Ainhoa Larrabe Arnaiz
Hiri zein herrien egiturek segurtasun falta eragiten dute hainbat herritarrengan. Argirik gabeko tokiak, bihurguneak, lurpeko igarobideak… arrisku guneak dira, eta, kasu askotan, emakumeei askatasunez ibiltzea eragozten diete, balizko erasotzaileengandik jazarriak izateko arriskuaren aurrean. Sentipen hori sortzen duten gune gatazkatsuak hiri debekatuaren mapa deitzen direnetan jaso dituzte azken urteetan Bizkaiko hainbat udalerrik. Bilbon, 2011n osatu zuten toki arazotsuen mapa, eta zeresana ematen jarraitzen du hiriburuko egitasmoak. Epe laburrean mapan agertzen diren gune guztietan esku hartzeko plana adostu dute alderdi denek.
Duela bost urte markatu zituzten Bizkaiko hiriburuko eremu arriskutsuak Bilboko Udalak eta Berdintasunaren Aldeko Bilboko Emakumearen Kontseiluak, hiriburuko hainbat andrerekin batera. Hiriburuko eremuetan emakumeen “askatasun eta lasaitasun sentipenak” handitzea du helburu lanak, eta hori bermatzen ez zuten 236 toki identifikatu zituzten guztira. Eremu horietan “arrisku pertzepzioa” hobetzea erraza zela jasotzen zen egitasmoan, argiztapenari ala garbiketari oso lotutakoak baitziren segurtasun faltaren arrazoi nagusiak.
Baina mapa batean kokatzeak ez du arazoa konpontzen. Gertakariak dira horren lekuko; markatutako toki horietako batean emakume bat bortxatu zuten urrian, Zorrotza auzoan, mapa osatu eta lau urtera. Salaketa egin zuen EH Bilduk orduan, eta eskaera zuzena egin zion Bilboko Udalari: hiri debekatuen mapan jasotako gune guztiak desagerrarazteko neurriak hartzea batetik, eta toki arazotsu gehiago identifikatzeko plana berrikustea, bestetik.
Koalizio abertzalea ez da aferarekiko kezka agertu duen bakarra. Egoerak bere horretan jarraitzen zuela ikusita, mozioa aurkeztu zuen Udalberrik urtarrilean, antzeko eskaerekin. 2011ko mapan markatutako “beldur puntu” guztiei irteera eman eta Hiri Antolamendurako Plan Orokor berrian (HAPO) genero ikuspegia txertatzea eskatu zuen alderdiak mozioan. Bada, bat egin dute alderdi guztiek eskaerekin, eta datozen hilabeteetan egingo dituzten esku hartzeak ere zehaztu dituzte. Egitasmoaren informazio zehatzagoa jasotzeko, Bilboko Udalarekin kontaktuan jarri da BIZKAIKO HITZA, baina udalak ez dio azalpen gehiago eman nahi izan. Hirigintza zinegotziak osoko bilkuran esandakoez gain, gehitzeko ezer ez duela argudiatu du.
2011tik hona gune horiek desagerrarazteko lan egin du udalak. Hala azaldu zuen Ricardo Barkala hirigintza zinegotziak gaia lantzeko urtarrilean egindako osoko bilkuran. “Puntu beltzetan 1.200 esku hartze baino gehiago egin ditugu, baina hiri bizia da Bilbo, eta berriak sortzen dira. Esku hartze horiek hiri debekatuaren mapan markatutako 200 puntutan egin dira”. Mapan agertutako guneen %85 daude konponduta, eta %15i helduko diete orain.
Hiriburuko hiru eremutan egingo dituzte lanak. Uribarrira heltzeko eskaileretan, argi gutxi ez ezik, ikusgarritasun gutxi dagoela azaltzen da planean, eta leku horretan igogailua jartzea aztertuko dute datozen hilabeteetan. Auzoan dauden lurpeko pasabideen egoerari ere erreparatuko diote. Argiztapen gutxi zuten Bilbobuseko zazpi autobus aterpe, gauean zehar gune arriskutsu zirenak. Eta, horiez gain, esku hartzeak egingo dituzte Lezama Zaharrean, Artxandan, Garaizarren, Indalecio Prieton, Artazugoikoan, Basurtubekoan eta Masustegin ere. “Gune arriskutsuak” izatea saihesteko argiztapen gehiago jarriko dute. Guztira, 38.586,90 euroko aurrekontua izango du udalak hori guztia egiteko.
Argi-ilunak mapetan
Toki ilunak argiztatzea izan ohi da arriskutsutzat hartutako eremuetan segurtasuna handitzeko hartzen den lehen neurrietako bat. Baina argiak ez du beti arazoa konpontzen, Oihane Ruiz arkitektoaren arabera. Hainbat herritan aritu da Hiria Kolektiboarekin hiri debekatuen mapak osatzen. “Argiztapenari dagokionez, Europatik datozen zuzentarauen maximoaren gainetik dago Bilbo. Baina horrek ez du seguruago egiten. Argiak baino gehiago, ikusgarritasunak ematen du segurtasuna, eta, horretarako, norbait egon behar da zu ikusteko”. Argia egonda ere, leihorik, tabernarik, dendarik eta jendearen joan-etorririk ez duen kaleak segurtasunik eza eragin dezake.
