Ibai Maruri Bilbao
Santurtziko Narkotiko Anonimoak taldea sortu zenetik urtea bete da egunotan. Bizkaiko hirugarren taldea da: duela bederatzi urte iritsi zen Bilbora, eta, 2015ean, Gernika-Lumon eratu zuten bigarren taldea. “Orain arte geure kontura ibili gara, eta ez gara oso ezagunak izan. Orain hasi gara bilerak egiten drogekiko mendekotasuna duten pertsonekin lan egiten duten elkarte handiekin eta Galdakaoko ospitaleko zerbitzuarekin. Harrera ona egin digute. Ohartu dira hemen gaudela, eta hondoa jo duen norbait dutenean, euren terapiekin aurrera egitea lortu ez duen norbait, guregana bidaltzen dute”, azaldu du Julen Bilbaok (Bilbo, 1974) —asmatutako izena da—. Taldea ezagutzera emateaz arduratzen da. Gogoratu du Bilboko taldea sortu berritan lauzpabost lagun baino ez zirela elkartzen, baina orain ez du baztertu epe ertainera Bizkaian laugarren taldea sortzea.
Zein da zuen elkartera jotzen dutenen soslaia?
Baldintza bakarra bete behar dute: drogekin arazoak izan behar dituzte, eta kontsumoari uzteko gogoa edo asmoa izan behar dute. Hemen ez da inor baztertzen; baldintza hori betetzen duen edonor onartzen dugu. Gure taldeetan enpresari garrantzitsuak topatu ditzakezu, eta, haien alboan, kalean bizi izan diren pertsonak. Era guztietako jendea dago, eta denek dute ezaugarri bera: hondoa jo dute droga kontsumoagatik. Izan ere, hona etorri garen gehienok aurretik denetarik probatu dugu —desintoxikazio zentroak, Etorkintza, Gizakia Helburu…—, baina ez dugu droga kontsumoa uztea lortu. Azken aukera izan da hau.
Gizon eta andre, gazte eta heldu… Denetarik dago?
Ez dizut esango gizon baino andre gehiago dagoenik, baina hortxe-hortxe ibiliko dira. Andre asko dago gure taldeetan. Eta adin guztietako jendea. Orain dugun gazteena 20 urteko neska bat da; nagusiena, 64 urteko gizona. Azkenaldian informazioa zabaltzeko lanetan ari gara delituengatik zigortuta dauden adingabeen artean, eta euretako batzuk gero gure taldeetara etortzen dira. Baina gazteenak egoten dira denbora gutxien. 18-19 urte arteko gazteek uste dute oraindik ez dutela hondoa jo, hortik euren kasa irteteko gai direla, eta gutxi irauten dute taldean.
Esan duzu taldekide gehienok aurretik beste terapia edo elkarte batzuk probatu dituzuela. Zergatik egin dizuete haiek huts, eta zergatik Narkotiko Anonimoak balekoa izan zaizue?
Normalean, jendeak uste du drogekiko mendekotasuna duenak ez duela haiek uzteko borondaterik eta kemenik; biziotsua dela. Eta esango nuke zentro eta elkarte hauetan ere halakotzat dituztela. Kontsumoa uzteko botikak ematen dizkizute, ez zarelakoan zeure kabuz egiteko gai. Kontsumitzera zerk bultzatzen zaituen aztertu nahi izaten dute, horretaz berba egin. Guk beste ikuspegi batetik lantzen dugu. Guretzat narkotikoa gaixo dago, eta ez du topatu kontsumoa uzteko metodo eraginkorrik. Gure taldera etorri eta lehen bileran sentitzen du ulertzen duen jendea topatu duela; bera bezalako jendearekin dagoela. Ez psikologorik ez psikiatrarik. Beste pertsona bat entzuten duenean kontatzen hau eta beste pasatu dituela, baina orain ez dakit zenbat denbora daramala kontsumitu gabe, pentsatzen du berak ere lor dezakeela. “Hori ni bezalakoa da, eta drogak uztea lortu du. Nik zergatik ez?”. Gainera, taldekide berriei gainontzekoen telefono zenbakiak ematen zaizkie, arazoren bat duenean, kontsumitzeko gogoa duenean, deitu ahal izateko. Beste elkarte horietan eta zentroetan euren ordutegitik kanpo babesgabe geratzen zara. Goizaldean kontsumitzeko gogoa sortzen bazait, nork lagunduko nau? Guk guztiok beldurra sentitu dugu, eta horregatik ulertzen dugu elkar hain ondo. Guk bizitza mehatxu moduan hartzen dugu. Bizitzeko beldur gara, emozioen beldur gara, arazoek ikaratzen gaituzte. Horregatik, sufritzeari uzteko eta bizi ahal izateko topatu dugun modu bakarra drogak izan dira. Inork ez digulako inoiz sufritzeari uzteko tresnarik eman, eta drogetan topatu dugu.
Beraz, beldurragatik hasi zineten kontsumitzen?
Noski. Guk uste dugu drogekiko mendekotasuna eritasun bat dela, eta esaten diogu beldur egozentrikoen gaixotasuna dela. Denari diogu beldurra, eta guztiaren erdigunea geu gara. Denari diogu beldurra, eta uste dugu denak gure kontra daudela. Gehienok arazo igualtsuak izan ditugu: ulertzen ez gintuen familia autoritario bat, ez dugu maitatu gaituztenik sentitu, ez gara ulertuak sentitu… Taldean, berriz, ulertzen gaituzte. Horregatik, kontsumitzeko gogoa dudanean, taldekide bati deitzen diot, badakidalako ulertuko duela zer gertatzen zaidan, eta lagunduko nau. Horri esker ez diot trafikatzaileari deituko.
Bileretan zer egiten duzue?
Alkoholiko Anonimoetan erabiltzen duten metodologia bera izaten da. Koordinatzaile edo dinamizatzaile bat egoten da. Eta bilera hasieran testu bat irakurtzen du. Hasten gara testu horren inguruko gogoetak egiten. Inoiz ez dugu ezer esaten beste batek esandakoaz edo emandako iritziaz; beti bakoitzak berea. Eta norbaitek ahultasun momentu bat izan eta kontsumitu badu, bilerara etor daiteke, nahiz eta parte hartu ez egun horretan. Ez da komeni bileretara etortzeari uztea. Horrez gainera, tutore moduko bat izaten dugu, hainbat urtez kontsumitu gabe dagoen beste kide bat. Hark laguntzen gaitu.