Ibai Maruri Bilbao
Asteazkenean egin zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek legegintzaldi berriko lehen ohiko osoko bilkura. Besteak beste, klima aldaketari aurre egiteko foru plan bat eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari. Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren legearen osagarri izan beharko luke. Eta helburuen artean Bizkaiak 2050a baino lehen karbono neutraltasuna lortzea izan beharko luke helburu. Hau da, herrialde historikoak atmosferara isurtzen duen karbono dioxido kopurua eta herrialdeak xurgatzen duena —esaterako, landatutako arbolen bitartez— parekoa izatea. Mundu osoko 66 estatuk hartu dute konpromiso bera aste honetan bertan. Izan ere, hori betetzea ezinbestekoa da mende bukaerarako munduko batez besteko tenperatura gradu eta erdi baino gehiago ez igotzea lortu gura bada.
Klima aldaketari lotutako arauz besteko proposamen bi eztabaidatu ziren joan den eguazteneko osoko bilkuran: EAJk eta PSE-EEk elkarrekin aurkeztu zutena, eta EH Bilduk aurkeztutakoa. Elkarrekin Bizkaiak osoko zuzenketak aurkeztu zizkien biei. Batera eztabaidatu ziren, baina aparte bozkatu zituzten, eta foru gobernua babesten duten alderdiek aurkeztutakoa onartu zuten batzarkideen gehiengoak. Batzar Nagusien eskariz diputazioak taxutu beharko duen plan honek klima aldaketaren aurkako neurriak sustatu beharko ditu. Adibidez, karbono dioxido isuriak murrizteko neurriak adostu beharko ditu diputazioak herrialdeko sektore ekonomikoekin.
Era berean, klima aldaketak eragingo dituen ondorio eta kalteetara Bizkaia zelan egokituko den diseinatu beharko du planak. Izan ere, ozeanoetan eta kriosferan —izoztutako eremuan— duen inpaktuari buruz inoiz egindako txosten mardulena aurkeztu zuen eguaztenean IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak, Monacon. Lehendik ezagutzen ziren aurreikuspenak labur geratu direla ohartarazi dute zientzialariek: 2100. urterako itsas maila metro bat baino gehiago igo daiteke. Horrek kostaldean kalte handiak eragin ditzake. Bizkaian, batez ere, Bilboko itsasadarrean, Urdaibai aldean eta portu eta hondartzetan nabarituko da, itsas denborale gogorrak egongo direnean hainbat eremu urpean geratzeko arriskua handia izango delako.
EH Bilduko batzarkide Iratxe Arriolaren esanetan, gobernua osatzen duten taldeen proposamenak “neurri anbiziotsuak falta” ditu. Koalizioak egindako proposamenak 2050. urterako barik 2040rako lortu nahi zuen karbono neutraltasuna Bizkaian. “Plan eta politika zehatzekin lortzeko moduko helburua” dela uste du. Elkarrekin Bizkaiak are azkarrago lortu nahi du helburu hori. “Atmosfera berotzen duten gasen isurketa murrizteko neurriak hartu behar dira, karbonoaren zero balantzea 2040 aurretik lortzeko, eta posible bada, baita 2035 aurretik ere”, aldarrikatu du Hertor Hernandez batzarkideak. Horrez gainera, Bizkaiko Batzar Nagusiek osoko bilkura monografiko bat egitea nahi du, klima aldaketaz eztabaidatzeko, herrialdean izango dituen ondorioak aztertzeko eta horiek murrizteko neurriak adosteko.
PPko batzarkide Eduardo Andradek “data lasterketa” iritzi dio batzuek eta besteek egindako proposamenari. “Anbiziotsua izan behar da, eta helburuak lortzeko epeak zehaztu. Baina errealistak izan behar dugu”. Uste berekoa Amaia Rebollo batzarkide sozialista ere. “Nork azkarrago eta gehiago egin lehiatu ordez, zentzuzkoagoa da erakunde publikoek modu koordinatuan jokatzea. Aurki onartuko da Klima Aldaketaren Legea Eusko Legebiltzarrean, eta hura kontutan hartu behar dugu, gure politikak zehazterako orduan”. Irene Edesa jeltzaleak ere garrantzia kendu nahi izan dio datari. “Energia berriztagarrietan oinarrituko den ekonomia eredu berri baterako trantsizioa egitea izan beharko litzateke lehentasuna”.
Klima aldaketaren aurkako greba, gaur
New Yorken, NBE Nazio Batuen Erakundean, klima aldaketari aurre egiteko neurriak eztabaidatzen ari dira egunotan. Mundu osoko agintariek hainbat gazte ekintzaileren kritikak eta proposamenak entzun dituzte. Eta herrialde guztietan politikariei presio egiteko ekintzak egiten ere ari dira. Besteak beste, gaurko mundu mailako greba deitu dute, baita Bizkaian ere. Herrialdeko ekitaldi nagusiak Bilbon egingo dira, Klima Larrialdiaren Aldeko Bizkaiko Aliantzak deituta. 300 eragilek egin dute bat.
Aliantzaren arabera, greba honen helburua gobernuei klima larrialdiaren aurrean neurri eraginkor, erreal eta berehalakoak eskatzea da. Salatu dute erakunde batzuek egindako klima larrialdi deklarazioak «ardura gutxikoak» direla. «Gure ikuspuntutik, guztiz ulergaitza da giza eskubideen eta berdintasunaren alde egitea giza eskubide oinarrizko bati begiratu gabe, bizitzari berari, alegia».
Grebalariak 11:00etan geratu dira gaur, Bilboko udaletxeko eskaileretan. Elkarretaratzea aprobetxatuta, prentsaurrekoa egingo dute. Beste hainbat ostiraletan egin duten bezala, Fridays For Future ekinaldikoak Bilboko udaletxe parean elkartuko dira. 10:00etatik 16:00etara mahai bat ipiniko dute, handik igaroko direnei klima aldaketaren inguruko informazioa banatzeko. Barakaldon, ordu berean hasiko da elkarretaratzea, Herriko plazan. Karbono arrastoari buruzko tailerra ere egingo dute, eta postontzi batean iradokizunak jasoko dira. 19:00etan abiatuko da Bizkaiko manifestazio nagusia, Guggenheimeko zabalgunetik.
Joan den asteburuan hasi ziren klima aldaketa salatzeko ekintzak egiten Bilbon. Bihar amaituko dute aste osoko egitaraua, bizikleta martxa batekin. Foru jauregitik abiatuko dira, 11:00etan, Getxora bidean. Bi herriak lotuko dituen bidegorri seguru bat eskatzea da martxaren helburua.