Natalia Salazar Orbe
Hamar urte baino gehiago dira Atxondon AHT abiadura handiko trenaren lanak geldi daudela. Herritarrak eta aurreko udal gobernua legeari tiraka aritu ziren hainbat urtez, proiektua geldiarazteko. Eta hala egon da, duela gutxira arte. Adif enpresaren eta Espainiako Gobernuaren ordezkariek, batetik, eta lur-jabeek, bestetik, lurren desjabetze aktak sinatu zituzten 2016an. Berriz ere geldi egon da proiektua, Adifek desjabetze prozesuaren luzamendua eskatu duen arte. Xabier Garate alkateak berak ere (EAJ) joan den asteko osoko bilkuran baieztatu zuen AHTa badatorrela, baina noiz izango den ez dakitela.
Egoera hori ikusirik, ezinegona sortu da hainbat herritarren artean. Kezka eta zalantza guztiak jaso eta afera bideratzeko plataforma bat eratu dute. Ostegunero elkartzen dira herriko plazan. Iñigo Larringan plataformako kidea da, eta desjabetutako lur zati baten jabea. “Lur-jabeak eta herritarrak elkartu gara bilera horretan. Taldetxoak ere batzen ari zaizkigu. Esaterako, eskolako umeen gurasoak batu zaizkigu. Izan ere, trazadura eskolatik oso gertu dago. Eskola ondoan dago pista bat, azpiegituraren zutabeak jarri behar dituzten lekura daramana. Beraz, AHTa egiten bada, hortik egunero pasatu beharko dute dozenaka kamioik. Horiek ere kezkatuta daude. Apurka-apurka ari gara iristen talde guztietara”.
Atxondo eta Abadiño arteko AHTaren zatia Elorrio, Atxondo eta Abadiño herrietatik pasatuko da. Bi noranzkotarako trenbide bana izango duen enbor nagusi bat du oinarri azpiegiturak tarte horretan. 5.660 metrokoa. Horrez gain, noranzko bakarreko adar bi ere izango ditu, bakoitza 900 metrotik gorakoa. Bistakoa da azpiegiturak zer inpaktu izango duen Anboto horma irudi duen herriaren paisaian. Berau gauzatzeko, bestelako lanak ere egin beharko ditu Adif enpresak. Besteak beste, lurrak mugitu eta drainatze lanak.
Atxondoko Udalak azpiegiturari buruz duen iritzia eta lanei buruz duen informazioa jasotzen saiatu da Bizkaiko Hitza , baina ez du lortu. Hala ere, joan den asteko osoko bilkuran udal gobernuak azaldu zuen zer ikuspegi duen. Xabier Azkarate alkatearen hitzak jaso zituen Anboto aldizkariak: “Euskal Herrian zati handi bat eginda dago. Beraz, ni kontra egon arren, Atxondotik pasatu egingo da”. Bestalde, Gorka Garate alkateordeak esan zuen alderdi moduan trenaren alde daudela. Hala ere, azpiegitura horrek Atxondon izango duen inpaktuaren kontra dagoela erantzun zion oposizioan dagoen EH Bilduri.
Zalaparta eragin du gaiak herrian, bai eta udalean ordezkaritza duten bi taldeen artean ere. EAJk aurreko udal gobernuari leporatu zion azpiegitura handia pasatzeko aukerarik txarrenaren alde egin zuela, ANV-EAE agintean egon zenean. Gorka Garate alkateordeak kazetariei azaldu zienez, “AHTa pasatzeko bi aukera genituen, bata bestea baino txarragoa. Zoritxarrez, aukerarik txarrena daukagu, 2007tik aurrerako gobernu taldeak hala erabakita. Hau da, orain aurreikusi baino 400 metro urrunago pasa zitekeen. Baina ez da horrela izango. Min eman arren, Apatamonasterio erditik pasatuko da”. Apatamonasterio Atxondoko auzoburua da.
EH Bilduk ezeztatu egin du bi ibilbide egon zirela aukeran, eta udalak gaitasuna izan zuela bataren edo bestearen alde egiteko. Azaldu dute legearen arabera Maisu etxea deritzon eraikinaren gainetik besterik ezin dela pasatu, eta adierazi beste aukera legez kanpokoa zela. Antzera mintzatu da Larringan ere: “Trazadura bi zeuden mahai gainean, baina horietako batek ez zituen betetzen legeak aurreikusitako baldintzak”.
Legearen zirrikitu guztiak aztertu nahi ditu AHTaren aurkako plataformak, eta, horretarako, adituengana joko dute. “Abokatu talde espezializatu bat hartuko dugu berriro, ikusi baitugu guztia irregularra dela. Obraren ingurumen inpaktua neurtzeko azterketarik ez dute egin”.
Plataformak iragarri du bi ildori jarraituko diela: bata, mobilizazioena, eta bestea, komunikazioa eta harreman sareak lantzekoa. “Herriko talde guztiak inplikatu nahi ditugu, eta harremanak zabaldu, baita Abadiño eta Elorrio herriekin ere. Horretan ari gara”.
Herritarren indarra
Mendi martxa egiteko asmoa ere badute, ziurrenik, urriko azken asteburuan. “Martxa hori herri agerraldi bat izatea nahi dugu, talde guztiak inplikatuta”. Duela hamahiru urte herritarrek erakutsi zuten indarra gogorarazi nahi dute antolatzaileek: “Irudikatu nahi dugu zer-nola altxatzen den Atxondo, berriz ere, ezetz esatera”.
Atxondoko Udalari ere galdetu diote AHTaren lanei buruz. “Oraingoz, esaten dute ez dakitela ezer. Baina hori gezurra da. Badakigu egunotan sinatu behar dituztela Maisu Etxea Adifi emateko agiriak”. Adifeko langileak eta ibilgailuak ikusi dituzte aspaldion herrian. “Mugimendua nabari da. Badatoz. Adifeko langile batzuekin hitz egiten aritu ginen. Esan ziguten datozen egunetan hasiko direla pistak zabaltzen, porlan makinak muntatzen… eta horrek guztiorrek lau urte inguru iraungo duela “.