Ander Makazaga Conde
Zein erraz alda diezaiokeen gaixotasun batek bizitza pertsona bati. Gaitza bata edo bestea izan, mundua eta gizartea begiratzeko betaurreko bereziak janztera behartuta egoten dira, eta, beharbada, lehen ez zuten kontzientzia bat pizten zaie. Bizitako esperientziak sakon eraginda, elkarte, erakunde edota ekinaldi askoren buru bilakatzen dira sarri pertsona horiek. Ager Cuadrado gernikarra da pauso hori ematera ausartu direnetako bat. 2017. urtean, giltzurrun transplantea egin zioten, eta, ordutik, lan eta lan aritu da, berak garai hartan bezala orain dialisia egin behar duten pazienteei laguntza eskaintzen.
Giltzurrunak bere funtzioa betetzeari uzten dionean, gorputzeko zikinkeria eta substantzia toxiko guztiak odolera doazenean egin behar da dialisia: giltzurrunek natural egin beharreko garbiketa modu artifizialean egiten du tratamendu horrek. Gorputza indarrik gabe, ahul, geratzen zaie pazienteei, eta, horren ondorioz, mugimenduak egiteko zailtasunak izaten dituzte.
Gaixotasunaren inguruan dagoen informazio faltari aurre egiteko, eta, bide batez, “kirola egiteak gizakiongan dituen onurak ezagutarazteko”, TX Plus Vida taldea sortu zuen Cuadradok, beste hamabost bat lagunekin: “Denok geneukan gauza bera komunean; hau da, organoren bat transplantatu behar izan digutela noizbait: giltzurrunak, birikiak, gibela, bihotza…”.
Gizartean kontzientzia piztu beharra zegoela sentitu zuten taldeko kideek, eta hemodialisian murgilduta dauden pazienteak dantzan jartzea pentsatu zuten. “Dantzaterapia Hemodialisian izeneko egitasmo bat presta genezakeela otu zitzaion bati. Koreografia bat sortu, eta Asturiasko Cabueñeseko Ospitalean egin genuen proba. Gaixoei zer egiteko asmoa geneukan azaldu, eta monitore batekin koreografia prestatu zuten. Egitasmoak izugarrizko arrakasta izan zuen, eta ospitaleak monitore hori kontratatu du astero-astero bertara joateko”.
Egindako proba horri jarraipena emateko asmoz, Galdakaoko eta Gurutzetako ospitaleekin harremanetan jarri zen Cuadrado, baina “protokolo eta burokrazia arazoak” zirela eta, Galdakaokoan baino ezin izan dute proiektua aurrera atera: “Galdakaoko Nefrologia Departamentuko arduradunarekin hitz egin nuen. Izan ere, nik han jaso nuen tratamendua. Oso azkar egin genuen akordioa: zer egin, noiz eta nola. Gurutzetan, aldiz, protokoloa eta burokrazia izan dira arazo nagusiak; horregatik, han ezin izan dugu oraingoz proiektua aurrera atera”.
Aurten, ekainean egin dute egitasmoa, Dantzaterapia Hemodialisian izenpean, baina TX Plus Vida taldekoak ez dira bakarrik egon. Gernika-Lumoko Mertzede ikastetxeko ikasleak izan dituzte lagun. Coadrado irakaslea da eskola horretan. Gogoratu du proposamena egin bezain pronto animatu zirela neska-mutilak: “Abesti bat aukeratu eta koreografia osatzeko mugimenduak sortu zituzten 2018-2019ko ikasturtearen bukaeran. Izugarrizko ekarpena egin zuten beraiek boluntario gisa. Izan ere, hau ez da eskolan derrigorrez egin behar izan duten ekintza bat. Libreki parte hartzeko aukera izan dute guztiek”.
Gaztetxoak ospitalera lotsatuta sartu baziren ere, pazienteekin lehen hartu-emana izatearekin batera animatu, eta elkarrekin dantzatu zuten. Taldeka, gela bakoitzean koreografia pausoz pauso entseatu eta bizpahiru aldiz errepikatu zuten osorik, medikuak eta erizainak ere aldamenean zituztela. “Hasieran, adinean nagusienak ziren gaixoek ez zuten parte hartu nahi izan, baina, azkenerako, gurekin dantzatu ziren haiek ere”.
Etorkizuneko erronkak
Proiektua gaixoek ahal dituzten mugimendu apurrak egitera bideratuta dago: hankak eta besoak altxatu, burua jaso… Dena den, pertsona guztiek kirola egitearen garrantzia ere azpimarratu nahi izan du Cuadradok: “Dialisia egin behar edo ez, beharrezkoa dugu kirola egitea. Eragin positiboa dauka gorputzean eta osasunean. Medikuek, baina, ez dute espresuki hau errezetatzen. Zaindu egin behar garela baino ez digute esaten”.
Hala, Osakidetzak kirolaren garrantziaz hausnar dezan ari dira TX Plus Vida taldeko kideak lanean, eta beraiekin elkarlanean kirolaren protokolo bat ezartzen saiatuko direla argitu du Cuadradok. “Gaixoek ez dute beldurrik izan behar kirola egiteko. Baina lehen pauso hori medikuek eman behar dute. Osakidetzatik eskatu didate programa adostu bat prestatzen laguntzeko, gaixoentzako mugimenduak lantzeko. Aholkulari moduan lagundu diezaieket. Baina, irakaslea naizenez, ezingo nintzateke lan horretan bete-betean sartu. Programarekin serio aurrera egin nahi badute, profesionalak kontratatu beharko dituzte”.
Aurrerapauso txiki horren meritua, besteak beste, Galdakaoko Ospitalean egindako Dantzaterapiaren grabaketak eta hedapenak dauka. Orain aste gutxi eman dute bideokliparen berri. “Sare sozialak gure mezua helarazteko tresna eraginkor moduan erabiliz, espero gabeko irisgarritasuna izan du gure lanak”.
Datozen hilabeteetarako erronka berriak agertu zaizkie Cuadradori eta haren ikasleei. Basurtuko Ospitaletik jaso dute dantzaldia berriz egiteko eskaintza, baita Espainiako beste zentro batetik ere. Ikasturtea hasi berri dute Mertzede ikastetxean, eta, beraz, egitasmoari jarraipena nola eman erabaki behar dute denen artean.
Bitartean, behar duenari laguntzeko prest dago Cuadrado. Ekainean, adibidez, ALCER-ek (Giltzurruneko Gaixotasunen Aurkako Elkartea) Bilbon eskainitako hitzaldian parte hartu zuen Cuadradok, eta mintzaldiaren ostean “gaixo edo senide gaixoren bat duten pertsona asko” hurbildu zitzaizkiola azaldu du, informazio eske eta erantzun bila.
Pozik dago, jende askorengana hurbiltzea lortu dutelako. “Orain, bideoklipa zabaldu dugunetik, mezu asko idatzi dizkigute; gurekin harremanetan jarri dira pertsona asko sare sozialetatik. Eta nik ere gonbita egin nahi diet guztiei, edozer dela ere, guregana jotzeko, beldurrik gabe galdetzeko jakin nahi duten guztia”.