Kanadan generoari eta hirigintzari buruz egindako ikerketa bat ekarri du gogora. Kaletik ziur ibiltzeko hiru parametro nagusi daudela ondorioztatu zuten arkitekto talde batek egindako ikerketan. Bat: ikustea eta ikusgarria izatea. Bi: entzutea eta entzungai egotea. Eta hiru: espazioan arrotz ez sentitzea. “Horiek dira kaletik lasai ibiltzeko elementu nagusiak”.
Gero eta herri gehiagok dute hiri debekatuen mapa egina. Eta positibotzat du hori Ruiz arkitektoak. Baina erakundeek genero ikuspegia hirigintzara txertatzeko egiten dituzten saioen argi-ilunak azpimarratu ditu. Iradoki du horrelako saioak egitean estigmatizatu egiten dela emakumea. “Kategorizatu egiten da. Emakumeen arazotzat hartzen da puntu ilunena, baina emakumeak askotarikoak gara. Hirigintzaren arazoa ez da soilik gurea. Horregatik diot batzuetan horrelako planek, emakumeak ahaldundu ordez, gaur egun gailentzen den ideia bat indartzen dutela: kalea ez da andreena”. Eta horregatik dio, era horretako planak egitea begi onez ikusten duen arren, harago egin behar dela: hirigintza ulertzeko era irauli behar dela, alegia.
Lehenik eta behin, HAPOa osatu, eta, gero, planak berak sortutako toki ilunak kentzeko zuzenketak egin. Abiapuntu hori da irauli behar dena, Ruizen arabera. “Hirigintza ez da neutroa. Azken hamarkadetako ereduak alde batera utzi ditu lan merkatutik kanpo dauden lan erreproduktibo guztiak; bizitzak sostengatzen dituen sare sozial eta afektiboak, alegia. Oinarri hori du hirigintza eskemak, eta gerora politikoki zuzenak diren eranskinak gehitzen ditugu. Puntu ilunena, kasurako. Horrela ez da ezer aldatzen. Hirigintzaren eskema errotik aldatu behar da”.
Azaldu du lurzoru eta hirigintza legean bete beharreko txostenak egiten direla garraio eta ingurumen sailetan, eta herrietako hirigintza zehazteko plan orokorretan oinarri horiek aintzat hartzen direla gero. “Zergatik ez du Emakundek txosten lotesle bat osatzen plan orokorrentzat?”. Oinarriak aldatu gabe, nekez aldatuko dira emaitzak. Hiri zein herrietako auzo berriak dira adibiderik garbiena: errepideek toki asko dute, eta komertzio zein astirako gune gutxi.
Edonola ere, badirudi azken urteetako hirigintza eskariek eragina izan dutela erakundeengan. Eusko Jaurlaritzak iragarri berri du 1990etik hona Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokien lurralde antolamenduaren plana berrikusi egingo dutela. Elena Lete Eusko Jaurlaritzako Administrazio eta Lurralde Plangintzarako zuzendariak azaroan eman zuen asmoen berri. Plan berrian bost gai txertatuko dituzte gidalerro guztietan: genero ikuspegia, euskara, osasuna, klima aldaketa eta lurralde integrazioa. Urte bukaerarako emango du Jaurlaritzak berrikuspenaren berri. Ikusteko dago zeintzuk diren egingo dituzten aldaketak.
Ikuspegia oinarrian
Genero ikuspegitik berrikuspena behar du hirigintzak, Ruizen esanetan. Legeen arabera, interes orokorra da hirigintzaren funtzioa. Baina, arkitektoaren ustez, bestelako parametro bat izan du orain artean: autoa duen eta lanean ari den gizon zuri, burges eta heterosexuala. Norabide horretan aipatu ditu egiten diren mugikortasun planak ere. “Autoari begira antolatzen da mugikortasuna. Eta ez haurren ala adinduen autonomiari begira, ezta oinezkoei begira ere”. Gauza bera garraioarekin. Bilboko tranbiak, adibidez, lan orduetako joan-etorrietan maiztasun handiagoa du. Eta funtsezkoa da lanari ez ezik bestelako beharrei erreparatzea.
Horregatik, hiri zein herriak antolatzean ikuspegia aldatzea beharrezkotzat jotzen du Ruizek. “Ez emakumeen gaia hirian txertatzeko soilik, baizik eta hirigintza bera beste era batean ulertzeko”. Eta horretarako puntu ilunetatik harago egin behar dela uste du. “Kontua ez da soilik puntu bat. Ibilbide batzuk zergatik aukeratzen diren aztertu behar da. Eguneroko joan-etorriak eta eguneroko beharrizanei erantzuteko egiten diren ibilbide horietan zein traba dagoen aztertzea da gakoa”. Eta azterketa horretan herritar guztiak aintzat hartu behar dira. “Eredu patriarkala oinarrian duten rolen araberako gune batzuk identifikatuko dira horrela, baina baita haurrek autonomia gutxi duten eremuak ere, edo helduek okupatzen ez dituzten eremuak”.
Toki arazotsurik sortzen ez duen hiri eta herriak sortzea. Hori azken helmuga. Maparik sortu behar ez izateko, eta kalean askatasunez ibili ahal izateko.