, Goi Erdi Arokoa. “Beraz, arkeologiaren ikuspegitik badu ibilbidea eliza honek. Aztarna garrantzitsuak egon daitezke leku honetan, gure herriaren historia ezagutzeko baliagarriak izan daitezkeenak”. Tenpluan lanean hasten direnean ezer egin aurretik indusketak egin beharko direla ohartarazi du. “Hala dago aginduta legez”. Espero du gauza “interesgarriak” topatuko direla. Eta hori elizari zutik eusteko borrokari esker izango da.