Ibai Maruri Bilbao
Urteak daramatzat horrelako zaharberritze lanak gertutik jarraitzen, eta sekula ez dut ikusi hain hondatuta egon den erretaularik”, aitortu du Jesus Muñiz Petralanda artearen historialariak. “Gerta daiteke polikromia galtzea leku batzuetan, baina ez tamaina honetako hondamendirik”. Arrietako San Martin elizakoaz ari da. 2006ko abenduaren 5eko goizaldean alboko txoko gastronomikoan sutea piztu zen, eta handik zabaldu zen tenplura. Eraikina salbatzeko, suhiltzaileek milaka litro ur bota zituzten. Suak ez zuen erretaula hondatu, baina hormek xurgatutako ura erretaulara iritsi zen, eta hezetasunak erabat hondatu zuen. “Sekulako onddo geruza egin zitzaion gainetik. Kotoiz estalita zegoela zirudien”. Azaroan berrinauguratuko dute erretaula zaharberritua, San Martin jaietan.
Muñizek gertutik jarraitu ditu zaharberritze lanak. Arrietako erretaularen inguruko liburu bat prestatzen ari da. Gotiko estiloaren azken sasoietakoa dela azaldu du, Errenazimenturako jauzia hasi zenekoa. Hala, oro har gotiko berantiarrekoa den arren, baditu Errenazimentuko elementu batzuk. XVI. mendekoa dela badakite, nahiz eta ez duten urtea zehaztea lortu. Dena den, XVIII. mendeko historialari Jose Ramon Iturrizaren argitalpen batean 1424. urtekoa dela topatu dute. “Ezinezkoa da. Erretaularen estiloa ehun urte aurreratuko litzatekeelako. Posible da Iturrizak erabilitako datuan 1525 jartzea, baina 1424 irakurtzea; izan ere, garai hartan bost zenbakia ezberdin marrazten zen”. 1525ekoa izan daitekeela uste du.
Equipo 7 zaharberritze enpresak egin ditu lanak, Basauriko tailerrean. Muñizen esanetan, normalean baino gehiago luzatu da prozesua, baina ez lanak. “Sutearen erantzulea nor izan zen argitu behar izan da epaitegietan. Horrek asko atzeratu du prozesua. Hori zehaztu arte Bizkaiko Diputazioak ez zuen diru laguntzarik eman nahi izan”. Hala, sutea 2006ko abenduan izan, eta erretaula 2007an desmuntatu arren, iaz arte ia hasi ere ez ziren egin beharrean. Lanak zailak izan direla nabarmendu du, eta garestiak. Diputazioak emandako dirua ez da nahikoa izan, eta Gondra Barandiaran Fundazioaren eta Arrietako herritarren laguntza ekonomikoa ere jaso dute —besteak beste, Jesus Azillonarena—.
Muñiz oso pozik dago emaitzarekin. “Arrietarrek ez dute ezagutu ere egingo”. Jatorrizko polikromiaren gainean beste hiru geruza topatu dira: bi interbentzio eta margotze bat. “Margotzeko, margo industriala erabili zuten. Borondate onez egingo zuten, baina ez zuen batere kalitaterik. Aurpegien adierazkortasun guztia aldatu zioten”. Zaharberritze prozesuan gaineko geruzak kendu dizkiote, eta jatorrizkoa utzi dute agerian hein handi batean. Horra zaharberritze profesional baten eta borondaterik onenez baina txarto egindako baten arteko aldea. Oro har, produktu disolbatzaileak erabiltzen dira horretarako. Baina ez da erraza izan: geruza horiek leku batzuetan bat eginda egon dira. Muñizek esan du hori gertatzea ohikoa izaten dela gainetik berriro margotutako artelanetan.
Desagertutakoa berregin
Kasu horietan, xista batekin eta luparen laguntzarekin kendu behar izan dituzte gaineko geruzak. Pazientzia eta trebezia handia eskatzen duen lana da. Baina merezi izan du. “Adierazkortasun guztia berreskuratu du. Liluragarria da. Kalitate itzeleko lana egin zuten jatorrizko erretaulan”. Urre orria erabili zuten lehenengo, eta gainetik margo tonu bat eman zioten. Ondoren, puntzoi batekin harramazkatzen zuten, azpian geratutako urre kolorea azaleratzeko. Erretaula egin zutenek brokatu aplikatuaren teknika ere erabili zuten, brokatuzko ehunak irudikatzeko.
1960ko hamarkadan, sagrario zaharra kendu zutenean, erretaularen zati bat ere kendu egin zen, marmolezko beste bat jartzeko haren lekuan. Orain, joan den mendean galdutako hori berreraiki dute, 1960 aurreko egoerara itzultzeko. “Artelan baten zaharberritzean, galdu den zerbait gehitzen baduzu, lehen egon zena bezalakoa izan behar da; ezin da asmatu. Kasu honetan, erretaulan bertan izan ditugu galdutakoa zelakoa izan zen jakiteko behar genituen zantzuak”. Berria den hori polikromia aldetik ezberdina izango da; kolore igualtsua izango du, baina ez bera. “Ezinbestekoa da agerikoa izatea zer den jatorrizkoa eta zer den berria, etorkizunean ere jakin dezaten”.